Gazte Abertzaleak: 2004 Apirila 30
Egun batez, Igelen arteko lasterketa bat antolatu zen. Helburua, dorre baten gainera ailatzea zen. Jende asko hurbildu zen lasterketa ikustera, haien oihuen bidez lasterkariak animatzea eta ikuskizun hortaz gozatzea. Lasterketa hasi zen. Bainan ikusleek ez zutenez uste igel lasterkariak dorrearen puntara ailatzen ahalko zirenik, lasterketaren inguruan gehien entzuten zena hau zen: Zoin pena! Igel horiek ezingo dira bururaino ailatu… ez dute lortuko….. Igelak etsitzen hasi ziren. Bainan haietako batek, dorrearen puntari buruz joaiten segitzen zuen. Jendeak gauza bera erraiten segitzen zuen: Zoin pena! Zuek ez duzue lortuko!. Eta igelak morala galtzen ari ziren, eta ez zuten helburua lortzea gehiago entseiatzen. Soilik aitzineko igel horrek segitzen zuen, eta geroz eta indar gehiagorekin. Lehiaketaren bukaeraruntz, denek abandonatu zuten igel horrek izan ezik. Kurioski denen pesimismoaren aitzinean, aitzina segitu zuen, eta tontorreraino iritsi ahal izan zen bere indar guziak baliatuz. Besteek, nahi izan zuten jakin nolaz erreusitu zuen. Igel bat hori bera galdetzera joan zitzaion garaileari. Eta zertaz ohartu ziren?… elkorra zela!
Gure inguruan ere, historia hortan bezala, giro ezkor batek inguratzen gaitu usu, gure ametsak bete nahi ditugularik. Giro horrek gaitu askotan gure helburua lortzea eragozten. Amets eta helburuak bururaino eraman nahi baditugu, giro hortarik bereizi behar gira, historiako igel garailea bezala. Ez dezagun sinets gure ametsak ezin direla bete. Dena eman dezagun haiek betetzeko.
Heldu den aste buruan, Baionan, ameslari anitz bilduko da Foro Sozialaren kari, mundu hobe bat egin nahian. Dudarik ez, gizartearen gehiengo bati, politak iduritzen zaizkigu ameslari hauek eraiki nahi duten mundu berri hori, bainan horrekin loturik diren hainbat helburu ezinezkoak direla errepikatzen daukute, eta azkenean, gehienek abandonatzen dugu.
Asteburu berean, beste ameslari batzu, mundu hobe batean sinesten duten gazte batzu, bilduko dira ere bai, Biarritzeko Gazteen Aterpean. Leku hortan du bai Gazte Abertzaleak erakundeak ospatuko haren VII. Kongresua, Geroa Gurea lelopean. Leloa ona da. Igel elkorrak bezala, hori egiaztatuko dela sinesten badugu, ezkortasuna baztertuz, leloak erran bezala geroa gurea izanen da, eta orduan, mundu hobe bat eraikitzen segitzen ahalko dugu eraginkortasun handiagoarekin.
Gaia: Euskal Herria
Egilea: Haritza Camblong
Komunikabidea: Le Journal du Pays Basque
Gazte Abertzaleak: 2004 Apirila 29
Maiatzaren 1 eta 2an Gazte Abertzaleak-en 7. Biltzar Nagusia ospatuko dugu Miarritzen. Ponentzia politiko bat eztabaidatuko dugu gure proiektu politiko eta soziala indartzeko. Han bertan Batzorde berri bat izendatuko dugu.
Biltzar Nagusi honetan Euskal Herriko hainbat gazte erakunde politikoak gonbidatuta daude. Era berean, beste Herrialdetako erakundeek parte hartuko dute, hain zuzen ere, Jouventuts de Esquerra Republicana de Catalunya (JERC), Galiza Nova, Chobenaia Aragonesista edo Juventudes Andalucistas.
Egitaraua:
Larunbata maiatzak 1
10:00 Akreditazioak
10:30 Biltzarraren hasiera
14:00 Bazkaria
16:00 Biltzarraren jarraipena
Igandea, maiatzak 1
10:00 Akreditazioak
10:30 Hautagaien aurkezpena
11:00 Batzorde eragilearen hautaketa
11:30 Nazioarteko delegazioen agurrak
12:00 Batzordearen izendapena
Gaia: Politika orokorra
Gazte Abertzaleak: 2004 Apirila 25
Rodriguez Zapatero jauna espainiar Gobernura heldu denetik, kalean bigarren trantsizio bat hasiberria dela entzuten dut behin eta berriz. Egia ukaezina bada, Führerzitoaren agintea bukatu berria dela eta edozein jarrera aldaketak tentsioa murrizten duela.
