Bergarako proposamena

Bi aukera daude Bergarako proposamenaren inguruan: benetako eskaintza politiko zintzoa da eta, beraz, borroka armatua prozesu politiko bihurtze zorian daukagu, edo ahulezi politiko eta militarrak eragindako denbora-irabazte taktiko bat da.

Badira, nire ustez, oso esanguratsu diren hainbat eta hainbat xehetasun txiki, baina baikorra izatera bultzatzen nauten arrazoiak bi dira: alde batetik, Batasunak esandakoa eta, bestetik, erakunde armatuak esandako beste bat. Edozein alderdiren eskaintza politikoa aztertzeko, beronen zintzotasuna egiten diren planteamenduen berritasunaren arabera baloratu daiteke neurri handi batetan, hots, betikoa esaten duen beste eskaintza batek sinesgarritasun handiegirik ez du; aldaketa kualitatibo garrantzitsuak biltzen dituen planteamendua, ordea, fidagarriagoa da, nire ustez, are eta gehiago Batasunaz berba egiten badugu. Batasunak egindako proposamenean premiazko jauzi kualitatibo bat dago: herriaren ordezkaritza, hots, zerrenda bateratu horri Euskal Herriaren ordezkaritza onartzen zaio Estatuaren aurrean. Hau da, proposamen horren egileak asumitu egiten du Estatuarekin egin beharreko negoziaketa herriaren hitzak hautatutako ordezkaritzaren bidezko prozesu politiko batean datzala; ez, ordea, presio militarraren ondorioz eragindako negoziaketa behartu bat.

ETAren komunikatuan dakusat nik baikorra izateko beste argudio bat. Erakundearen hitzetan, ETA ez da oztopo izango abertzaleen arteko elkarlanerako. Honen erroan ETAren onarpena dago, hain zuzen, alderdien elkarlanerako oztopo delako onarpena. Ez al da hori urrats kualitatibo bat? Erakundeak bere buruari zentzu negatiboa duen oztopo kontzeptua lotu egiten dio eta nik uste, norbere buruarekin kritiko izateak ere erakusten du proposamen baten zintzotasuna.

Egia da gauza gehiegi esateke daudela oraindik gure herrian. Gustatu edo ez, errealitate honen konponketak ariketa konstante batera behartzen gaitu: konponketa borondateak aprobetxatzera eta aukerak alferrik ez galtzera. Bergarako proposamenaren oinarrian erabaki estrategiko bat dago, aprobetxatu beharrekoa, herri honen eszenatokia errotik aldatu eta gatazka parametro politikoetan bakarrik murgildu dezakeena. Urrats horrek denen partetik esfortzuak eta diskurtso aldaketak exijitzen ditu, bereziki, lehenaldia ahaztuta eta igarotako gertakarien erantzukizunak leporatu nahiak alboratuta. Bergarako proposamenaren ildotik ezinezkoa izango da euskal bloke bat eratzea, baina baliagarria izan behar du prozesu politiko definitibo bat hasteko. Francesc Macià kataluniarrak esaldi batean laburbiltzen zuen herri baten sentimendua: «Sozialki bidezkoa, ekonomikoki oparoa eta politikoki askea izango den herria nahi dut». Goazen bada.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

Demoak eta demokrazia

Demoak eta demokrazia

Ez da erraza sentitzen eta buruan ditugun ideia guztiak paperera ekartzea.
Badirudi eskubideak Europako Batasunean ez direla berdinak jende
guztiarentzat eta honi buruz jendeak ez du gehiegi hitz egiten. Joan den
urtarrilaren 8an Baionan epaituak izan ginen Gazte Abertzaleak-eko lau
kideei ez- tabaida honetarako garaia orain dela iruditzen zaigu. Europar
Konstituzio bakar bat egin nahi delako eta eztabaida herrira jaitsi behar
delako. Nola egin liteke Konstituzio bat estatu inperialisten ikuspuntua
bakarrik hartuta?

Bai Frantziako eta bai Espainiako agintari zentralistak, bat datoz euskal
kulturaren eta euskararen exis- tentzia onartzerakoan. Bat datoz era berean
euskal kultura eta euskara zanpatzeko nahian. Eta hori egiteko tresnak
agerian ditugu. Alde batetik hor dugu espainolen kode penala. Malgutasun eta
erraztasun guztiz, nahi denean gauetik egunsentira aldatu daitekeena.
Egunkariak itxiaz, euskararen erabilera bermatzen dituen arauak urratuz,
ikastolen diru iturriak oztopatuz, eta abar.

