EA-ko gaztediari lotsagarri iruditzen zaie Gobernuak egindako Zubiarte euskaltegiaren inaugurazioa, ikasturtea orain dela hiru hilabete hasi zelako eta azpiegitura gabe klaseak eman behar izan dituztelako, besteak beste. Aldi berean, Iruñeako udaletxeari kritika zorrotza egiten diote argitaratu berri duen La juventud de Pamplona a las puertas del siglo XXI liburua gazteleraz soilik idatzia dago eta.
Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasuneko gazte antolakundea, Sanz jaunaren Gobernuaren eskutik egindako Zubiarte euskaltegiaren inaugurazioaren dela eta, ekintza hau euskara eta hizkuntza hau erabili nahi dutenen kalterako egina izan dela dio, kontutan hartu behar baita, ikasturtea orain dela hiru hilabete hasi zela eta azpiegitura eskasiarekin ibili behar izan dutela.
Honen bestez, Gazte Abertzaleak Nafarroako exekutibori euskaltegira iristeko dauden garraio arazoak konpontzeko irtenbiderik bilatu ez izana aurpegiratzen dio, UPN buru den Nafar Gobernuarentzat ez baita ikusten arazorik, bere kultur planteamendu uniformatzailearen aurrean kritikoki mantentzen ari diren pertsonei ez bezala.
Gazte Abertzaleaken iritziz, Zubiarte euskaltegiaren egoera UPN-k euskararekiko daraman politikaren adibide argia da. Maiorga Ramirez prentsa arduradunaren ustetan UPN-k euskara inkomunikatutako leku batean bazterturik utzi nahi du, non ikasi nahi duenak, oztopo- oztopoz, mediorik gabe ikasi beharko dutena; baina noski, inaugurazioaren argazkia ezin da falta. Lotsagarria eta zitala da, nafar kulturaren altxorrik handiena hiritarren interesak defendatu behar dituztenen muzinak eta bazterketa izatea.
Modu honetan, Gazte Abertzaleak Zubiarte euskaltegiko ikasleekin atxikia erakusten du eta egoitza honek izan behar dituen azpiegiturak eta garraio baliabideak izateko aldarrikapenetan bat egiten du.
Bestalde, Iruñeako Udaletxeak gaztelania hutsez argitaratu berri izan duen La juventud de Pamplona a las puertas del siglo XXI liburuaren aurrean, Gazte Abertzaleak sumindura erakusten du paradoxiko xamar iruditzen baitzaio liburu hori zuzenduta dagoen adin- taldeari gaztelaniaz bakarrik eskaintzea, talde honek duen euskararekiko ezagupena, erabilpena eta atxikimendua kopuruz handiena delako, beste adin- taldeekin konparatuz gero. Maiorga Ramirezen iritziz Iruñeako Udaletxeak erakutsitako jarrera iraingarria da oso; batez ere, liburuan argitara ematen den inkesta, gazteak euskararekiko duten atxikimenduaz ari denean, non gehiengoak bat egiten duen euskararen sustapenaren beharrean.
UPN-k euskararekiko duen jokabidea nafar gizarte errealitatearen aurrean doilor, totalitarioa eta nekez, itsua da. Alderdi honek eragina duen edozein esparrutan euskararen aurkako obsesioaz kutsatzen du, nahiz eta bere ekintzek irizpide kulturaletatik, linguistikoetatik, honenbestez edozein pertsonen sen onetik, eta batzuetan, indarrean dagoen legezkotasunetik, aparte egon, amaitzen du esanez Gazte Abertzaleko bozeramaileak.
Gaia: Euskal Herria
Egilea: Gazte Abertzaleak
Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa