Martin Aranburu (GA) eta Gemma Zabaleta (PSE), Hikak antolatutako Lasarteko jardunaldian

“Euskal Gobernuak “Ibarretxe Plana” delakoaren bidez abiatu duen prozesuaz, EAEko mugak gaindi daitezke” Martin Aranbururen ustez.

Hikak Lasarten antolatutako hitzaldian, Martin Aranburuk aipatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren Ibarretxe Planaren helburua, indar politiko eta eragileen artean itundu behar den marko politikoa dela. Gizarteak, demokratikoki nahi duen estatus politikoaren jabe izango baita. Bide horretan, alderdi guztiek egin beharko dituzte proposamenak, adostasun zabalena lortzeko asmoz, eta bertatik aterako den ituna gizarteak ones dezan. Baina itun zabal bat lortuko bada, neurri batean denek eman beharko dute amore, inork ez baitauka arrazoi osoa. Horretarako Eusko Alkartasunak gizarteari ere aurkeztuko dion marko juridiko-politiko berri baten diseinuan lanean diharduela aipatu zuen.

Euskal Herriko eremu administratibo ezberdinak eta haien eraginaz hausnartu ondoren, gaineratu ere zuen EAEtik planteatu daitekela Iparralde eta Nafarroa kontuan hartuko lukeen egitura administratibo berria.

Euskal gizartean dauden arazo sozialetaz ere aritu zen, eta haiei aurre egiteko behar diren tresnaz aparte, abertzaletasunaren baitan dauden planteamendu sozial ezberdinen beharra azpimarratu zuen.

Martin Aranburu eta Gemma Zabaleta Lasarten

Gaia: Euskal Herria

Gazte Abertzaleak Gerraren kontrako Gasteizko manifestazioan

Duela pare bat astez antolatzen hari ginen manifan parte hartzeko irrikitan ginen, gasteizko gazte abertzaleak. Arratsaldeko 6etan emango zitzaion hasiera manifari, beraz gu 5:30etan genuen hitzordua gerraren aurkako plataformako kideekin. Bertara heldu orduko konturatu ginen inoiz baino jende gehiago zegoela, eta oraindik ordu erdia geratzen zen! EZ GURE IZENEAN; GERRARIK EZ lelopean zeuden pegatak banatzen hasi ginen eta manifa bere abiapuntutik atera baino lehen jada bukatu ziren pegatak. Esan behar da gerraren aurkako platamorman 5000 pegata egin genituela! 18:10ean ibiltzeari ekin zion manifaren burua, gendez gainezka zegoen frantzia kalea.Gasteizen ospatu den azken urtetako manifarik jendetsuenetariko bat zela argi zegoen.

Manifestazioaren burua

Lema ugari ohikatu ziren besteak beste “si quieres petroleo, recoge txapapote!”, “Bush capullo, Aznar es hijo tuyo!”, “Gerrarik ez!”. Manifa Paz kalera heldu zenean, bertan ikusi ahal izan genuen bildu ginen gendetzaren kopurua! Ezinezkoa zen non bukatzen zen ikustea! Azkenik manifa Andra Mari Zuriaren Enparantzan sartu zen, bertan komunikatu bat irakurtzeko asmoz. Hogei minutu itxaron behar izan zuen manifako buruak, komunikatua irakurri ahal izateko, enparantza gainezka zegoen eta horaindik manifaren atzekaldea ez zen heldu! Halaere, gerraren aurkako komunikatua irakurtzeari ekin zioten. Bertan Bush eta Aznarren jokaera guztiz gaitzetsi zen eta milaka gasteiztarren ohiuak argi entzun ziren: Gerrarik ez!

Manifestazioa

Ekitaldia Anje Duhalderen “bakezaleak” abesti famatuarekin amaitutzat eman zen, naiz eta oraindik jende ugari jarraitzen zuen plazara sartzen, badirudi 15.000 pertsona baino gehiago bildu ginela Gasteizko kaleetan zehar, benetan esanguratsua den kopurua.

Gaia: Internazionala

Gazte Abertzaleak-ek miaketak euskera eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso zuzena dela salatzen dute

Eusko Alkartasunako gaztediaren aburuz, gaurko egoera judiziala jasanezina da; ‘berriro ere, faszistak mozorrorik gabe dabiltza euskal nortasuna erasotzen’

Gazte Abertzaleak atzo gauean eta gaur goizean izandako miaketak ‘egunkarian’, Ikastolen Elkartea, ‘Argia’ eta Jakineko egoitzatan eraso jasanezinatzat jo dute gaur eguerdian egindako ezohizko bileran. Idazkari Nagusia den Andoni Iturzaetak esana, ‘euskaldun garenon kontrako eraso zuzena dugu hau. Espaniar faszistek ezin dute jasan herri honen nortasun, kultura eta izaera propioa; berdin zaie zein bitarteko erabili’.

Eusko Alkartasuneko gazteriak azpimarratu nahi du azkeneko orduetan agerian gelditu dela, berriz ere, zein den justizia españolaren jokabidea, “inongo oinarri legalik gabe eta beti, españolista totalitarioen mesedeetara”. Hainbat alditan ‘demokrazia’ hitza erabiltzen duten horiek erakuzten ari dira berdin zaiela oinarrizko eskubideak zapaltzea. ‘Kulturari, euskerari, abertzaleoi, berdintasunari, justiziari, demokraziari eta adierazpen askatasunari eraso zuzena da gaurkoa. Berriro ere, faszistak mozorrorik gabe dabiltza Euskalherrian’ dio Iturzaetak.

