Mundu ordena berria

Gizateriari zail egiten zaio askotan bere garaian gertatzen diren transformazio askoren benetako dimentsioaz jabetzea, eta historiaren perspektiba analitiko objektiboa izaten da urte batzuk pasatu eta gero aldaketa politiko, ekonomiko eta sozial askoren benetako garrantziaz jabearazten gaituena. Horren ondorioz, fenomenoak gertatzen diren heinean azpi-baloratuak izan ohi dira eta gizartea, aldaketa kualitatiboen protagonista izatetik transformazio horien pairatzaile izatera pasatzen da. Horixe gertatzen ari da gaur egun, mundu mailako ordenan erantzukizun garrantzitsua duten hainbat erakundek eraldaketa sakonak izaten ari baitira, besteak beste Nazio Batuen Erakundea eta Europako Batasuna.

Irakeko inbasioak argi utzi du NBEren erabaki ahalmena oso erlatiboa dela. Munduko Nazioen Batzarrak, Batzar Orokorrak alegia, ez du erabaki ahalmenik eta erakundearen benetako botere organoak, Segurtasun Kontseiluak ez du bere esku edozein naziok hartu lezakeen erabaki baten aurkako neurri efektiboak hartzeko baliabiderik. Erabaki komunek ez dute lortu aldebakartasuna eragozterik, eta estatubatuarrek, errusiarrek edo txinatarrek egingo luketen bezalaxe, nazioarteari dagozkion erabakiak hartzen dituzte beren interesen alde, nazioarteko legedia errespetatu gabe, eta NBEn egon litekeen gehiengo iritzia alde batera utziz. Mundua globalizatzen ari zaigun honetan, batzar bidezko diskusio eta erabaki dinamika lortu ahal izateko eman beharreko urratsak balazta kualitatibo handia izan du estatubatuarren jarreraren ondorioz, nabaria baita, potentzia batek nahiko nagusitasun duela gainontzeko nazioei eragiten dieten erabakiak hartu eta betearazteko.

Europako Batasunaren eraldaketa da bigarren fenomenoa. Hamar estatu sartu berri dira Batasunean, eta 25 estatuen batasun politiko eta ekonomikoa arautuko duen Europar Konstituzio bat da mintzagai egunotan. Urte gutxian sakonki aldatu behar izan dugu gure Europaren perspektiba: muga itxiko estatu desberdinen lurralde handi bat izateari utzi eta hizkuntza, erlijio eta bizimodu desberdinak biltzen dituen batasun politikoa bihurtu da, Lisboatik Budapesteraino zabaltzen den erakunde berri horren baitan kokatzen direlarik baita ere euskaldunen interesak.

Mundua izugarri aldatzen ari da. Estatu Batuak ordena bat inposatzeko gai dira eta Europan estatu erraldoi baten hazia landaturik dago. Gu ez gara, ordea, aldaketa horien pro- tagonista, eta asko jota, behatzaile objektibo legez aldaketa horiek konstatatu ditzakegu egunez egun hedabideetan. Ezkerra askatasunaz ari denean, honetaz aritzen da, askatasunaren ezinbesteko ezaugarria baita aldaketen protagonista izateko libre sentitzea.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

Gatazka konpontzeko konpromisoa

Euskal gatazkaren konponketarako alderdi politiko guztien konpromisoa behar bada, inola ere ezin ahaz daiteke ETA-ko presoen familiek jasaten duten egoera larriaren arazoa. Bizi dugun gatazkaren konponketarako bidean preso hauen senideek jasaten duten egoerari aurre egitea ezinbestekoa da.

Espainiako gobernuaren dispertsio politika dela eta, senideek Estatuak presoari ezarritako zigor bikoitza, hau da, Zigor Kodearen arabera jarritako zigorra bera eta sakabanaketa, zuzenean sufritzea bizi dugun egoera tamalgarri honetan ez da batere lagungarria suertatzen.

Bidegabekeri itzela da. Presoaren familiak senidea ikusteko duen eskubidea ukatzea oso larria da. Birgizarteratze printzipioaren aurka ez jokatzea ezinbestekoa da, gainera, bere burua demokratikotzat eta zuzenbidezkotzat jotzen duen estatu batentzat. Puntu honetan ere argi ikusten da zeinen demokratikoa den Espainiar estatua. Gazte Abertzaleko kideok presoak euskalherriratzea exigitzen dugu. Euren eskubidea bai da jatorrizko tokietatik hurbilen dauden kartzeletan egotea. Eta eskubide hori lege bidez bortsatzeak egoera latzagoa bihurtzen du logikoa denez.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Ibon Usandizaga

Komunikabidea: Gara

Esaldi adierazgarri batzu gerlari buruz

Egun hauetan asko entzuten da gerlaz mintzatzen. Horra segidan gerlari buruzko hitz xume baina argigarri batzu.

Aberatsek gerla egiten dutelarik, pobreak dira hiltzen direnak (Jean-Paul Sartre) / Pertsona bat ideal batengatik hiltzea ez da ideal bat defenditzea, pertsona bat hiltzea besterik ez / Bakea egiteko, guttienez bi behar dira, gerla egiteko berriz, bat nahikoa da (Neville Chamberlain) / Zibilizazioak ez du basakeria deuseztatzen, perfekzionatzen du (Voltaire) / Pertsona bat kausa batengatik hiltzeak, ez du ezer adierazten kausa horren balioaz (Oscar Wilde) / Hil daiteke egunero ideia batentzat, baina ezin da nehoiz erail ideia horrentzat / Pertsona batek, edozein pertsonak, bandera bat baino gehiago balio du, edozein bandera baino gehiago (Chillida) / Gerla, ezagutzen ez diren jendeen arteko masakrea da, ezagutzen diren baina masakratzen ez diren jende batzuen onurako / Deabrua baikorra da jendeak gaixtoagoak egin ditzakeela pentsatzen badu (Kark Kraus) / Gerlaren artea, indar armatuak eskapatu ezin daitezkeen maneran ordenatzean datza (Anatole France) / Zergatik indarrarekin hartzen duzu amodioarekin hartzen ahalko zinukena? (Amerindio Powhatan) / Begia begi truk eta munduak itsu bukatuko du (Ghandi) / Gainetik ikusten ez direnak, mugak dira (Seguei Krikalev, astronauta errusiarra) / Etsaia garaitzea garaipena bada, hau handiagoa da pertsonak bere burua garaitzen duelarik (Jose de San Martin) / Bake desabantailatsuena, gerla justuena baino hobea da (Erasmo de Rotterdam) / Bortizkeria, besteen ideiekiko beldurra da, eta norberaren ideiekiko fede ttipia / Bere buruarekin bakean ez den pertsona, mundu guziaren kontra gerlan izanen den pertsona da / Jendeak bukaera bat finkatu behar du gerlarentzat, bestenaz, gerlak finkatuko du bukaera bat jendearentzat (John F. Kennedy) / Ez da biderik bakerantz, bakea bera da bidea (Gandhi) / Gizateria basakeriarantz dabil… Lehen Munduko Gerlan hilen %90a soldaduak ziren. Bigarrenean, erdia zibilak izan ziren. Gaur egun, hilen %95 zibilak dira (Alberto Navarro) / Nehoiz ez da izan gerla on bat edo bake txar bat (Franklin).

Zenbat egi!

Gaia: Internazionala

Egilea: Haritza Camblong

Komunikabidea: Le Journal du Pays Basque

Gasteizen Egunkariaren autoinkulpazioak entregatzen

Euskaldunon Egunkariaren itxieraz geroztik hainbat ekintza burutu dira, batez ere egunkariako langileek eginiko adierazpenean, non herritarrak bultzatzen zituzten bakoitzak ekintza ezberdinak egin ditzaten bultzatuta. Honen ondorioz ABK, Zuzen, Demo eta Desobedientzialariak autoinkulpazioen bilketan ibili dira azken hilabete honetan. Autoinkulpazioak Del Olmo epaileari bidali dizkiogu esanez Egunkaria ixteko erabili ditoen argudioak ikusita guk ere errudun garela , egunkari hau sustengatzen, erosten eta bultzatzen dugulako.