Estatu frantsesean ere antzeko zerbait gertatzen ari da. Baina kasu honetan
egoera larriagoa da, euskara ofiziala ez delako, ikastolak marrazoz beteriko
itsaso beldurgarri batean askatasun uharte txikiak direlako, iparraldeak ez
duelako nortasunez antolatzeko erakunderik, estatu osoko lurralde
behartsuenetako bat delako, jende gazteak kanpora jo behar duelako lana
aurkitzera eta euskarari eguneroko bizitzan erabilgarritasuna izateko milaka
oztopo inposatu dizkiotelako. Abagune honetan, iparraldeko euskal
biztanleria mobilizazio eta antolaketa garaian sartu da. Aipagarrienak
Batera, Euskal Departamenduaren aldeko taldea, eta Demoak, euskaldunon
eskubideen aldeko gazte mugimendua. Hauen aurrean Frantziako agintarien
jarrera Aznar eta bere txotxongilo taldearen antzekoa da. Inmobilismoan
tinko. Ultra- nazionalismo inperialista demokraziaz mozorrotzen. Indar
militar-poliziala erabiliaz. Manifestazioak eragozten dizkigute, hitza kendu
nahi digute, kartzelatu nahi gaituzte… baina arrazoia geure aldean dugu.
Euskara mantendu nahi dugu. Minbizia du. Hiltzorian dago eta ez dute hatz
bat ere mugitu nahi bere alde. Sarkozyk bere azken bisitan esan zuenez
«euskarari laguntzeko prest gaude, baina ez pentsa ofizialduko dugunik».
Nola lagundu dakioke horrela hizkuntza bati?

Urriaren 8an, 120 pertsona Hendaiatik Baionara arteko trenbideetan bildu
ginen mus txapelketa bat egiteko eta tren geltokietan Euskararen falta
salatzeko. Frantsesa, gaztelania eta ingelesa erabiltzen hasi behar dira
tren geltokietan, baina euskararentzat ez omen dago dirurik (matematika
arazoa izango da). Egoera mingarri eta jasangaitz hau salatzea justifikatua
aurkitzen dut. Baina badirudi oker nagoela. 120 pertsonatik 63 atxilotu
gintuzten, eskuetan kateak jarri eta polizia-etxeetan eman genuen arratsalde
osoa. Joan den Abenduaren 22an, 24 atxilotuk tren geltokian okupazio
sinboliko bat egiteagatik. 18 ordu polizia-etxean.

Modu honetako ekintzak baina helburu desberdinekin, Frantzian zehar behin
eta berriz egin izan dira azken hilabeteetan (eskola publiko frantseseko
irakasleek, nekazariek, metal Euro- pako langileekS). Baina erakundeen
erantzuna ez da berdina langileriaren eskubideen aurrean edo herri baten
eskubideen aurrean. Demoak joan den urtarrilaren 8an epaitu gintuzten.
Zergatik 63 gazteren aurkako salaketa hau SNCFren partetik eta milaka
grebalari frantsesen aurka txintik ez, ekintza berdinarengatik? Arrazoia
dugulako eta agintariak ipurdia agerian dutela utziko ditugulako beharbada?
Urtarrilaren 8an mus txapelketaren «hordagoa» egiten saiatu ginen, Baionako
epaitegian beste desobedientzia ekintza bat egiten. Euskararen erabilera
justiziaren aurrean, hain zuzen ere. Baina jarrera inmobilista eta jakobinoa
aurkitu genuen. Epaileak eta fiskalak Iparraldeko euskaldunei hau esaten
zieten behin eta berriz: «Zuek frantsesak zarete eta Frantziako hizkuntza
ofiziala frantsesa da, ez duzue itzultzailea izateko eskubiderik»,
hegoaldekooi berriz: «Zuek espainolak zarete eta euskara erabili dezakezue,
itzultzaileak itzuli dezala». Aurreko epaiketekin alderatuta, ezberdintasun
bat egon zen, aurrekoetan epaiketa zuzenean moz- ten baitzen euskal hitzik
entzun bezain azkar. Bai Hegoaldekoek eta bai Iparraldekoek euskaraz hitz
egin ahal izan genuen. Baina Iparraldekoen hitzek ez zuten baliorik, ez
ziren kontuan hartzen, itzultzaileak itzultzea debekatua baitzuen kasu
horietan. Eskubiderik gabeko hizkuntza da Iparraldean gure euskara.

Frantziako Konstituzioak bere 2. artikuluan dioenez, «Frantziako hizkuntza
ofizial bakarra frantsesa da». Hori baieztapen argia da, baina ez da inondik
inora beste gainontzeko hizkuntzen debekua aipatzen baieztapen horretan.
Zein agirik, zein legek, zein arauk esaten du epaiketa batean euskara ezin
daitekeela erabili? Itzultzailea epaiketan bertan zegoen, epailearen
aurrean, itzultzeko prest. Baina epailea ez zegoen «pauso historiko» hori
emateko prest. Ziur nago Parisko botereen errepresalien beldur zela. Egoera
larri horren aurrean epaileak ez zuen duda izpirik. Poliziak deitu zituen.
Izugarrizko jipoiaren ondoren eta hainbat irain, umiltze eta malko-gas
artean Justizia Jauregitik ostikoka atera gintuzten. Zauritu pila bat eta
atxilotu bat (kargurik gabe aske utzia ordu batzuk pasa ondoren).

Argi ikusi genuen polizia antolaketa baten aurrean geundela. Erantzuna ez
zen bat batekoa, aurreikusia zegoen. Ez ginateke harrituko horrelako
mugimenduen aurrean hartu beharreko erabakiek eta epaiek nolakoak izan behar
duten Parisetik zehaztuak izatea.

Europar Konstituzio berriak eskubide linguistiko guztiak bermatu behar ditu
baina hizkuntza berbera dugunok ez ditugu eskubide berdinak. Mugarik gabeko
Europari buruz hitz egiten digute baina mugak egunero inposatzen dizkigute
Paristik eta Madrildik. Hezkuntza berdina, hizkuntza berdina dugu, lagun
talde berdinetan gabiltza, batera ikasi dugu, Euskaldunak gara, Europarrak
gara eta eskubide linguistiko desberdinak, hizkuntza berdina erabili arren.
Honek ba al du zentzurik? Konstituzio bateratu horretan erantzunik izango
ote du horrelako eskubide urratze bortitzak?

Beldurra eman nahi digute. Epaileak epaia irakurri ondoren, mehatxua bota
zuen: horrelako ekintza baten aurrean, hurrengoan kartzela-zigorrak izango
dira. Baina ez gaituzte ikaratuko, gure herriaren geroa kolokan dago, gure
hizkuntza hil nahi dute eta prest gaude hori ekiditeko lan egiteko. Jo
egingo gaituzte berriro, iletik tiraka aterako gaituzte, isilarazten
saiatuko dira baina ez dizkigute ahotik arrazoia eta euskara lapurtuko. -

* OHARRA: Garbiñe Iglesias, Gaizka Barañano, Haritza Camblong eta Koldo
Larrañaga epaituak izan ziren Gazte Abertzaleak-eko kideak dira.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Haritza Camblong

Komunikabidea: Gara

Berriztagarriak edo nuklearra?

Duela aste batzu, gure Journal maitean, etorkizunean erabili beharko liratekeen energia iturriei buruzko elkarrizketa bat agertzen zen. Frantzia mailan, gai hau aztertzeko eztabaida izan da gobernuak bultzaturik, etorkizuneko politika energetikoa erabakitzeko. Journaleko elkarrizketan agertzen zen adituak, eztabaida hau ez zela zuzena izan zioen. Aitzinetik gobernuak harturiko erabakiak justifikatzeko egina zela soilik, eta beraz ez zela egiazko eztabaida izan. Frantzian nuklearrak duen lobby-a ikusirik, baliteke hala izaitea bai.

Gure gizarteak geroz eta energia gehiago erabiltzen du, eta ez dirudi tendentzia hau bat batean aldatzeko gai izanen girenik. Bestalde, zentral nuklearrak zahartzen ari dira. Nahiz eta momentuz haien bizia luzarazi, egun batez hetsi beharko dira. Orduan, frantses gobernuak erabaki bat hartu beharko dut, zentral zahar horiek sorturiko energiari alternatiba bat hautatuz, eta badirudi alternatiba hori jadanik hautatua dutela: beste zentral nuklear batzu eraikitzea.