Hau guztia dela, eta hurrengo orduetan gertatuko denaren zai, Gazte Abertzaleak uste dugu Euskalherriaren askatasunerako bide inteligenteak eta eraginkorrak martxan jarri behar ditugula gure herria ito nahi dutenei erantzun demokratikoa emateko. “Ez dugu bere jokoan erori behar, faszistei demokraziarekin eta eskubideen indarraz irabazten baitzaie beti. Desobedientzia zibilaren bidea jorratu behar dugu Euskal nortasuna defendatzeko eta askatasuna lortzeko; bide totalitarioen tentazioak alde batera utzita beti. Horra hor gure konpromezua” dio Andoni Iturzaetak.

Azkenik, Gazte Abertzaleak, egoera zail honetan, bere konpromezua eta elkartasuna adierazi nahi die erakunde eta egunkari hauen langilegoari eta euskal irakurle garen guztioi.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Ez dira hain zaharkituak!

Tesia, antitesia eta sintesia. Askorentzat materialismo historikoarekin eta dialektika hegelianoarekin zerikusia duten kontzeptuak dira, ondorioz, zaharkitutako terminoak. Ez da nire intentzioa filosofiaz aritzea, baina Iraken aurkako guda dela-eta, ezkerraren oinarrian dauden hiru kontzeptu sinple horiek datozkit burura. Izan ere, hain zaharkituak ez dira, izatez Bush eta bere lagunek, beraiek sorturiko tesiaren antitesia muturrean topatu baitzuten munduan zehar larunbatean.

Estatu Batuetako Gobernuak defendatzen duen doktrina ekonomikoarentzat handiak izan dira orain arte globalizazioak suposatu dituen onurak: mundu mailako zabalkunde ekonomiko bortitza, merkatu globalaren egunez eguneko konfirmazioa, estatubatuarren balio sozialen pixkanakako nagusitzea hedabideen erabileraren bidez eta eredu ekonomiko eta sozial baten alternatibaren ahultzea besteak beste. Mundu mailako merkatu, politika eta kontzientzia. Asteburuan ordea, Etxe Zuriko agintariek globalizazioak dituen ondorio negatiboak ezagutu zituzten: mundu mailako kontzientziak, mundu mailako iritzi publikoa sortzen baitu. New York, Londres, Tokio, Damasko eta Sidney izan ziren, besteak beste, Irakeko gudaren aurkako manifestazio erraldoiak bizi izan zituzten hiriburuetako batzuk, iritzi publiko «globalak» guda egiteko arrazoi nahikorik ez dagoela eta ipar-amerikarren argudioak argi errefusatu zituelarik. Bushek globalizazioaren akats nabarmen bat topatu zuen asteburuan: mundu mailako oposizioa.

Ez dut uste asteburuan gertatutakoaren ondorioz Bushek Iraken aurkako erasoak geratzeko borondate apurrik duenik, Estatu Batuetako presidenteak ezin baitu Estatu Batuen nagusitasun energetikoa arriskuan jarri mundu mailako iritzi publikoak kontrakoa esaten badio ereŠ Halere, agerian geratu da nire ustez, hedabideek egunero sinetsarazi nahi dizkiguten gezurren bonbardaketa egonik ere, Estatu Batuetan ez bezala, mundu mailako milaka eta milaka pertsona gai direla oraindik ere norberaren kontzientzian sinesteko eta norberaren giza balioei eusteko. Pozgarria da globalizazioaren porrotaren konfirmazio xume hau, liberalismoak ez baitu lortu oraindik egia zaletasuna itotzea eta mundu mailako iritzi alienazioa lortzea.

Are eta gehiago. Ziur naiz globalizazio liberalak, mundu mailako manifestazioen eta Porto Alegreko Foroaren bidez antitesiaren gakoa agerian utzi digula: mundu mailako iritzi publikoa. XIX. mendeko liberalismoak klase kontzientzia sortu zuen bezalaxe, XXI. mendeko liberalismoak beste klase kontzienzia bat sortu du: globala, baina hura zen modukoa, bere eskubideak egunez egun urratuak dakuskiena. Tesiak badu bere antitesia. Gure eskuetan dago sintesia erabakitzea. Ea oraingoan ondo egiten dugun.

Gaia: Internazionala

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

ANDONI ITURZAETA: ‘IBARRETXEREN PLANAK EZ DU EUSKAL GATAZKA KONPONDUKO’

Tolosarra da, 24 urte ditu eta Martin Aranbururen lekua hartu zuen iaz EAko Gazte Abertzaleen idazkaritza nagusian. Politika eta Administrazio Zientziak ikasitakoa da eta Historia lantzen dihardu orain. 17 urterekin eman zuen jauzia EAra eta geroztik Euskara arduraduna izan da Gazte Abertzaleetan eta baita Antolakuntza eta Finantza idazkaria ere.

Azkenean lortu da EAJ eta EAren arteko koalizioa datozen udal eta foru hauteskundeetarako. Hala ere, zuen alderdiko batzar nazionalean %20 kontra azaldu da…

Gazte Abertzaleak (GA) taldetik beti egin dugu gure proiektuaren aldeko apustua. Herri honetan erreferente edo alternatiba abertzale eta ezkertzale ezberdin bat egotea beharrezkoa dela uste dugu, lurraldetasunari edo autodeterminazio eskubideari buruzko ikuspegi propioak izango dituena. Dena den, gaur egungo egoeran, bigarren trantsizio baten atarian egon gaitezkeenez, koalizioa tresna baliagarria iruditzen zaigu. Denbora luzez ari gara Estatutoarekin naziogintzan aurrerapausorik eman gabe eta orain aukera berri bat ari da zabaltzen. Gainera, gaur egungo EAJ eta duela hamabost urtekoa ezberdinak dira eta ez du zerikusirik gaur egun Ibarretxek esaten duenak Ardanzak esaten zuenarekin. Beraz, gure burua abertzaletzat daukagunok ahalegin garrantzitsu bat egin behar dugu eta niri, pertsonalki, gustatuko litzaidake koalizio honetan beste sektore eta pertsona batzuk ere egotea.

