Nazio eztabaida-gunea

Egoera politikoaz kezkatuta, berri egarriz, egunero irakurtzen dira egunkariak, egunero entzuten dira irratiak, egunero ikusten dira telebista kateak eta egunero izaten da solasaldiren bat elkarrizketa kidearekin eta ziur naiz Euskal Herriko populazioaren gehiengo bat gatazka politiko honen konponbidea bideratuko duen prozesu politikoaren zain dagoela, non elkarrizketaren bidez, planteamendu desberdinak plazaratuko diren eta gehiengo batentzat onargarri izango den akordio politiko bat lortuko den. Beraz, jokatu dezagun arduratsu.

Zer da, ordea, arduratsu jokatzea? Lehendabizi, sortzen diren elkarrizketa foro desberdinetan parte hartzea proposatzailearen izen abizenak ahazturik. Planteamendu politiko oso aldenduak daude gure herrian, eta desberdintasun horiek higatzeko baliagarriak dira harreman politiko guztiak, proposatzailea edozein izanda ere. Eta bigarrena, eztabaida desberdinetan parte hartuko duten eragile ororen helburua konponketa izatea; ez, aldiz, norbere interes politikoen nagusitasuna bermatzea.

Udal hautetsien Biltzarrak Nazio Eztabaida-gunea abiarazi du. Eta Eztabaida-guneari aplikatu diezazkioke aipatutako bi ardura desberdinak. Alde batetik, ezinbestekoa delako, are eta gehiago, beharrezkoa, elkarrizketa, konfrontazio, borroka dialektiko prozesu horretan parte hartzea. Izatez, ikuspegi politiko batetik, onura asko eta galera bakarra ikusten baitiot elkarrizketa horietan parte hartzeari. Onuren artean, denen arteko zubiak eraikitzea, giza harremanak sustatzea, blokeo eta konfrontazio dinamika gainditzea, herrian itxaropena berriz zabaltzea eta planteamenduen arteko hurbiltzea. Elkarrizketa hauen garaipen osoa konponketarako baliagarri izango den hurbiltze bat litzateke, baina Itaca hori lortu gabe ere, aipatutako onura guztiak lortuak leudeke, eta, beraz, hurrengo saiakeran emaitza lortzea errazagoa litzateke. Eta galera? Bakarra, baina garrantzitsua. Hainbestetan erabilia izaten den kostu politikoa. Halere, nire buruari galdera bat egiten diot: existitzen al da kostu politikoa herri baten normalizazio politikoaz ari bagara? Zilegi al da kostua planteatzea herri baten arazoen konponketaz ari bagara? Nik ezetz uste dut. Eta parte hartzekotan exijitu beharrekoa da bigarren ardura: norberaren interesak alde batera utzita, jarrera konstruktibista izatea, eta objektibotasunez aritzea, Euskal Herria ez baita nahi genukeena, kalean dakusaguna baizik.

Prozesua ondo egiten ari den seinale da bertan parte hartzen duten eragileak publiko egin ez izana. Horretan jarraitu beharko lukeela uste dut. Argi izan behar baitugu, euskal gizarteari akordio politiko bat aurkeztuko zaionean, lehenaldira baino etorkizunera begiratzeko prest egongo dela. Gainontzekoa, historialari eta politikologo- entzako lana izango da.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

Gazte Abertzaleak taldeak Euskal Herrian sinbolo frankistak egotea salatu du, desobedientzia zibileko ekintza baten bidez

GA-k gaur goizean Bilboko erdialdean dagoen Posta Bulego nagusiko fatxadan armarri frankista bat dagoela salatu du.

Erakundearen hainbat kide Posta-egoitzara hurbildu gara eta bitartean zenbait kidek “Desobedientzia frankismoari” eta beste lelo batzuk idatzita zeukaten pankartak zabaldu dituzte, “Desobedientea” izeneko lan-talde berriaren elastikoa jantzita zutela.

Bilboko Correos egoitzan desobedientzia zibilako ekintza antolatzen

Bi kidek 7 metroko eskailera bat jarri dute posta-egoitzaren zati irtenera igotzeko eta pankartarekin armarri frankista estaltzeko igotzen hasi dira, Postako segurtasun-zerbitzuek “eskailera botako zutelako” mehatxua egiten zuten bitartean.

Armarri frankista eztali nahiean bi GAko kideak eskaileretatik igo ziren

Pankartak zabaltzen minutu batzuk eman ondoren jaitsi egin dira. Orduan Ertzaintza agertu da eta igo direnak identifikatu ditu.

Pankartak zabaltzen

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Arabako Batzar Nagusietako mahaikide Iñaki Saez-ek zera esan du: “Zoritxarrez, Euskal Herrian oraindik ere badaude sinbolo frankistak eta horregatik salatu nahi ditugu, herri hau gorrotatzen zuen eta euskaldunen eskubideak eta askatasunak kentzen saiatzen zen jendeak eraiki zituelako”.

