Alternatibak

Atzo Herbehereetan izandako hauteskundeen emaitza ofizialen konfirmazioaren zain, Mendebaldeko Europan ustezkoa den kontzientzia demokratikoaren inguruko gogoeta piztu dit Holandan gertaturikoak, sistema demokratikoaren eta alderdi sistemaren akats bat agerian uzten baitu ezerezetik agertuta bigarren indar elektoral bilakatu eta sei hilabete beranduago desagertzeko zorian dagoen alderdi politiko bat egotea posible izateak.

Herbehereak ez dira tradizio demokratiko gabeko kultura bat, izatez, bertan baitaukate giza zientzien aurrerapenetako askok beren jaiolekua, baina, halere, ezker eta eskuin ohiko eskema gainditurik, Pim Fortuym, eskuin muturreko kutsua duen sozial-liberalismo erradikala, alderdi sozialdemokratekiko, sozialistekiko eta liberalekiko ukapenaren konfirmazioa izan zen. Atzoko emaitzek alderdi politiko horren benetako botere alternatibaren falta konfirmatu du, holandarren gehiengoak berriz ere betiko alderdien arteko aukera nahiago izan duelarik. Bost hilabete barru alderdi horretaz inor gogoratuko ez bada ere, ezin da ahantzi alderdi sistemarekiko konfiantza falta baten ondorio izan dela bertan gertatutakoa, eta, beraz, ohiko demokrazietan nagusi den alderdi politikoen sistemak gabezia nabarmenak dituela gaur egun ere.

Gabezia horietako bat da herriari aukerak murriztearen tendentzia, hots, proiektu desberdinen arteko hautaketa egiteko hiritarren aukera gutxitzea. Alderdi politikoek proiektu desberdinak ordezkatzen badituzte proiektu bakoitzak izan behar du gizarteari aurkezteko aukera, proiektu sozial eta politiko determinatu horren benetako ordezkaritza ahalmena ezaguna izan dadin, eta, ondorioz, gizarte baten benetako ezagutza soziologikoa posiblea izan dadin. Ez da onuragarria gizarte batentzat, bere tamaina edozein izanda ere, alternatiba politikoak geroz eta murritzagoak izatea, bestela esanda, proiektu alternatibak geroz eta gutxiago izatea. Eskuinak eta ezkerrak gizarte bat antolatzeko marko desberdinak ordezkatzen badituzte ere, eskuinak bere baitan eta ezkerrak bere baitan alternatiba aberastasun handia dute, bakoitzak ezker eta eskuin eskeman, eta Euskal Herriaren kasuan, independentismo-autonomismo eskeman, proiektu desberdinak ordezkatzen dituela.

Desberdinak diren proiektuek bat egiten badute, eta bat eginda aurkezten baldin badira hautesleen aurrean, ukaezina da hautesleriari hautaketa egiteko aukerak murriztu zaizkiola, azken finean, proiektu bakar bat bilakatu baitira. Are eta larriagoa da, nire ustez, hauteskundeak baino lehenago bat egiteko erabakia hartzea, sistema demokratiko baten mapa politikoa murritza baldin bada, eta gainera mapa politikotik alderdiak dekretuz edo erabaki judizialez ezabatzen badira.

Gaia: Internazionala

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

Gandhiren Heriotzaren 56. Urteurrena

Aurten ere, aurreko urtean bezala, Gandhi bakezale izateaz gain bere
herriaren alde tinko borrokatu zuela gogoratu beharrean gaude. Bere
Heriotzaren 56.urteurrenean oraindik gogorarazi behar dugu
desobedientzia zibila eta indarkeria eza aktiboa erabili zituela bere
herria askatzeko britainiar inperioaren hatzaparretatik, guretzat
aukeraz beteriko bide bat ireki zuelarik. Jakina da boteredunek edo
boteredunen aldekoek, tankera honetako mugimenduen mezuak bereganatzen
dituztela, eduki eraldatzaile oroz hustu ondoren. Pentsatu momentu batez
zein izango litzatekeen pertsonai honen jokaera gaurko Euskal Herrian
biziko balitz……
-Biolentziaren erabilpenaren kontra zegoela argi erakutsi zuen baina espainol konstituzionalista izango al litzateke ?
-Non kokatuko lukete gure Gandhi, Hegoafrikan egin zuen moduan, publikoki espainiar nortasun agiriak erreko balitu ?

Gaia: Politika orokorra

Batasuna legez kanporatzea ez da bidea

Batasuna legez kanpo uztea helburutzat duen prozesua aurrera doala ikus dezakegu egunotan komunikabideetan. Batasunaren ilegalizazioa Euskal Herriak Frantzia eta Espainiarekin duen gatazkaren konponketan beste traba bat besterik ez da. Pentsaera guztietako organizazioen arteko elkarrizketa da behar dena, inor alde batera utzi gabe. Euskal Herriko biztanleriaren zati esanguratsu bat ezin daiteke legez kanpo utzi. Jendetza hori erakunde publikoetan ordezkaririk gabe, hau da, hitzik eta botorik gabe uzteak daukagun arazoaren konponketatik urruntzen gaitu. Indarkeria da alde batera utzi beharreko elementu bakarra Euskal Herrian, indarkeriak indarkeria besterik ez baitu eragiten. Herrian garrantzia duen alderdi politiko bat ezin daiteke legez kanpo uztearekin eztabaidatik alde batera utzi. Abertzaleok hitza besterik ez dugu behar gatazka honetan gure Herriaren askatasuna lortzeko.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Ibon Usandizaga

Komunikabidea: Euskaldunon Egunkaria

Gazte Abertzaleak gabonzaharrean ordutegia dala eta ostalariei jarritako isunak kritikatzen dauz

Nafarroako EA-ko gazteek, hain egun berezian, 26 taberneei isuna jartzearen erabakia neurriz gainekotzat eta ulertezinetzat hartu dabe.

Nafarroako EA-ko gazteek, gaur Iruñean izandako batzarrean, gabonzaharreko Udaltzaingoen jardueraren kontra euren kritika ozena adieraztea erabaki ebien, ohizko ordutegia gainditutako 26 ostalari isuntzeagaitik.

Gazte Abertzaleak-en aburuz, “erabaki hau gehiegizkoa eta ulertezina da, gauaren ezaugarriak eta bai eragindako auzotarren partetik baita jaiaz gozatzera urtendakoen partetik izandako herri-onarpena kontutan hartuta. Holako egun berezietan isunak jartzea agintzen dabenen zorrostasuna eta gizartearekiko urruntasuna egiaztatzea kezkagarria da. Halaber, San Ferminetan ordutegi politika berbera jarraituko dan (kezkaz) galdetzea egokituko litzateke.”

EA-ko gazteek arauen ezarpena egoera bakoitzeko ezaugarri berezietara moldatu beharra adierazi dabe, logika eta zentzuz kanpoko neurrigabekerietan jausi gabe. Era honetako gertaerak, ordena eta arauak, inposizio eta zigorragaz nahasten dabenen intolerantzia eta gobernatzeko ezgaitasuna besterik ez dabe erakusten. Egungo udaletxearen intolerantzia eta moralizatze irrikiaren adibide asko dagoz, Iruñeako biztanleen idiosinkrasia baldintzatu nahi daben portaerak.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Gazte Abertzaleak ez da Aralarrek Bilbon deitu duen manifestazioan izango

EA-ko gazteek uste dute ez dela serioa Euskal Herriarentzat hain gai garrantzitsuak diren hauek horrelako modu zalantzati eta hotzean defendatzea.

GA-ko Nazio Batzordeak gaur Gasteizen bildurik biharko Aralarrek Bilbon deitu duen manifestazioan parte ez hartzea erabaki du bapatekotasun eta alderdikeriazko helburuetan oinarrituriko akatsak ikusten baitituzte deialdian.

EA-ko gazteen ustez antolatzaileen ekimen hori hasieratik Eusko Jaurlaritzak deitutakoari konpetentzia egiteko asmoarekin sortu zen. Modu guztietan, hiritarrei ulertezina gertatu zitzaien manifestazio bat bestearen aurkakotzat jotzea biak erabat bateragarriak baitziren hiritar gehienentzat.

Era berean GA-k akats larriak ikusten ditu deialdia egiteko eran. Nahiz eta manifestazioa Eusko Jaurlaritzak deitutakoaren egun berean ez burutzea egokitzan jotzen duten, “ez da serioa eguna aldatu ondoren aste berean lekua ere aldatzea”.

Modu horretan, GA-k bere egunean EA partaide izan zuen beste manifestazio bateko lemarekin (pertsona guztiak, proiektu guztiak, ideia guztiak) Aralarrek burutzen
duen bereganatze ahaleginaren aurrean bere kezka azaldu nahi du. “Aralarrek bere esparru politikoa bilatzeko zailtasuna duela egia den arren, ekintza
serioak, imajinatiboak eta landuak bilatu behar dituela ere egia da herritarren aurrean sinesgarritasuna eduki dezaten”.

Honela, eta uneoro Aralar alderdiak manifestazioa deitzeko erabakia errespetatuz, Gazte Abertzaleak-ek, “nahiz eta lema eta zentzuarekin bat egiten duela argi dagoen arren, protagonismo hutsal baten interesa ikusten du deitzaileen aldetik, baita arduragabekeriagatik gertu dauden zenbait akts ere,
Aralar ez baita horrelako manifestazioek behar duten babes sozial zabala bilatzen saiatu, gehiegizko jarrera partidistak mantenduz”.