Zuek EAren proiektuak autonomoa behar duela azpimarratu duzue.

Bai, baina egoerak koaliziora eramaten gaitu gizarteak ere hala eskatzen duelako, eta guk ez dugu asmo hori hutsean utzi nahi horren aldeko apustu garbia egin ez dugulako. Gurean eztabaida zabalagoa egon izana normala da. Azken finean EAJ alderdi hegemonikoa da. Haatik, jeltzaleen artean ere eztabaidak izan dira hauteskundeei begira eta hor dugu, adibidez, Josu Bergara eta Jose Luis Bilbaoren arteko auzia. Ika-mika guzti horren atzean EArekiko hartu beharreko jarreraren inguruko elementuak ere izan dira. EAko jende gehienak uste dugu gure proiektua beharrezkoa dela herri honentzat eta, horren frogatzat, hor dugu azken 15 urteotako ibilbidea. Autodeterminazioaren alde egiteagatik kanporatu gintuzten Eusko Jaurlaritzatik Ardanzaren lehendakaritzapean eta orain EAJk ere apustu bera egiten du. Gure ekarpena garrantzitsua izan da horretarako. Alderdi txikia gara eta sekula ez zaigu gure lana eskertuko baina kontzientzia lasai daukagu jakin badakigulako herri honetako alderdi hegemonikoarengan eragina izan dugula, akuilu lana eginez. Hala ere, orain normala da koalizioaren aurreko nolabaiteko beldurra egotea, gizarte mediatiko batean bizi garenez gure alderdiaren proiektua garbi azaltzea zailagoa izaten baita honelakoetan. Gainera oso politak ez diren urratsak egin ditu EAJk prozesu honetan, Donostiako alkatetzarako hautagaia gurekin hitz egin aurretik aurkeztea kasu.

GAren ikuspuntutik, hurbilago sentitzen zarete Aralarretik EAJtik baino?

Guretzat erosoena abertzale guztien arteko koalizio bat osatzea izango litzateke, Batasuna kanpoan utzita ez dituelako gutxieneko baldintza batzuk betetzen. Lizarra-Garazin argi utzi genuen baldintza batzuk betez gero prest geundela bidea elkarrekin egiteko, baina egun egoera oso bestelakoa da. Aralarren kasuan, indar ezkertzale eta soberanisten arteko harremana bultzatzea beharrezkoa da, EAJ hain hegemonikoa ez izateko eta ñabardura sozialak ere lehenesteko. Baina errealitatea beste bide batetik doa eta EAJk aurrebaldintza bezala jarri zigun eurekin koalizioa egiteko lehenik Aralarrekin kontaktu guztiak hautsi behar zirela. Alabaina, ez nuke baztertuko epe ertainera abertzale eta ezkertiarrek osatzen duten espektro hori batu ahal izatea, esparru hori besteak baino zatikatuago baitago gaur arte. Mesfidantza handia dago. Aralar bera datorren lekutik dator eta asko demostratu behar du. Ausardia erakutsi du Batasunatik aldendu delako baina gauza asko dauzka definitzeke. Dena den tristea da hauteskundeei begirako harremanekin EAk eta Aralarrek eman duten itxura, elkarri mokoka ibiliz.

Alternatiba ezkertzaletzat jo duzu EArena, baina Jaurlaritzarena politika neoliberala dela esan berri du ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak. Zer irizten diozu?

Kritikak ondo hartu behar dira beti baina kontuan hartu behar da gurea alderdi txikia dela eta koalizio bateko kide garela. Negoziazioetan amore ematen jakin behar da eta zenbait planteamendu bazter utzi behar izaten dira. Gobernu batean sartzen zarenean arduratsu jokatzen jakin behar da. GAk badu bere ponentzia soziala eta bertan islatzen dira gure egitasmoak baina horiek ehuneko ehunean betetzen ez direlako ez dugu Jaurlaritza utziko.

EAko botoemaileek ulertzen al dute zuk aipatzen duzun ezkerreko izate hori?

Beharbada botoemaileek hobeto ulertzen dute eta barneratuago dute izaera hori alderdi barruan EAJtik etorri ziren askok baino. Guri boza ematen digunak badaki alderdi gaztea eta sentsibilitate ezkertiarragokoa garela. Azken finean, EAJ zatitu zenean, batzuk Garaikoetxearen lidergoagatik joan ziren, beste batzuk haserre baten ondorioz… baina izan ziren esparru sozialdemokrata batera igaro nahi zutenak ere. Hori beti gertatzen da horrelakoetan. Hala ere, gure alderdiaren estatutoetan argi dago alderdi sozialdemokrata eta independentista garela eta 1986tik aurrera sartu garenok eta EAJn sekula egon ez ginenok ardatz horiek oso argi ditugu. GAren errealitatea horren isla da.

Bigarren trantsizioa deitu duzuna Ibarretxe Planaren bitartez gauzatu nahi da. Balioko al du beste agertoki batera igarotzeko?