Azken zortzi urteotan atzerapen demokratiko itzela jasan eta gero, badirudi jarrera demokratikoagoa izango duela espainiar Gobernu berri honek. Baina, egia dena ere bai, zera da, trantsizio berri bati hasiera emateko eta gobernu honek benetako kutsu demokratikoa lor dezan lehenengo eta behin legegintzan eta justizian PPk egindako hainbat eskubideren urraketa suposatu duten ekintzak atzera bota beharko dituela Zapaterok.
Batasunaren ilegalizaziotik hasita, Zigor Kodeari eta Justizia sozialari dagozkieneraino. Euskal Herriak espainiar eta frantziar estatuekin duen gatazka onartzeko eta honi elkarrizketaren bidez aurre egiteko ausardia ere izan beharko luke. Behingoz autodeterminazio eskubidea onartuz, gure eskubidea baita.
Benetako bigarren trantsizioa ote da egun biziko dugun egoera berri hau? Espainiar Gobernuaren eskuetan dago.
Gaia: Politika orokorra
Egilea: Ibon Usandizaga
Komunikabidea: Gara
Gazte Abertzaleak: 2004 Apirila 9
Hezkuntza Sailak datorren ikasturtetik aurrera hartuko dituen neurri berriek, bai eskolan bai gizartean, aurrerapauso garrantzitsua ekarriko dute derrigorrezko hezkuntza amaitzen duten gazteak elebidunak izateko helburua lortzeko. EAEko hezkuntza sistemak behar zituen aldaketak dira, zalantzarik gabe, ausardiaz hartuak eta errealitatearen azterketa sakona egin eta gero proposatuak.
Anjeles Iztuetaren esku dagoen Saila oso aldaketa kualitatiboak sustatzen ari da euskarari bultzada emateko; orain aurkeztutakoak ez dira lehenak bide horretan. Nahiz eta hainbat alderdik gogor kritikatu, euskara indartzeko eta bere ezagutza bermatzeko helburuarekin egin ditu sailburuak; euskal hezkuntza sisteman gure hizkuntzaren ezagutza bermatzeko neurriak dira, alegia.
Argi dago zein den proposatutako aldaketen helburua: gazte guztiak erabat elebidunak (eleaniztunak, egia esan) izatea derrigorrezko hezkuntza amaitzean. Horrela, legea betetzeaz gain, gazteak lan munduan integratzeko momentuan berdintasun egoeran egongo direla ere bermatzen da. A, B eta D ereduak indarrean egon eta urte luzeetara datoz aldaketak; beraz, aurretik izan diren emaitzak ondo aztertu dira eta indartu beharreko atalak ere ikusi dira.
Horixe egin da: ereduak oinarri euskararen ezagutza sendotzeko baliabideak jarri. Eta, kritikak izan diren arren, zentzuz egin da hori, eredu sistema hankaz gora jarri gabe eta gurasoen aukera errespetatuko dela ziurtatuz. Gurasoak dira seme-alaben hezkuntzaren inguruan azken hitza dutenak, zalantzarik gabe, eta erabaki guztiak dira errespetagarriak. Baina hausnarketa bat bota nahi diet datorren ikasturterako haurrak A ereduan matrikulatutako gurasoei (%7 baino ez). Zertan ari dira pentsatzen seme-alabei aisialdiaz gozatzeko zenbait bide kendu, gizarteratzeko hainbat aukera baztertu eta lan merkaturako bidea zailtzen? Elebitasunari ezetz esaten dioten haurrak sistematik kanpo geratzeko arriskua dute egungo eta etorkizuneko Euskal Herrian, eta gure aberastasun kulturalik handiena ezagutu eta konpartitzeko aukerarik gabe gera daitezke. Euskararen normalizaziorako asko falta da, baina bidea egiten hasi gara.
Eva Bidania Ibargutxi
Gazte Abertzaleetako Batzorde Nazionaleko kidea
Gaia: Hezkuntza
Egilea: Medio/Komunikabidea
Komunikabidea: Berria
Gazte Abertzaleak: 2004 Apirila 5
Datorren Igandean Aberri Eguna ospatuko dugu Santanape Frontoian, Gernikan. Han bertan Euskal Herriaren eskubide nazionalak aldarrikatuko ditugu.
Gaia: Euskal Herria
Gazte Abertzaleak:
Eusko Alkartasunaren proposamena marko politiko berri baterako aztertuko dugu Joserra López-Larrinagaren eskutik, Bizkaiko Biltzar Nagusietako eta GA-ko kidea.
Gaia: Politika orokorra
Gazte Abertzaleak:
L.O.U aurre egiteko, Eusko Legebiltzarrak Euskal Unibertsitatearen Legea onartu du. Martin Aranburuk, Eusko Legebiltzarkideak eta GA-ko kideak, eta Jon Barrutiak, Hezkuntza Sailburu ordeak, aztertuko dute lege hau.
Gaia: Hezkuntza