Pankarta zabalik

Ekintza egiteaz gain, aukera “DesobedientEA” taldea aurkezteko aprobetxatu da. Talde honek Gazte Abertzaleak-en barruan dihardu lanean desobedientzia zibila gure idealak aldarrikatzeko modu ez-biolentotzat erabiltzeko. Iñaki Sanchezek, esaterako, esan du desobedientzia beharrezkoa dela “uste baitugu hau bide egokia dela gure herriarentzako askatasuna eta ukatzen zaizkigun eskubideak lortzeko”. “Egunero Madrildik Euskal Herriaren aurka egiten diren eraso sistematikoak” ere aipatu dituzte, eta egoera horren aurka “borrokatzeko” desobedientzia tresna gisa erabiltzearen alde agertu dira berriro ere.

Iñaki Sánchez Martin Aranbururekin komunikabideei adierazpenak egiten

Azkenik, zera esan dute: “Sinbolo eta ideologia frankista guztiak kentzea eskatzen dugu eta horrez gain, frankista guztien aurreko desobedientziaren alde egiten dugu, beti ere borroka-modu baketsuak erabiliz”.

Egin klik hemen ekintzari buruzko bideoa behera kargatzeko. 3 mega eta erdi hartzen ditu eta ekintzaren 30 segundoko laburpena ematen du.

Quicktime programa www.apple.com/quicktime/ behar da bideoa ikusteko

Aldarrikapena egiten ari ginen bitartean banatu dugun panfletoaren testua..

Gaia: Euskal Herria

Heldu da garaia

Gutxi dira gure herrian bizi dugun egoera politikoagatik arduraturik ez dauden herritarrak, asko edo gutxi, guztiei eragiten baitigu gatazka honek. Interes politiko gutxiko herritarrak ere larritasun izpiren bat izan dute PPko arduragabe arduradunek autonomia arriskuan dagoela zabaldu dutenean. Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren hiru kide fiskalaren kereilapean, Legebiltzarreko batzorde-buruak Sozialista Abertzaleak taldearen parte-hartzea bideratu ez dezagun mehatxupean eta argi utziz autonomia bertan behera uztea PPk kontrolpean dituen erakunde espainolen erabaki ahalmena dela. Egoera honi deritzot konfrontazio instituzionala, edo bestela esanda, konfrontazio politikoa. Eta horregatik hain zuzen heldu da herri honen garaia.

Gatazka politikoak soluziobide bakarra du beti: akordio politikoa. Zapaltzaile eta zapalduen arteko itun hori fortzatu ahal izateko jorratu beharreko estrategiaren adostasun faltan egon da herri honen independentismoaren batasun ezaren gakoa, borroka armatua izan delarik batasuna ezereztatu duen printzipioa edo aitzakia. Norberak erabili dezala bidezkoen jotzen duen hitza. Dena dela, konfrontazio armatuak eszenatoki politikoaren araberako justifikazioak izaten ditu beti, batez ere, konfrontazio alternatibak eragiten ez badira. Hain zuzen, asko izan dira eta gara burruka politikoaren eraginkortasun sakonagoa defendatu dugunok, eta ondorioz, enfrentamenduzko dinamika politikoen aldeko apustua egin dugunok. Garai hori heldu da.

Konfrontazioa areagotu egin da. Eta oraingoan dialektika hutsetik baino haratago doan konfrontazioan gaude. Atzera egitea ezinezkoa da. Alderdi abertzaleak sobera dakite zein izango den Madrildik etorriko zaigun jarrera, eta beraz, erantzun beharko diete: atzera eginez edo aurrera joaz. Erdibiderik ez dago, batez ere PSOEk ere PPren estrategiaren alternatibarik ez duelako.

Heldu da konfrontazio politikoaren benetako unea. Politikoki tinko eutsi eta adostasun bat fortzatu. Eta Espainiak hartu beharko du erabakia: adostasuna edo borroka. Bata izan zein bestea indar egoera behar dugu euskaldunok, zalantzarik gabe, herria jarriz lehentasun bezala, eta garai historiko hau aprobetxatu behar dugula argi edukiz.

Beldurra ere zabalduko da euskaldun askoren artean asko baitago galtzeke. Baina izugarri dago irabazteke. Besteak beste konfrontazio militarra politiko huts bihurtzea, eta ondorioz, batasun eszenatoki bat lortzea. Eta bada galdu ezinezko beste premiazko kuestio bat: herri duintasuna. Ezin dugu gure historia ahaztu: zer ginen, zer kendu ziguten eta zer garen. Oso baliagarriak dira guretzat Marcos azpikomandanteak esandako hitzak: «Hemen oroimenari justizia esaten diogu». Hemen ere. Justizia oroimena da. Zer ginen eta zer geneukan. Sinple eta argi.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

WordPress Themes