GAkook aurrerapauso handia dela uste dugu. Aberrigintzari dagokionez, azken 15-20 urteotan izan den geldialdi politikoa gainditzeko balio dezake. Baina hor kontuz ibili behar dugu, Ibarretxek esandako zenbait gauza gero beste jeltzale batzuk leundu baitituzte. Egitasmo hori aurrera egiteko interesgarria bada ere, ez du balio indarkeriarekin amaitzeko eta ezta gatazka politikoa gainditzeko ere, eta beraz ez du elkarbizitza bideratuko. Indarkeriarekin amaitu nahi bada berori baliatzen dutenen argudio guztiekin amaitu behar da. Adibidez, Nafarroaren eta Iparraldearen kasuan Ibarretxeren planak ez du soluziobiderik jartzen. Herri honetan gatazka identitario bat daukagu. Hori ez da Errioxa edo Landetan gertatzen baina bai, aldiz, Zuberoan, Lapurdin, Gipuzkoan, Bizkaian, Araban edo Nafarroan, nahiz eta intentsitate ezberdinarekin izan. Egoera hau gainditzekoa prozedura demokratikoa soilik izan behar den argitu behar da, demokratiko legez gehiengo eta gutxiengoen jokoa edo borroka hartzen badugu. Testuinguru zehatz horretan badu zentzua Ibarretxeren egitasmoak. Baina guk bestelako irakurketa egiten dugu, identitate gatazka bat dagoenean elkarbizitza bideratu nahi bada, gatazkari bere osotasunean heldu beharko zaiolako. EAEn autodeterminazio eskubidea izatea ondo dago, eta beharrezkoa da, baina plan honek ez du gatazkaren osotasuna hartzen, agian Espainiak kritikatu ezingo duen bide demokratiko metodologiko horretatik jo nahi delako. Baina hori ez da errealista, Nafarroan eta Iparraldean gatazkak bere horretan jarraituko duelako. Beraz, hausnarketa sakonagoa egin behar da. Autodeterminazio eskubidea prepolitikoa da eta guk aukera izan behar dugu hortik abiatuta euskal lurralde guztietako egoera aldatzeko. Lehendakari batek, abertzalea izanda, ezin du esan ez duela ezer egingo Nafarroan eta Iparraldean horretarako legitimitaterik ez duelako. Guk ezin dugu hori onartu.

Posible ikusten duzu horrelako prozesu bat ezker abertzalearekin batera gauzatzea?

Egia esan ez dut horretarako borondaterik somatzen, ez ezker abertzalean ezta beste esparru batzutan ere. Konfrontazio egoera nazkagarri eta nekagarri batean bizi gara eta zaila da hori gainditzea. Ez dut uste 1998ko giro hura berpizteko gauza handirik egiten ari denik, ez euren aldetik eta seguruenik ezta besteon aldetik ere. Azken finean, gobernu batean parte hartzen duzunean ardura ere zure gain hartzen duzu eta, adibidez, manifestazio bat debekatzen denean, nahiz eta barne sailburua EAJkoa izan, gu ere hor gaude. Horrelakoek ez dute elkar ulermena errazten baina argi dago ezker abertzaleak ere urratsak egingo balitu gatazka egoera gainditzeko aukera gehiago egongo litzatekeela.

Batasunaren ilegalizazio prozesua dela eta, agian bozetara aurkezterik izango ez dutenez, beharrezko ikusten al duzu haiei zuzendutako nolabaiteko keinuren bat egitea?

Batek keinua egiten duenean askotan besteak ez du behar bezala ulertzen. Elkarren arteko ulermena ahalbidetzeko borondatea behar da. Ilegalizazioarekin etor daitekeen panorama oso latza izango da. Salagarria dena ekintza da eta inola ere ez ideiak. Jaurlaritzaren eskutik Batasunaren inguruari keinu bat egitea ona litzateke baina beste aldetik ere erantzuna jaso beharko luke, bestela ezinezkoa baita horrelako zerbait gure jendeari azaltzea. Ezker abertzaleak guk baino hausnarketa sakonagoa egin behar du. Ez guk esaten dugulako, abertzaletasunaren errealitateak horretara bultzatzen duelako baizik. Hiritargoak hori eskatzen dio eta autokritika egiteko gaitasun pixka bat azaldu beharko lukete. Zergatik joan zaie Aralar, zergatik hautsi da Abertzaleen Batasunarekiko elkarlana, zergatik urrundu zaizkie Zutik eta Batzarre? Batasunakoek gauza askotan arrazoia izan dezakete, ilegalizazioaren auzian esaterako, baina autokritika puntu bat falta zaie. 1998an frogatu zen armarik gabe posible dela aurrera egitea. Horretaz jabetu behar dute.

Gazte taldeen arteko komunikazioa alderdien artekoa baino errazagoa al da?

Guk baditugu harremanak Gaztedia Sozialistekin, EGIrekin, Ezker Batuko gazteekin… baina, orohar, gazte taldeen artean ez dago harreman gehiegirik bakoitzak baduelako lan nahikoa berea iraunarazten. Hala ere, egia da zenbait gazte talderekin harremana errazagoa dela alderdi batetik bestera egiten denean baino. Gaztedi Sozialistak, esaterako, autodeterminazioaren eta euskal gatazkaren inguruan bere alderdiaren oso bestelako jarrera erakutsi du beti eta hori elkar ulertzeko baliagarria izan daiteke. Asko dago eurekin hitz egiteko. Laster gure XV urtemuga betetzen dugu eta, horren haritik, Ibarretxeren Planari zuzendutako gure proposamena mamituko dugu. Seguru nago PSE-EEko gazteak guk aurkeztutako ñabardurekin puntu askotan bat etorriko direla.

Gaia: Elkarrizketa

Egilea: Andoni Iturzaeta

Komunikabidea: Argia

Milesker Hegoaldeko anai - arrebei

Gure Euskal Herri maitea 7 lurralde historikok osatzen dute. Beste ikuspuntu batetik 3 parte administratibo desberdinetan zatiturik da. Lurralde guziek elkarrekin, izate kultural bat osatzen dute, bainan euskal nortasunaren kontzientzia, ez da denetan berdina. Euskal Erkidego Autonomoan, tokiko gobernuak erakusten duen gisan, kontzientzia hori beste bi zati administratiboetan baino handiagoa da. Horretarako, lurralde horretatik Iparraldean euskal nortasuna gal ez dezagun egiten den ahalegina ulergarria da. Bainan ulergarria izan arren, Iparraldean euskal nortasun kontzientzia dugunak, laguntza horrekiko esker txarrekoak girela iduritzen zaut. Horregatik, Iparraldeko lagunen izenean, Euskal Erkidego Autonomoko anaiak bereziki, eta hegoaldekoak orokorki, eskertu nahiko nituzke zutabe huntan.