Estitxu eta beste Desobedientzialariak-eko kideak autoinkulpazioak erakusten

Hego-Euskal Herriko epaitegietan entregatu dira ehundaka eta ehundaka autoinkulpazio. Gazte Abertzaleak-ek prozesu honetan parte aktiboa hartu dugu, sinaduren bilketan egon gara hainbat tokitan eta gaur ere epaitegietara joan gara. Halaere autoinkulpazioen bilketa ez da oraindik amaitu, gehiago zabalduko da gero eta sinadura kopuru handiago bat lortzeko asmoz .Aberri egunean Gernikan egongo gara zuen sinadura gehiago biltzen , beraz animatu zaitezte, Egunkaria Aurrera!

Han bertan baten batzuk bere autoinkulpazioak bete zituzten

Gaia: Euskal Herria

AEK korrika

Euskararen aldeko aldarrikapena da urtez urte AEK koordinadorak antolatzen duen Korrika. Eta urtez urte, milaka euskaltzale dira Euskal Herriko karriketan barrena ikurrinadun testigu xume bat eskuz esku elkarri pasatzen diotenak. Artikulu honen bidez, Korrikaren hiru aspektu garrantzitsu aipatu nahi ditut euskaltzale sofazale eta alfer xamarren bat mugiarazteko itxaropenaz.

Ezin ukatu Korrika gure gizarteak izan dezakeen inplikazio, mobilizazio eta aktibismo froga bat dela. Txalotu beharrekoa da batetik Zuberoatik Arabara bitarteko ibilbidea duen ekitaldi baten prestakuntzan parte hartzen duten makina lagunen lana, antolakuntza eta koordinazio ahalmena, eta bestetik, esfortzu itzel horrek gizartearengan sortzen duen erreakzioa eta inplikazioa: Korrika non korrikalariak han. Herriz herri, gazte zein heldu, emakumezko zein gizonezko, herri honek beste behin frogatzen du bidezkoak jotzen dituen gauzen alde prest dela mugitzeko eta mobilizatzeko.

Euskararen aldeko urteroko zita dugu Korrika. Beste batzuk ere badira, baina kilometro bat erosten dugun bakoitzean, helduen alfabetatze esfortzuan egunero lan isila egiten duten hainbeste profesionalei gure esker ona ere adierazten diegu, beren jardueran beste urtebete bat jarraitu dezaten animatuz eta baita AEKak suposatzen duen eskola sarearen mantenurako beharrezko diren baliabideen zati bat lortuz.

Aurten bada parte hartzeko beste arrazoi bat. Espainiako Gobernuak jomugan jarri eta botere judizialaren edo Barne Sailaren (nork daki) autoaren ondorioz AEK desagerrarazteko esfortzua egin zutenei benetako erantzun bat eman behar diegu AEKren lanean sinesten dugunok, inoiz baino gehiago inplikatuz eta inoiz baino gehiago Korrika indartuz. Urtero bezala korritu beharreko kilometroak erosiz eta baita norberaren atxikipen pertsonala emanez ere, Korrikaren laguntzaile bihurtuz, Espainiako agintariei ikusaraziko diegu beste behin beraiek Euskal Herriaz duten pertzeptzioa eta herri honetako biztanle gehienek duguna zerikusirik ez duela, eta ondorioz, beraientzat zigortu beharreko taldeak direnak gure aburuz kultura euskaldunaren zutabe garrantzitsu bat direla.

Artikulu hau bukatu nahi nuke eragile politiko zein sozialei eta gizabanakoei inplikazio berezia eskatuz: herri honek AEK beharrezkoa du, ezin dugulako inolaz euskara indartzearen eta zabaltzearen esfortzua egiten duen talde baten lana alferrik galdu. Helburu horren lorpenean ahalmen oro gutxi da, azken finean, euskararik gabeko euskal gizarteak anima galduko luke eta.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

Gazte Abertzaleak-en bake proposamena eskuragarria hemen

Pasadan igandean, gure 15. urteurrena ospatzeko egin genuen jardunaldietan, Gazte Abertzaleak bere bake proposamena ezagutzera eman zuen.

