Hezkuntza berriz ere helburu
Demokraziak markatzen dituen gehiengoaren eta gutxiengoaren joko arauak zehatzak eta argiak izanik ere, zenbait arlo joko horretatik kanpo egon behar lukete. Ezin da ukatu zilegi dela herritarren sostengua jasotzen duen alderdi politiko batek bere helburu politiko eta sozialak inplementatu nahi izatea, azken finean alderdi politiko ororen helburua baita boterea izatea, eta botere horren bidez gizartearen arazoak konpontzeko bakoitzak dituen proposamenen aplikazioa egikaritzea. Halere, onartu egin behar da baita ere, gehiengo absolutoa joko demokratikoaren usteltzea ere izan daitekeela. Esate baterako, gehiengo absolutuaren erabilpenarekin, alderdi politiko batek gizartearen diseinurako ezinbestekoak diren elementuen eraldaketari ekiten dioenean eta, gainera, eraldaketa hori oposizioko alderdi politikoen, inplikatutako kolektiboen, sindikatuen eta adituen kontrako iritzia duenean.
Horietako arlo bat izan beharko luke hezkuntza. PP alderdiak hezkuntzaren kontzeptzio klasista, elitista eta neoliberala du, hezkuntza entrenamendu teknikotzat jotzen baitu. Lehendabiziko urratsa unibertsitatean eman zuten LOUaren bidez, eta hurrengo hilabeteetan derrigorrezko hezkuntza hartu dute helburu bezala Kalitate Legea erabilita. Ezin ukatu gehiengo absolutoa dutenik, baina hezkuntza ez da legeagintaldi bakoitzean aldaketa sakonak izan ditzakeen gizarte arloa, hori dela eta, nire iritziz hezkuntza arloaren berdiseinua gehiengo eta gutxiengo jokoetatik at izan behar da, konsensu, negoziaketa eta akordioari lekua utziz.
Kalitatezko hezkutzan sinisten dut. Zeren sinonimo da ordea hori? Hezkuntza ez datza entrenamendu teknikoan edo ezagutza tekniko baten asimilazio kuantitatiboan, baizik eta pertsonaren formazio konstante batean, non pentsatze ahalmenerako, kritikarako eta ezagutzen asimilaziorako bideen azalpena ematen den irakasleen partetik eta ulertzea eta asuntzioa ikasleen partetik. Interakzio prozesu konstantea izan behar da non ebaluazio kuantitatiboak garrantzia galdu behar duen. Ez da ezagutza kognotiboen asimilazio hutsa soilik. Jarrerak eta prozedimenduak ere ikasi egiten dira eta ikasleen ebaluazioa ez litzateke beraz faktore kognotiboetan bakarrik oinarritu behar. Edukien asimilazioa garrantzitsuari uko egin gabe hezkuntza eredu zaharkituei agur esateko garaia da, pertsonak formatzea helburu izango duen hezkuntza baten aldeko apostua eginez.
Demokrazian gehiengo absolutoaren errekurtsoa darabilkigun bakoitzean despotismo ilustratu itxura hartzen du sistemak. PP «herria gabe herriaren alde» dioen esaera egi bihurtzen ari baita, bera bailitza egiaren eta soluzioen jakitun bakarra.
Gaia: Hezkuntza
Egilea: Martin Aranburu
Komunikabidea: Gara