Milesker duela gizaldi bat baino gehiago, euskal nortasuna galtzen ari zela ohartu, eta nortasun hori gizartean azkartzen hasi ziren hegoaldeko aitzindariei. Milesker Espainiako gerla zibilaren ondoren, trantsizio garaia arte, Iparraldean egon diren errefuxiatuei, gure lurralde huntan euskal nortasun horren kontzientziaren altxagarria izaiteagatik. Milesker eusko jaurlaritzari, hemen ikastolak, irratiak, kazetak, eta elkarte eta enpresa andana bat, emaniko diruarekin bizirauten eta azkartzen laguntzeagatik. Milesker Herri Urrats eta antzeko festak, urtero hegoaldeko milaka lagunek sustengatzeagatik, haien lana, dirua eta presentziarekin. Milesker hegoaldeko gazteei, haien izerdia emanez, Iparraldeko auzolandegien bidez, eraikuntza ainitz altxatzen eta moldatzen laguntzeagatik. Milesker Udalbitzari, gure elkarte pobreak diruz ornitzeaz gain, Ipar eta Hegoaldeko anaien arteko elkar trukaketak bultzatzeagatik. Milesker Euskal Erkidego Autonomoko biztanle guziei, haiek emaniko zergen bidez, euskal telebista bakarra guk ere ikus dezagun eta bertan parte har dezagun bermatzeagatik. Milesker hegoaldeko laguntzaile guztiei, haien laguntzaren truke, guri ezer ez galdetzeagatik. Milesker laguntzaile horiei, guk haiekiko elkartasunik kasik ez erakutsi arren, guk haiek ez eskertu arren, eta gainera askotan kritikatu arren, horiek Iparraldeko euskaldunak laguntzen segitzeagatik. Hegoaldeko anai - arrebak, milesker, zueri esker, Iparraldean ere, euskal nortasuna ez dela hilko eta berriz indartuko dela sinesten dugulako…

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Haritza Camblong

Komunikabidea: Le Journal du Pays Basque

Espainiako Konstituzioa. Elkarrekin bizitzeko gakoa?

Filosofoei eman ohi zaizkien lanetako bat hauxe da: egunero erabiltzen diren zenbait esamolderen esanahia eta garrantzia argitzea. Askotan, esamolde horiek oihartzun handia dute, testuinguruz gaindikoa. Ezin konta ahala dira halakoak, eta, horregatik, gutako askori liluragarria zaigu filosofiaren arlo bat: eguneroko gure bizimoduari dagozkion gauza xehe soilei erreparatzeko eta aztertzeko duen gaitasuna.

Hala, eguneroko gauzei —baita eguneroko gauza politikoei ere— kontu egiteko jarrera hori gogoan izanik, harrigarria da nolako arinkeriaz eta hutsalkeriaz botatzen duten hainbat politikarik, apezpikuk, kazetarik eta solaskidek «konstituzioa, elkarrekin bizitzeko gakoa» leloa, nazionaliston aldarrikapenei kontra egiteko.

Erreferendumean bozkatu eta gero, tirabiraz beteriko garai historiko politiko batean onartu zuten Espainiako 1978ko Konstituzioa. Militarren mehatxua etengabea zen; batzuek nahiz besteek ekintza bortitzak egiten zituzten noiznahi; herritarrek beren indarra erakusten zuten, 40 urtean zapalkuntza kultural eta ideologikoa sufritu eta gero… Horren guztiaren eta askatasunaren fruitua hautsi-mautsia izan zen: Konstituzio eskas bat, Estatu dekadente, anakroniko eta totalitario bat berritzen ahalegintzeko.

Nolanahi ere, Konstituzioa arauen modernizatze oinarrizkoa izan zen, eta hauxe zuen gauzarik onena: Banakoen Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren oinarriak ezartzea. Baziren 30 urte Nazio Batuek onartua zutela deklarazio hori, eta hura estatuan onartzea zen, hain zuzen ere, sasitik edo atzerritik erregimen frankistari aurre egiten ziotenen eskaera nagusietako bat.

Heriotza zigorra ezabatzea —ez, ordea, kode militarrean—, aniztasun ideologiko eta kulturala onartzea, gizarte eskubide funtsezkoak onartzea, eta ordezkariak aukeratzeko sistema demokratikoa ezartzea: horra hor adostasunik zabalena bildu zuten neurri berriak. Oinarri horiek ez zituzten auzitan jarri garai hartako politikariek —salbu orduko ultraeskuina, garai hartan inolako erreparorik eta mozorrorik gabe erakusten baitzituen hortzak—, eta ez dituzte auzitan jartzen oraingoek ere. Balio eta oinarri horiek, berez, modernoak dira, beharrezkoak, eta denok bakean bizi ahal izateko zimenduak dira.

Konstituzioak balio izan zuen ideia eta oinarri horiek ezartzeko, baina ez zituen konpondu Espainiako Estatuaren lurralde arazoak; izan ere, arazo horiek konpontzeko aukeraturiko abiapuntuak ez zuen inolako zerikusirik arestian aipaturiko balio eta oinarriekin. Alde batetik, demokrazia, biziaren errespetua, giza duintasuna eta askatasun ideologiko eta kulturala aipatzen dira —eta horretan denok gaude ados—; baina, bestetik, lurralde batasuna inposatzen da —armada da, gainera, horren zaindaria—, ez da modurik ematen ideologia guztien eskaerek bidea izan dezaten —izan zaitezke euskal nazionalista, baina ezin duzu autodeterminaziorik eskatu—, eta ez da onartzen Estatua bestela antolatzeko proposamenik. Horregatik eman zioten ezezkoa konstituzio hari hain talde zabalek; horregatik ematen diogu ezezkoa guk.