Egia da zentral nuklearrek ez dutela zuzenki berotegi efektuan eta euri azidoetan eragina duten gasik isurtzen, ikatzaz, petrolioz edo gasez ibiltzen diren zentral termikoak ez bezala. Zentzu hortan, nuklerrak, Tokioko protokoloa errespetatzea laguntzen du, eta Frantziak ingurumena errespetatzen duen iduria emaiten du. Bainan nuklearrak beste eragozpen batzu ditu. Hasteko, Tchernobyleko istripuak adierazi zuen gisan, oso prozesu lanjerosa da. Bestalde, ondarkin erradioaktiboak sortzen ditu. Ez dakigu oraindik nola tratatu behar diren, eta beraz egonkorki leku batean uztea da momentuz aterabide bakarra, horrek ingurumenari eragiten dion kaltearekin. Gainera prozesu zentralizatu bat da: zentral nuklearretan sortzen den energia beste lekuetara eraman behar da. Hortarako, bazterrak itsusten dituzten kable eta zutabe dorre ugari erabili behar dira, eta gainera energiaren garraio hortan galerak badira. Azkenik, etenik gabeko prozesu bat da, erran nahi du beti ibiltzen dela, horren beharrik ez delarik ere, erraite baterako gauetan.
Ingurumenarekiko sentsibleagoak diren herrialdeetan, Alemania eta Dinamarkakoen gisan, energia berriztagarriak bultzatzen dira. Hauek abantaila handiak dituzte. Berriztagarriak direnez, helduko diren belaunaldientzat oraindik erabilgarriak izanen diren iturriak dira. Gainera, gehienak ez dira kutsakorrak. Energia lokalak dira, erran nahi da ez direla garraiatu beharrik eta ekonomia lokala bultzatzen dutela. Ez dira prozesu iraunkorrak, beraz nahi delarik geldi daitezke. Desabantailak ere badituzte noski. Haien kostua energia tradizionalena baino handiagoa da eta ez dira iturri egonkorrak gehienak. Hala ere, kostuari dagokionez, iturri bakoitzak ingurumenari eragiten dion kaltea kontuan hartzen balitz, berriztagarri batzu ez lirateke horiek baino garestiago izanen. Eta ez egonkortasunari aurre egiteko, energia iturriak dibertsifikatu behar dira. Horrek, hornikuntzari bermea ekarriko bait lioke.

Nik argi dut etorkizunean energia berriztagarriak erabili behar direla eta ez nuklearra. Ala ere, erran ohi den bezala, energia berriztagarri hoberena, kontsumitzen ez den energia da. Hori izan behar da lehentasuna, energia guttiago kontsumitzea. Beraz ea denak kontzientziatuagoak eta militanteagoak bihurtzen giren, denen artean kontsumo hori jausteko!

Gaia: Justizia soziala

Egilea: Haritza Camblong

Komunikabidea: Le Journal du Pays Basque

Gazte Abertzaleak-ek Garoñaren aurkako manifestaldian parte hartu zuen

EA-ko Gazte Erakundeak ?Araba sin Garoña? ekimenari bere atxikimendua eman zion eta PP-ren hipokresia salatu zuen.

Gazte Abertzaleak-ek, Eusko Alkartasunaren gazte Erakundeak, pasa den larunbatean ospatu zen Garoñako Zentral Nuklearraren aurkako manifestaldian parte hartu zuen. Euria zaparradari aurre eginez, milaka lagun atera ziren Gasteizko kaleetatik arazo honi erantzun gogorra eta argia emateko.

Iñaki Sánchez-ek, GA-en Arabako Kordinatzailea eta Biltzar Nagusietako kidea zioenez, ?arabarrok PP-ri argi utzi behar diogu Garoñaren aurka gaudela, Biltzar Nagusietan ikusi zen bezala?. Sanchez-en iritziz, ?beste gai baztuekin gertatzen den bezala, PP-k, honetan ere, arabarron hitza ez du errespetatzen?. Horregatik, Gazte Abertzaleak-en ordezkariak adierazi zuenez ?Gasteizko kaleetan ikusi da PP, berriro, bakarrik geratu dela?.