Azkenez, Gazte Abertzaleak-ek ari utzi nahi du edozein erakunde nahi dituen manifestazioak deitzeko libre dela, baina, bere iritziz, honelako deialdiek modu
egoki eta adostu batez deiturik Herri honen gehiengo zabal batzuk babestuko lituzketen errebindikazioak gutxiestea baino ez dute lortzen.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Hegoamerika

Ezkerraren eta eskuinaren arteko debatea antzua omen da gaur egun, liberalismoaren bozgorailu funtzioa betetzen duten hainbat intelektualentzat. Ezkerra ez omen da gai liberalismoaren alternatiba izateko, eta, ondorioz, liberalismoaren proiektu ekonomiko, politiko eta soziala gailendu da definitiboki munduan zehar.

Munduan dauden errealitate desberdinetan klase zapalduek dituzten beharren lorpenerako eskaini ditzakeen baliabideen eraginean datza, nire aburuz, ezkerrak al-ternatiba izateko duen ahalmenaren funtsa, ezinbesteko duelarik gizarte bakoitzaren errealitatera egokitzea eta eztabaida dialektiko sakonetan galdu gabe botere politikoko tresna bilakatzea. Botere politikoa izatearen komenigarritasunaz ezkerraren baitan adostasunik ez badago ere, eta, era berean, botere politiko hori lortzeko modu eraginkorrenaren debate sakon eta historikoa amaigabea bada ere, Hegoamerikan gertaturiko bi adibide erakusgarri izan behar dira, zeren eta, Brasilen eta Venezuelan gertaturikoa gauza argi baten froga baino ez da: Hegoamerikako gehiengo zabal batek pairatzen duen miseria larria ezkerreko alternatiba eraikitzeko abiapuntua izango da, baldin eta estatu bakoitzaren ezkerreko mugimenduak gai badira populazioaren funtsezko beharrak aseko dituen alternatiba erreal bat eraikitzeko.

Milioika brasildarrek, Lulari sostengua emanda, politikak eskaintzen dituen tresnak ezkerreko mugimendu baten eskuetan jarri dituzte. Politikan duten fedea ez da handia izanen, baina, halere, konfiantza eman diote politika gizartearen zerbitzura jarriko duen proiektu sinesgarri bati: helburu politiko nagusitzat lau urte barru brasildar bakoitzak gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izan dezan bermatzea da PTren nahia. Eta sinesgarritasuna urteen poderioz Brasilgo sare sozialean txertatuta egonik irabazi badu ere, botere politikoaren erabilera zuzenak sinesgarritasun hori areagotuko eta ezkerrak Brasilen eskain dezakeen alternatiba indartuko du, besteak beste, kaltetuenen aldeko epe laburreko erabakiak hartuz. Adierazgarria «menino da rua» batek zioena: «Lula dagoenetik behintzat, Poliziak ez nau jipoitzen».

Venezuela da beste adibide bat. Sakonagoa litzateke chavismoa azaltzea, baina azken asteetan ikusgai izan ditugun kale istiluetan, hedabideek ezin izan dute errealitate bat ezkutatu: Chavezen aldekoek «barrio popular»-etan zuten bizilekua. Ospatzeke dagoen erreferendumak konfirmatuko du Venezuelan okerren bizi direnen hautua.

“Manifestu komunista” kaleratu eta gero, Marxek zioen mamu bat zabaltzen ari zela Europan. Mamua bizirik dago eta hedakuntza fasean gainera. Oraingoz, Hegoamerikan. -

Gaia: Globalizazioa

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

Auzolandegiak: Alkartasuna Seaskarekin.

Gure erakundean oso barneraturik dugu herri honen zentzua lurralde osotasunean aurkitzen dela eta Euskal Herria hitzez soilik ez denez eraikitzen, Iparraldeko ikastolak laguntzeko auzolandegi bat prestatu egin genunen Abenduak 26-28 bitartean.

Honetarako Seaskakin (Iparralde eta Nafarroako ikastolen koordinadora) harremanetan jarri ginen, Seaskako lehendakariak ilusio handiz hartu egin zuen gure proposamena eta Iparraldeko ikastoletako zuzendariekin bildu ostean, Kanboko Xalbador ikastolan gure lana burutuko genuela jakinarazi zigun.

Hiru egun hauetan ikastolako hainbat orma margotu egin ditugu eta era berean eskailera bat eraiki dugu, lan gogorra egin arren lorturiko satisfakzioa handiagoa da badakigulako gure indar pittin batekin izugarrizko laguntza eman diogula Kanboko ikastolari.

Hemendik jakinarazi egin nahi dizuegu ere ekintza hau ez dela gure azkena izango ikastolen eta euskararen alde, halaber auzolandegiak urtero errepikatzeko asmoa dugu bai Iparraldean bai Nafarroan. GA aberrigintzan jarraituko baitu hitzez eta ekintzez.

Gaia: Jardunaldiak

WordPress Themes