Azpimarratzekoa da, gainera, monarkia inposatu zela, monarkia hori frankismoaren ondorengoa zela eta frankismoak modu militarrean kendu ziola boterea Errepublikari, hau da, garai hartako sistema zilegizko eta demokrazian hautatuari. Baina hel diezaiogun berriro lurraldetasunari.

Moralgabe izatea leporatzen zaigu lehen bezala orain ere konstituzioa berritu beharra dagoela diogunei. Gure ustez, estatuaren lurralde egituran ere ezarri behar dira oinarri eta eskubide demokratikoak, baina hori aldezten dugunon sineste demokratikoak auzitan jartzen dituzte, nahiz eta beti koherentziaz jokatu dugun. Ospe bila dabiltzan politikari, apezpiku, solaskide eta intelektual horiek, modarekin bat eginik, konstituzioa goraipatzen ibiltzen dira, eta direnak eta ez direnak botatzen dituzte Konstituzioa lurraldetasunari eta erregimen monarkikoari dagokienez ez dela demokratikoa esaten dugunon kontra. Hori argudiatzeko, asmo gaiztoko sofismak erabiltzen dituzte, inolako erreparorik gabe: Konstituzioaren kontra dagoena oinarri demokratikoen eta askatasunaren kontra dagoela dioen sofisma, besteak beste.

Paradoxaz, akusazio larri horiek egiten dituztenetatik asko eta asko arrunt eroso bizi ziren askatasun eta eskubide oinarri ezinbestekoak indarrean ez zeudenean. Beste batzuetan, Konstituzioaren kontra jendaurrean aritutakoek leporatzen dizkigute horrelakoak: esate baterako, Aznar Espainiako presidenteak.

Baina, zalantzarik gabe, bizikidetzaren alde konstituzioari egiten zaion apologia da niretzat ulertzen zailena, eta horrexek bultzatu nau hau idaztera. «Konstituzioa da elkarrekin bizitzeko gakoa». Luze eta zabal idatz dezakegu, bizikidetza zer den eta zer ez den, baina begien bistakoa da gaur egun bizikidetza arazo handiak ditugula. Delinkuentziaren hazkundeak eraginiko segurtasun falta aparte utzirik, ez dago analista espezializatua izan beharrik ikusteko nolako gatazkan bizi garen: ehunka lagun mehatxupean eta bizkartzainarekin; kaleko indarkeria; gero eta frontismo zorrotzagoa, zeinak gutako asko iraindu eta kriminalizatu egiten baikaitu, gure ideiak aldezte hutsagatik. Hori guztia, jakina, Konstituzioa jaun eta jabe dela, «elkarrekin bizitzeko gakoa», alegia.

Bestelako Konstituzio bat, bizikidetza hobea izateko gakoa

Konstituzioetan, inolaz ere ezin baztertuzkoak dira banakoaren giza eskubideak —1978ko Konstituzioak ere babestu zituen—, ordezkariak modu demokratikoan aukeratzeko sistema eta herritarren oinarrizko askatasuna segurtatzeko bermea. Are gehiago: begien bistakoa da hori guztia edozein konstituzioren izaeraren gainetik dagoela; izan ere, normaltasun osoz onartzen dute Mendebaldeko Estatu guztietan —ez dute beti betetzen, ordea—, eta mendebaldeko modernitatearen oinarri bateratua da. Alde horretatik, ez da auzitan jartzen.

Hala eta guztiz, konstituzioa aldatu beharra dago: lurralde antolakuntzari dagokiona moldatu, eta autonomien Espainiaren porrotak ekarririko arazoak konpondu. Izan ere, batez ere gai horiek eragin dituzte oraingo bizikidetza arazoak. Hogeita bost urte igaro eta gero, nabarmena da 1978ko Konstituzioa ez dela egokia hasiera-hasieratik agertu ziren lurralde arazoak konpontzeko, eta etorkizunean ere konstituzio horrek iraun dezan tematzeak ondorio bakarra izango du: hainbat eta hainbat herritarren sufrimendua luzatzea. Beste ezer baino lehen, herritar horiek nahi dute ordezkariek arazoak konpon diezazkietela, fetixismorik eta intrantsigentziarik gabe. Erreformarako irizpideak hauxe izan behar luke: 1978ko Konstituzioaren oinarria kolektibitateari eta lurralde errealitateari zabaltzea, hau da, banakoen giza eskubide funtsezkoak taldeen giza eskubideekin osatzea

Lurralde antolakuntzak aldatzeko modukoa izan behar du, gehienek aldatzea erabakitzen badute; Estatuaren antolamenduak bere burua osatu behar du, bokazioz eta hautuz. Konstituzio berrian, herritarrek definitu behar dute Estatua, eta modua izan behar da Estatuaren bestelako eredu eta osaerak proposatzeko, kontuan izanik 1978ko Konstituzioak banakoen eskubideak ezin eztabaidatuzkoak jasoriko dituela —hain zuzen, horregatik onartu zuten lurralde definizioarekin ados ez zeuden hainbatek—.