Aldi berean, GA-ek PP-ren hipokresia salatu nahi du. ?Orain esaten digute Garoñak hamar urte gehiago jarraituko duela, eta gainera, Europako Komisioa-k Kiotoren ituna betetzeko Energia Nuklearra bultzatzea beharrezkoa dela dio. Europako Komisioan energi gaien arduraduna PP-ko Loiola de Palacio anderea da. PP iruzur eta gezurretan ari da eta, alderdi honek, gizarteari azaldu beharko lioke bere apostua energia nuklearraren alde egitea dela. Beste Txernobil bat gertatuko balitz, arduradunek izenak eta abizenak izango dituzte?.

Beste alde batetik, GA-k beste alderdi batzuen jarrera ere salatu zuen. EAJ-k, adibidez, manifestaldira joateko atxikimendua eman arren, duela bost urte, Abiadura Handiko Trena (AHT-a) martxan jartzeko Frantziako energia nuklearra ekartzen ez zuen arazorik izan.

Halako ekimenak bultzatzen direnean, kontuan izan behar dira bai ondorioak, bai bultzatu nahi dugun eredua. Ez du balio Zentralak Euskal Herritik gertu ez ditugula nahi esatea, gero eredu jasangaitzak bultzatzen baditugu.

Gaia: Justizia soziala

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Gazte Abertzaleak-ek Garoñaren aurkako manifestaldian parte hartzera deitzen du

EA-ko Gazte Erakundeak “Araba sin Garoña” ekimenari bere atxikimendua ematen dio eta PP-ren hipokresia salatzen du.

Gazte Abertzaleak-ek, Eusko Alkartasunaren Gazte Erakundea, deialdi bat egiten dio arabako gizarteari parte hartzeko hurrengo Larunbatean ospatuko den manifestaldian Garoñaren Zentral Nuklearraren aurka. Iñaki Sanchez GA-en Arabako Kordinatzailea eta Biltzar Nagusietako kideak dioenez, “arabarrok argi utzi behar diogu PP-ri Garoñaren aurka gaudela, Biltzar Nagusietan ikusi zen bezala”. Sanchez-en iritzian, “beste gai baztuekin gertatzen den bezala, PP-k ez du errespetatzen Arabarren hitza”. Horregatik, Gazte Abertzaleak-en ordezkariak adierazten du “Gasteizko kaleetan ikusi behar da PP, berriro, bakarrik geratu dela”.
Alde berean, GA-k salatu nahi du PP-ren hipokresia.” Orain esaten digute Garoñak hamar urte gehiago jarraituko duela, baina Europako Komisioa-k esaten du Kiotoren ituna betetzeko beharrezkoa dela Energia Nuklearra bultzatzea. Energiaren arduraduna Europako Komisioan Loiola de Palacio anderea da, eta Loiola de Palacio PP-rena da. Beraz, PP gezurtzen ari da eta azaldu beharko luke bere apostua energia nuklearraren alde. Beste Txernobil bat gertatuko balitz, arduradunek izenak eta abizenak izango dituzte.
Beste aldetik, GA-k beste alderdien jarrera salatu nahi du. EAJ-k, adibidez, bere atxikimendua eman dio manifestaldiari, baina duela bost urte ez zuen arazorik Frantziako energia nuklearra ekartzeko AHT martxan jartzeko. Halako ekimena bultzatzen denean, kontuan izan behar dira bai ondorioak, bai bultzatu nahi dugun eredua. Ez du balio esateak Euskal Herriaren ondoan Zentralak ez ditugula nahi, eta gero eredu ezinjasagarri bat bultzatzea.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

63 lagunen epaiketa desobedientzia zibilaren ekintza bategatik

Bihar, urtarrilaren 8an, Baionako epaitegian 63 gazte epaituak izango dira desobedientzia zibilaren bidetik egindako ekintza bat delitutzat hartzeagatik.

Pasa den azaroaren 8an Euskal Herri mailan desobedientzia zibilarekin konpromezua daukaten taldeek Baionako trenbideko hainbat puntutan mus txapelketa bat antolatu zuten Frantziako gobernuko politika linguistikoa era baketsuan salatzeko. Iparraldeko trenbide sareak euskerarekiko daukan jarrera salatzeko ekin zioten “txapelketari”, lurralde honetan ematen den berezitasun linguistikoa errespetatzen ez dela adieraziz.

63 lagun hauek erakunde ezberdinetako kideak izanik: DEMOAK, Desobedientzialariak, Gazte Abertzaleak, Desobedienteak, … euskal herritarron eskubideak bermatzen ez dituzten jarrera hauen aurrean, erantzun bera emateko beharra ikusita ekintza hau aurrera eraman zuten, honengatik haien gain eroriko zen zigorra asumituz.

