GAZTE ABERTZALEAK TALDEAK HURRENGO EUSKAL HERRIKO GIZARTE FOROAN PARTE HARTUKO DUELA ADIERAZTEN DU

EAko gazte-erakundeak, Oinarrizko Errentako eta Gizarte Desobedientziako tailerretan parte hartuko duelarik, euskal gazteriari parte hartzeko deia egiten die

Gazte Abertzaleak taldeak, Eusko Alkartasunako gazte-erakundeak, Euskal Herriko Gizarte Foroaren I. Topaketan parte hartuko duela iragartzen du. Foroa ekainaren 27, 28 eta 29an egingo da Gasteizen.

Foro horretan, Gazte Abertzaleak taldeak beste erakunde batzuekin batera proposatutako eta antolatutako hainbat tailerretan parte hartuko du. Horien artean, Oinarrizko Errentari buruzko Tailerrean, gure erakundeko Gai Sozioekonomikoetarako idazkari Miguel de Andrés Frías-ek “La Renta Básica y su contribución a la libertad: ciudadanía libre, naciones libres (Oinarrizko Errenta eta askatasunerako daukan ekarpena: herritar libreak, nazio libreak)” ponentzia aurkeztuko du. Horrez gain, Gazte Erakundeko Euskadiko Batzorde Eragileko kide eta Bilboko zinegotzi Ion Haritz Bengoetxeak “Estrategias de lucha no violentas (Indarkeriarik gabeko borrokarako estrategiak)” tailerrean parte hartuko du, eta GA taldeak Desobedientzia Zibilari buruz pentsatzen duena azalduko du.

Gazte Abertzaleak taldeak, Foroa sortu zenetik haren prestakuntza-bilera guztietan parte hartu duelarik, oso positiboki baloratzen du Foroaren topaketa hau. Gazte Abertzaleak taldeko Idazkari Nagusi Andoni Iturzaetak esan duenez: “gizarte zibilaren topaketarako aparteko esparrua dugu, esparru egokia errealitate sozial, politiko, ekonomiko eta kulturala aztertzeko, bai eta Euskal Herri eta mundu justuagoaren, solidarioagoaren eta igualitarioagoaren aldeko proposamen zehatzak egiteko ere. Era berean, garrantzitsua iruditzen zaio Foroan dagoen aniztasuna azpimarratzea, oso sentiberatasun ezberdinak bateratzeko gai izan baita eta erakunde politiko, sozial eta sindikal sorta garrantzitsu bat biltzen baitu.

Horregatik guztiagatik, Gazte Abertzaleak taldeak euskal gizarte osoari dei egiten dio, eta bereziki gazteriari, Foroaren lehen Topaketa honetan parte har dezan, bai eta ostiralean, 27an, Gasteizko kaleetan barrena egingo den manifestaldian ere.

Gaia: Justizia soziala

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Hauteskundeak

Edozein gizartetan, hauteskundeek berebiziko garrantzia dute, herriaren iritzia hobekien ezagut daitekeen unea izanik, planteamendu politiko bakoitzak gizarteko kideen artean duen onarpen mailaren neurgailu onena baita. Boto lorpenen lasterketa horretan, hauteskunde kanpaina izaten da mezu politikoentzako bozgorailu garrantzitsuena, boto zalantzakorraren ehizan nork mezu eraginkorrena edo argazki erakargarriena lortuko itxaropenarekin. Hauteskunde egunean, ilunabarrean zehazki, alderdietako ordezkari guztiek pozik ekiten diote prentsaurrekoari, irabazle gisa, hauteskundeak beren proiektu politikoaren sendotzea gertatu dela argudiatuz. Halere, hauteskunde prozesu baten ostean dator benetako gogoeta garaia eta herriaren iritziaren irakurketak egiteko unea. Gauza bera egin behar dugu maiatzaren 25eko hauteskundeekin ere, are eta gehiago, Euskal Herriko udal eta Nafarroako legebiltzar hauteskundeak izan direla kontuan hartzen badugu, hau da, euskal lurralde gehien hartu dezaketen hauteskundeak.

Emaitzen irakurketa objektiboa egin ordez, irakurketa interesatu bat egin behar dut nik, ikuspegi independentista batetik, lortutako emaitzak herri honen askapen eta emanzipazio dinamikan ekar dezaketen balazta edo bizkorgailu mailan erreparatuz.