Mundua, gizartea eta kontzientziak aurrera egiten ari dira, eta gaur egun ezin negoziatuzkoa da garai batean batzuek pertsonaren errespetua arautzearren ordaindu zuten prezioa. Garai hartan, gure balio funtsezkoekin tratukerian ibili ahal izan ziren militarrak, frankistak eta botere faktikoak, baina gaur egun ezin dute balio horiekin negoziatu lurralde batasun zaharkituaren truke… Ala bai? Del Burgok, Jimenez de Pargak eta enparauek, nolabait, aditzera eman dute: «Konstituzioa da elkarrekin bizitzeko gakoa, eta ez dago besterik». Zer esan nahi dute? Estatuaren egitura aldatuz gero arriskuan geratuko dela —edo etenik— giza eskubideetan bilduriko askatasun oinarrizkoa, akaso?

Konstituzioa aldatzea, beharrezkoa ez ezik, ezin saihestuzkoa ere bada. Eta, horregatik, maskara daramaten askok mozorroa galduko dute. Arazoa orain dela 25 urteko bera da, eta, zoritxarrez, arazoaren errudun nagusiak ere bai.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Maiorga Ramirez

Komunikabidea: Euskaldunon Egunkaria

Gazte Abertzaleak erakundeak Euskal Herrian ospatuko diren manifestaldi guztietan hartu du parte hurrengo otsailaren 15ean

Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasunako gazte erakundeak, hurrengo otsailaren 15ean ospatzeko diren deialdietan biziki parte hartuko du, egun horretan munduko leku desberdin askotan ospatuko diren deialdiekin bat eginez.

Eusko Alkartasunako gazte erakundeak, gerraren aurkako plataforma anitzetan parte hartzailea izanik, Bushen eta ultraeskuin mundialaren desio gerrazaleei erantzun bizia ematea beharrezkotzat jotzen du. Gazte Abertzaleak-en Idazkari Nagusiaren hitzetan, “Iraken eskuhartze armatu baten legez kontrakotasuna eta gerraren atzean ezkutaturik datzan benetazko arazo ekonomikoa, hots, petrolioaren kontrola, ezagutzera emateko erabateko erantzunak eman behar dira”.

Erakunde abertzale eta ezkertiarraren ustez, inperialismo kapitalistari ez zaio axola gerra batek sor lezakeen suntsipena eta kosta litzakeen bizitzak, horrela bermatzen bada gaur egungo ezinbesteko lehengaia den petrolioaren gaineko kontrola. Era berean, nagusikeri etnozentriko itzela deritzote munduko suntsipen armategirik handidunak beste batzuek suntsipen armak izatea arriskutsutzat jotzeari. Andoni Iturzaetaren aburuz, “Sadam Husseinek mota honetako armak izateko probabilitatea baino, horren kezkagarria edo kezagarriagoa da Bushek arma horiek berak edukitzea”.

Halaber, Gazte Abertzaleak erakundeak kezka du herri palestinarra geratuko litzatekeen egoeraren gainean, Estatu Batuen berme etengabea jasotzen duen Israelek lasa emango bailioke azken denboraldiotan egiten ari den genozidio palestinarrari.

Azkenik, Gazte Abertzaleak-ek Aznar jauna gai honetan edukitzen ari den jarrera barregarria azpimarratu nahi du, Bushen itsukeriaren defentsa sutsuan ateratzean eta anaitasun erlazioarena egitean, menpekotasunarena baino ez dela argi eta garbi ikusten denean. “Aznarrek Estatua sartu nahi du irabazteko ezer ez duen gerra batean, eta bai ordea, asko galtzeko eta sufrimendu eta suntsipen justifikaezinak sortzeko. Argi dago, Aznarrek euskal gatazkan duen jardueran bezala, Presidentea moralitatea, zuzenbidea eta justiziaren gainean sentitzen dela. Aznarren eta PP-ren azken egunotako gerraren aurkako adierazpenen kontrako jarrerak berriro frogatzen du eskuin espainarraren intolerantzia gerra baten hasieratik eratortzen den sufrimendua banatzen ezta desiatzen ere ez duen populazio gehiengoaren sentimenduaren aurrean” bukatzen du Iturzaetak.

Gaia: Internazionala

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Ezkerra eta arazo nazionala

Joan den asteazkenean, 5ean, arratsaldez, Sopelanako Kultur Aretoan Ezkerra eta arazo nazionala eztabaida burutu zen, Eusko Alkartasunak antolatuta.

Jende ugari bildu zen, eta esparru eta espektro politiko desberdinetako jendea bertaratzea lortu zen.

Hizlari bezala egon ziren:

Andoni Iturzaeta
Gazte Abertzaleak-eko idazkari nagusia

Francisco Letamendia
EHUko Politika eta Administrazio Zientzien Saileko irakasle titularra

Pedro Ibarra
EHUko Politika eta Administrazio Zientzietako katedraduna

Beste batzuen artean iruzkin hauek:

Andoni Iturzaeta

Gazte Abertzaleak erakunde abertzale eta ezkertiar gisa definitzen da. Abertzale edozein herrik bere eskubideak bermaturik ikusi behar dituela defendatzen du eta.

Lan eskubideen defentsa baino haratago doa defendatzen duen ezkerra; ezker horrek ingurugiroa, etxebizitza duin baten eskubidea, hizkuntza eskubideak, eta askatasun sezuala ere defendatu behar ditu oro har. Tolerantzia eta gizarte zuzenago bat defendatzen ditu, Unibertsitatean parte hartzen duen ezker eraikitzaile eta eraldatzaile baten bidez, hizkuntza eskubideak defendatuz, merkataritza zuzenaren aldeko kanpainak burutuz, globalizazioa azalduz, edo nortasun agiriak entregatzea bezalako desobedientzia zibileko ekintzez.

Ekintza eta kanpaina hauek sentikortasun handiagoa sortzen dute eta lan amankomuna errazten dute.
Gaztek jarduera bortitzetatik urrundutako ezker soberanistaren erreferentzi puntua izan nahi du.