Web orrian daukagu jada, PDF formatuan eta gazteleraz zein euskarazko bertsioak aurkituko dituzue helbide honetan sakatuz.

Baina zuek irakurtzea bakarrik ez dugu nahi. Zuen iritziak biltzea gustoko izango genuke, horretarako jo Entzun eta erantzun zeuen ekarpenak eta zeuekin komunikatzeko jarri dugun lekura, eta idatziguzue zeuen ekarpenak, kexu, adostasunak, desadostasunak bidaltzeko.

Mila esker!

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Gaztedi abertzale batzuek apirilaren 1ean beraien web orriak itxiko dituzte

Bloc Jove (Bloc Nacionalista ValenciĆ”), Chobenalla Aragonesista (CHA), Gazte Abertzaleak (Eusko Alkartasuna), JEN-PSM (PSM), JEV-JIC (Iniciativa per Catalunya) eta beste zenbait gazte elkargok beren web orrien itxiera bateratu bat egingo dute 24 orduz, Iraken aurkako guda espainol, britaniar eta estatu batuarraren aurka egiteko.

Bloc Jove (Bloc Nacionalista ValenciĆ”), Chobenalla Aragonesista (CHA), Gazte
Abertzaleak (Eusko Alkartasuna), JEN-PSM (PSM), JEV-JIC (Iniciativa per
Catalunya) eta Calanuyako, Valentziako, Euskadiko, Balear irletako eta
Aragoiko beste zenbait gazte elkargok geldiera zibernetiko bat egingo dute
24 orduz. Ekintza Apirilak 1eko 0 orduetatik 24 orduetarainoko itxieran
datza. Ordu horietan gerraren aurkako mezuak, logotipoak eta irakiar
biztanlego kaltetuen aldeko homenandiak bakarrik agertuko dira, web
horietan.

Ekintza honen arrazoiei buruz dokumentu bateratuak dioenez, “ezin dugu
ahaztu gerrari buruz hitzegiten ari garen bitartean, irakiar zibil errugabe
asko, Aznar eta bere Gobernuak bultzatu eta bermatutako ejertzito baten esku
hiltzen ari direla”. Ekintza hau ” gerra ezlegal, inozo eta bidegabeko baten
bidez hil diren guztien oroimenez egin nahi dugun minutuko ixilune
pertsonal bat da”. www.blocjove.org, www.chobenalla.org,
www.gazteabertzaleak.org, www.jev-jic.org y www.jen.cc eta beste zenbait
orri web, Apirilak 1ean itxiko diren interneteko dominioak dira.

Eraberean, dokumentuak dioenez ” gure herrietako hiritarren
iritziarekiko agertu duten sentiberatasun demokratiko eza , gure herrialden
imajina publikoaren kaltea Europan eta munduan zehar, gure herrialdeen
airetiko eta lur eremuen gudarako erabilera desegokia eta gure
Legebiltzarren iritzien errespetu falta”, dira ekintza honetan parte hartu
duten taldeen arduretako batzuk.

Azkenik, ” Partidu Popularrak eginiko adierazpenak salatu nahi ditugu,
gerraren aurkako manifestaldietan parte hartu duten pakezaleak
kriminalizatu nahi izan dituztelako , era berean hedabideetako zentsura eta
manipulazioak eta poliziaren jarrera errepresiboak , demokraziaren
historiako atal tristeenetako bat agerian ipintzen dute, eta guzti honen
aurka egin daitezken ekimen guztiekin aurre egin beharrean aurkitzen gara”.

Ekintza hau, herritarrak kontzientziatu eta mobilizatzeko, Aznarren Gobernua
presionatzeko, Irakeko aferraren aurrean duen politika zuzenbideratzeko,
gure herrialdeetan eginten ari diren beste milaka ekintzekin batera talde
guzti hauen ekitaldi eta mobilizazioen barruan, kokatzen dugu.

Gaia: Internazionala

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

WordPress Themes