Lehendabiziko ondorioa. Eraikuntza nazionalaren aldeko apustua egiten duten alderdien emaitzak kontuan harturik, Euskal Herriko hegoaldean, hots Erkidegoan eta Nafarroan, alderdi abertzaleek -Eusko Alkartasuna, Batasuna, Aralar, Batzarre eta EAJ- 754.968 boz bildu dituzte, eta alderdi ez abertzale euskaldunek -PSE, PP/UPN, UA, IU eta CDN- 804.007 boz. Hortaz, 49.039 botoko aldea dago Hego Euskal Herrian indar abertzale eta ez abertzaleen artean. Datu horri Iparraldea gehitzen baldin badiogu, non jakina den indar abertzale euskaldunak gutxiengoa garela, autokritika zentzu apur bat jarri beharko genieke gure diskurtsoei, ekidin ezineko datu honetan erreparatuta: Euskal Herrian abertzaletasuna ez da gehiengo politikoa. Halere, ez pentsa ezkortasuna zabaldu nahian nabilenik; alderantziz, Hegoaldean abstentzioa %28koa izan dela kontuan hartuz gero; bestela esanda, 630.522 pertsonak bozkatu nahi izan ez dutela, abertzaletasuna hegoaldean nagusi izan daitekeela pentsatzea ez da Itakaren bila ibiltzea, arrazoizko posibillitate bat baizik. Ezkortasunik ez, errealitatea baino ez.

Bigarren ondorioa. Eraikuntza nazionala gainditurik, bakeratze eta normalizazio politikorako planteamendu berak egin dituzten alderdiei so egingo diet; bestela esanda, Lizarra-Garaziren aldekoek 846.357 eta aurkakoek 655.974. Iparraldeko datuak eduki gabe ere, lehendabiziko ondorioan bezalaxe, ekidin ezinezko kuestioa litzake denentzat arestian aipatutakoa: elkarrizketan oinarritutako gatazkaren konponketarako planteamendua onartu egiten du Euskal Herriko biztanleriak.

Hirugarren ondorioa. ETA erakundeak, maiatzean egindako komunikatuaren bidez, Espainiak debekatutako bozak oso baliotsutzat jotzen zituen Euskal Herria bake eta demokrazian oinarritutako herri eraikuntzan aurrera eramango duten bozak zirela esanez eta, ondorioz, aukera determinatu baten aldeko boto eskaera garbia eginez. Bada, 168.431 boz. Hegoaldean boto aukera duten euskaldunen %7,4. Datuak datuak dira, eta argi dagoenez ETAren estrategia konpartitzen duten euskaldun gutxik EAri, Aralarri, EAJri edo Batzarreri beren boza eman dietela, beraz, nire iritziz erabilgarria izan daiteke portzentaia hori ETAk Hegoaldeko euskal gizartean duen sostengua kuantifikatzeko neurgailu gisa. Eragile politiko bakoitzak bere ordezkaritza dauka, eta elkarrizketan oinarrituriko prozesua diseinatzeko eta adosteko garaian ezinbestekoa da bakoitzak norberaren ordezkaritzaren neurria ondo ezagutzea. Herriaren sostengua baldin bada bake, normalizazio eta baita ere eraikuntza nazionalerako prozesu batean parte hartzeko zilegitasuna ematen digun gakoa, ezin ditugu herri borondatetik kanpo dauden bestelako zilegitasunak erabili, zeren, bestela, helburuari baino erabilitako medioei emango liekete batzuek garrantzi handiagoa.

Laugarren eta gaurkoz azken ondorioa, Euskal Herriko hedabide gutxiegiek erreparatu diotena azken egunetan: Trebiñuko bi udalerrietan, Trebiñu Araban integratzearen aldeko jarrerak izan dira nagusi. Horrek ez dakar udalerri horien integrazioa, baina argi dago Gaztela-Leongo gobernuak bere gain jasaten duen presioak zilegitasun sendotze bat izan duela.

Ondorioak ondorio, bestea da orain erronka: abertzaletasunak lortutako ordezkaritza helburu baten lorpenaren zerbitzura jartzea: herri honen emanzipazio nazionala; hala ez bada, boto abertzale askoren erabilpen erratua egiten baita.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Egunero

Alderdien aberastasuna

Jakina da alderdietan biltzen diren gizabanako guztiek interes desberdinak dituztela. Asko ideologia determinatu batean oinarritutako proiektu sozial eta politiko bat lortzearren inplikatzen dira alderdietan, eta badira egon ere, beste pertsona askorengan bestelako interesak. Inolako ezbairik gabe gehiengo nabarmena dira lehendabizikoak, interes zintzoak dituztenak alegia, baina halere, izugarrizko tentsioak sortu ohi dituzte alderdi batean helburuak lortzeko militanteek dituzten metodologia desberdinek.

Asteartean Madrilgo Batzarrean gertatutakoa horren isla baino ez da. PSOEko bi militanteen erabakian iritzi zintzo batek eragin zuela abiapuntutzat hartuz, beraien alderdiak darabilen koalizio politika kritikatzea zuten helburu, eta baita beraien uneko boto erabakigarriak ematen zizkieten presio tresna erabiltzea ere. Gertakari honek alderdietan maiz ematen den arazo baten inguruko erreflexio bi sortu dizkit, bata alderdien handinahiaren ingurukoa eta bestea estrategia politikoen ingurukoa.