Batasunaren munduak ez du autokritikarik, Aralar, AB, Batzarre eta Zutik joan zaizkie.

Inguru hauek, EA-rekin batera, erreferentzia izan behar dira eraikuntza nazional eta sozialean, herri alternatiba sortuz.

Francisco Letamendia

Ezkerrak planteatzen duen klaseen arteko gatazka eta nazionalismoak bultzaturiko klaseen “ituna”, hainbat eztabaida eta ika-mika iturri gertatu da.
Engels eta Marxen klase vs. klase ikuspegiak nazionalismoa gutxiesten du, eta II. Internazionaletik geroztik ez du zentzurik, sozialdemokraziak langileek aberria dutela onartzen du eta..
Gaur egun, nazionalismoak mesede handia egiten die ezkerraren interesei.

Nazionalismoa eta ongizatea.

Ongizatea elkartasuna eta banaketa aldarrikatzen duen politika da.
Nortasun komun barik, elkartasuna bermatzen duen ore afektiboa ezina izango litzateke.
Indarkeria erabiltzen duten nazionalismoek indarkeriaren monopolioa egiten duen Estatuaren antza dute.
Egungo ezkerrak bizitza bezalako oinarrizko eskubideen urratzea arbuiatzen du eta baita abangoardieen menpe eta agindutara dauden maseen eskema hori ere. Gertatu berri den ETA eta Marcos subkomandantearen arteko eztabaidak sentsibilitate ezberdin hauek agerian uzten ditu.

Pentsamendu bakarra

Neoliberalismoak indartsuenaren legea ezartzen du, oihaneko legea, ongizate oro subsidiariotasuna denez gero ezabatzeko joera du.
Pentsamendu autoritarioa ezartzen du, bakarra, zuria ala beltza, eta disidentzia terrorismotzat jotzen du.
Ezberdintasun etniko, linguistiko eta erlijiosoei eraso egiten die.
Nazionalismoa defendatzea, pentsamendu bakarraren aurka egitea da, bizi-ingurua defendatzea ere badelako.

Antiglobalizazioa

Estaturik gabeko herriak, bakezaleak, feministak, ekologistak, herri indigenak etabar biltzen dituen halako lainoa da.
Mugimendu honek gizakien eta herrien eskubideen globalizazioa aldarrikatzen du, eta argiro dago autodeterminazio eskubidearen alde eta elkarrizketa eta negoziazioaren bitartez nazio-gaztazkak konpontzearen alde.
Gainean dugun galipotaren belztasuna gora-behera, mugimendu hauek guztiak ikusita geroari begira baikorrak gara. Mesedea, eta handia gainera, egiten dio ezkerrari

Hitzaldiko kartela

Gaia: Justizia soziala

Politikaz hausnarketa bat

Euskal Herrian politika egiten duten giza agente orok planteamendu bikoitza egin behar du egunero: alde batetik, epe motzeko erabakiak hartu, eta, bestalde, epe luzeko helburuak alde batera ez utzi. Hain zuzen, alderdi zein sindikatuek epe luzeko estrategia politikoak erabakitzen dituzte biltzarretan, eta erabaki horien inplementazioa egiten dute egunez egun. Epe motzean hauteskundeak berriz ere bistan baditugu ere, Jaurlaritzak aurkezturiko plana da oraindik, eta hurrengo hilabeteetarako, Erkidegoko politikaren ardatz nagusia eta burujabetzarako prozesuan sakondu nahi duten eragile askoren hizpide. Nekagarria gerta liteke askorentzat gai honi buruzko hausnarketa, baina askorentzat marko legal berri baten ardatza dela ahazten ez badugu, behin eta berriz azpimarratu behar dira plan honen potentzialidadeak.

Jaurlaritzaren planak aukera bat ireki du Espainiarekin izan beharreko konfrontazio politikoa artikulatzeko. Planak ez du bukaera puntua zehazten. Metodologia bat aurkeztu da nire aburuz, non eragile politiko eta sozial bakoitzak ekarpenak egiteko aukerak izango dituen, prozesuan parte hartu dutenen ekarpenek markatuko dutelarik planaren azken edukia. Bestela esanda, herri honen independentzia, askatasuna eta burujabetza nazionala helburu daukagunok prozesu honetan parte hartzen ez badugu, ez genuke harritzeko eskubiderik hamabi hilabete barru burutuko den testu artikulatuan eduki soberanistarik ez badago. Bestela esanda, gakoa borondatea da, testu artikulatuaren diseinuan parte hartuko dutenek zehazturiko mugetan egongo da prozesu honen muga.

Honetaz gain, hurrengo hilabeteetan konfrontazio egoeraren egonkortasuna azpimarratu nahi nuke, izan ere, ez baitut uste PP eta PSOEk epe motz zein ertainean inolako mugimendurik egingo dutenik, udal mailako eta Espainiako hauteskundeak bistan dituztela euskal abertzaletasunari atseden politiko eta judizial minimoak bere ordainsaria izango baitu hauteskundeetan. Bada 2003ko hauteskundeetan PSOEk presidentzia lortu eta gero gauzak aldatuko diren esperantza duenik: aldatu litezke, baina kudeaketarako egonkortasun gehiago emanez, besterik gabe. Agertoki horrek ez du ezertan gaur egungo egoera aldatuko, euskaldun askok pairatzen ditugun giza eskubideen urraketa indibidual zein kolektiboek amaierarik ez baitute izango.

Gure betebeharra da helburuari tinko eusten jarraitzea, euskal belaunaldi askok eutsi baitiote prozesu luze honi, eta asko izango dira ere hurrengo belaunaldietan jarraituko dutenak, azken finean gu katearen beste maila bat gara-eta. Hori bai, gure lanaren aurrerapena hurrengoen abiapuntua izango da.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

WordPress Themes