63 hauetatik 10 hegoaldekoak dira, eta biharko epaiketan azken hauek soilik izango dute euskerazko itzultzaile baten zerbitzua, iparraldekoek deklarazioa frantsesez egin behar izango dutelarik.

Hauen artean Gazte Abertzaleak-eko batzorde nazionaleko lau kide daude eta bai hauekiko bai gainontzeko beste lagunekiko alkartasuna adierazteko Gazte Abertzaleak-ek bihar, arratsaldeko 2-etan Baionako epaitegian egingo den epaiketan azaltzeko deialdia egiten du. DENON KONPROMEZUA DELAKO, GUZTION ESKUBIDEAK DIRELAKO, BIHAR BAIONARA!!!

Gaia: Giza eskubideak

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Zaramagako Alkartetxea berriro ere irekita egongo da!

Orain hilabete batzuetatik hona, Zaramagako Alkartetxea itxita zegoen, izan ere alkartetxe honen arduradun lanetan ziharduen mutilak taberna utzi zuen.

Gasteizko Gazte Abertzalekoek taberna hau irekitzea pentsatu zuten, pertsona askorentzat elkargune bat suposatzen zuelako leku honek, eta auzokide askok bere kexak eta ideiak plazaratzeko erabiltzen zutelako.

Horretarako GA Gasteizkoek alkartetxea martxan jartzeko bere egoera ebaluatu eta garbiketa, margoketa, eta berriketa lanak hasi zituzten. Egun batzuk eman dituzte taberna txukuntzen eta atzo Euskal Herriko beste puntuetatik margoketa lanak amaitzeko etorri ziren beste GAkide batzuk lagunduta, margoketa amaitu zuten.

Goizetik gauerarte han eman genuen egun osoa, hamaiketakoa han bertan izan genuen, eta gero taberna batean bazkaldu, arratsaldez lanari ekiteko. Barrutik guztia margotu genuen, pasada asko egin genituen ondo gelditu zedin, eta nahiz eta baten batzuek marroi kolore hura oso gogorra zela pentsatu genuen, azkenean txundituta gelditu ginen zeren eta egia esanda oso polito gelditu zen. Barre batzuk egin genituen ere, batzuek Kanboko ikastola garbitzeko lortu zituzten buzoak eraman baitzituzten, eta nabari zen margoaren profesionalak ez ginela. Benito asko zegoen han!

Bitartean kanpokaldean pertsianak ere margozten geniharduen, lehenengo txuriz margotu eta gero lehendik folio batean margotuta genekarren eskema arkatzez marraztu genuen. Pixkanaka pixkanaka koloreak ematen hasi ginen, eta pertsiana batean zeharo saila bada margoztea marrazki bat, (kontutan izan ez dela uniformea), oso ondo gelditu zen.

Margoketa lanak egiten genituen bitartean jende asko urreratu zitzaigun, ia noiz irekiko genuen galdetzera, ze askotan etortzen baitziren taberna honetara. Bestalde jendea handik pasatu eta marrazkia gustoko zutela esan eta horrelako “pintadak” eta ez “beste motako pintadak” behar zirela komentatzen ziguten.

Eguna oso positiboa izan zen, ez bakarrik jendeak faltan botatzen zuelako gure alkartetxea, baizik eta elkarlanean ibili ginelako eta GA inoiz baino bizirik dagoela ikusi zelako. Hori izan behar da gure lan ildoa, auzoz auzo mugitu eta batera lan egin!



Kanpokoa margozten hasten

Kanpokoa hasten
Egin klik irudian haundiagoa ikusteko



Kanpokoa forma hartzen

Pertsiana, forma hartzen hasten da.
Egin klik irudian haundiagoa ikusteko



Kanpokoa koloreztatzen

Kanpokoa koloreztatzen
Egin klik irudian haundiagoa ikusteko



Lana bukatuta

Lana bukatu eta gero…
Egin klik irudian haundiagoa ikusteko



Jona barrukaldea margozten

Jona barrukaldea margozten
Egin klik irudian haundiagoa ikusteko



Barrukaldea primeran gelditu zen

Barrukaldea primeran gelditu zen
Egin klik irudian haundiagoa ikusteko



Atseden momentua

Atseden momentua…
Egin klik irudian haundiagoa ikusteko

Gaia: Jardunaldiak

WordPress Themes