Alderdi batek beren kideei estrategia politiko orokor baten planteamendua egin, diskusioa ireki, zuzentzeak onartu eta erabakiak hartu egiten baditu, ezinezkoa behar du izan aliantza politiko determinatu batzuen ukazioa gertatzea bozka unean bertantxe. Bietako bat: aliantza, eta beraz, oinarrizko planteamendu politiko baten inguruko debaterik ez da burutu, edo estrategia horren inguruko desadostasun sakonak daude kide horien artean. Lehendabizikoa larria litzake, alderdiek beren buruari aplikatzen dioten demokratikotasunaz ari baikara, baina halere, bigarrena dirudit larriagoa, izatez, estrategi politiko baten gabeziaren isla baita. Handiak diren eta handiak izan nahi duten alderdi askotan gertatzen da estrategia garbi baten gabezia, izatez, helburu eta metodologia irmoak izatea handitasunarekin nahiko kontrajarria den kontzeptua da eta. Alderdietako zuzendaritzek badakite beren postura politikoak gehiegi definitzea kide galera izatea suposa dezakeela, izan ere, zenbat eta gehiago definitu hainbat eta desadostasun gehiago egoten direlako, eta horregatik maiz, handitasuna bera helburu bihurtzen da.

Diskutigarria da noski helburu politiko bat lortu ahal izateko erabili beharreko metodologia, horrek ematen baitu debaterako nahi adina aukera. Baina gauza desberdina da alderdi batek estrategia ezkutatu behar badu edo estrategia horren oinarrizko planteamenduak zalantzan jartzen badira, kasu horretan ez dugu alderdi aberats batez hitz egiten eta, baizik eta sinesgarritasun gabezia latza duen proiektu batez baino. Eta estrategia falta alderdiaren kalterako izanen da ziurrenik, baina zalantzarik gabe kaltetuena beti herria da. Azken finean alderdiak baitira politika egiten duten eragile nagusiak.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

Gazte Abertzaleak-ek bere poza adierazten du, Maiatzaren 25eko hauteskundeetako emaitzak direla eta

Eusko Alkartasunako gazte-taldeak gaur jakitera eman duen prentsa-ohar baten bidez zera adierazi du: “pozik dagoela bai EA-PNV/PNV-EA koalizioak, bai eta bakarrik aurkeztu garen udaletan Eusko Alkartasunak lortutako emaitzak ikusita”.

Erakunde independentistarentzat “Euskal Herriaren eskubide eta askatasunen aurka jasaten ari garen eraso-giro honetan, azken urteotan jasandakoa gaindituz gainera, Gazte Abertzaleak eta Eusko Alkartasunako ordezkari publikoak Batzar Nagusietan eta udaletan egoteak gure herriaren eskubideak defendatzeko lan zintzoa eta koherentea egingo dela ziurtatzen du”

Gazte Abertzaleak taldeak zera gehitu du: “pozgarria da nahiz eta hedabideetan errealitatearen desitxuratze-kanpaina izugarrizkoa egiten ari diren, euskal gizarteak itzelezko erantzuna eman du herriaren eskubideak eta askatasunak babestu dituzten, babesten dituzten eta babestuko dituzten aukera bakezale eta demokratikoen alde”.

Eusko Alkartasunako gazteek adierazi dutenez: “gogorarazi nahi dugu hauteskunde hauek demokraziarik gabeko egoeran egin direla; alde batetik bizitza normala bizi ezin duten eta askatasun osoz euren adierazpenak ezin egin dituzten herritar ugari dago gure herrian, ETAren indarkeriaren mehatxupean, eta bestetik joan zen igandean gure herrian dauden aukera politiko guztiei botoa emateko aukerarik izan ez duten herritarrak daude. Baina zailtasun-une eta demokraziarik gabeko garai hauetan demokraziaren garapenean sakontzeko ahalegina egin behar dugu, gure herriarentzako konponbideak aurkitzeko atsedenik hartu gabe lan eginez.”

Amaitzeko, prentsa-oharrak adierazten du: “Gazte Abertzaleak taldeak, erakunde errepublikarra, independentista, ezkertiarra eta ejertzito eta indarkeria mota guztien aurkakoa denez, bere esku dauden metodo eta tresna guztiak erabiliko ditu, baldin eta metodo eta tresna horiek bakezkoak eta guztiz demokratikoak badira, pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatzea lortzeko, inolako salbuespenik gabe, eta eskubide guztietan lehena abiapuntu izanik: bizitzeko eskubidea”.

Gaia: Euskal Herria

WordPress Themes