Andoni Iturzaeta x gazte abertzaleen idazkari nagusia
«Eskuin autonomistari alternatiba bat eman behar zaio»
Andoni Iturzaeta 25 urteko gazte tolosarra aukeratu dute, bigarrenez, EAko Gazte Abertzaleen idazkari nagusi.
edurne begiristain – GASTEIZ
Gazte Abertzaleak erakundeak VII. Biltzarra ospatu zuen pasa den asteburuan Miarritzen. Idazkari nagusia aukeratzeaz gainera, datozen bi urteetako lan ildoa finkatuko duen txosten politikoa eta estatutuak ere onartu zituzten.
Zer ondorio atera duzu Biltzarratik?
Balorazio baikorra egiten dut. Azpimarratzekoa da txosten politikoak izan duen batasuna, erakundea osatzen dugun gehienok gauzak nahiko argi dauzkagula erakusten duelako: norantza joan nahi dugun eta zein arlo jorratu nahi ditugun.
Jon Haritz Bengoetxeak idazkari nagusirako beste zerrenda bat aurkeztu zuen. Elkartearen barruan desadostasunik al da ?
Bi hautagai egotea aberasgarria izan da, eta nik normalatasunez hartu dut. Funtsezkoena da bi zerrenda egonagatik, guztiok gai izatea elkarrekin leku berera joatea. Finean, ideologikoki batasuna egon badago elkartearen barruan. Desadostasunak, erakundea ulertzeko moduan edo bete beharreko funtzioan egon daitezke. Hortik ulertzen ditut desadostasunak, ideologikoki batasuna dagoenez, bestelako zentzurik ez diodalako ikusten.
Idazkari nagusiaz gain, ponentzia politikoa eta estatutuak ere onartu dituzue. Zeintzuk dira Gazte Abertzaleak erakundeak datozen bi urteei begira dituen erronka nagusiak?
Kanpora eta barrura begirako erronkak ditugu. Kanpora begira, Gazte Abertzalearen erronka da independentzia eta sozialismoaren inguruan ezkerra alternatiboa sortzea, eta gure mezua sozializatzea. Barrurantza begira, berriz, guk uste dugu alderdiaren barruan abanguardia eta bermea izan gaitezkeela. Abanguardia, planteamendu berriak ausardiaz mahai gainean jarri ahal izateko, eta bermea, ponentzian esaten dena betetzeko.
Txosten horretan, EAJ eta EAren arteko koalizioaren aurka azaltzen zarete. Zer dela eta?
Geure burua sozial-demokratatzat, abertzaletzat eta independistatzat dugun neurrian, logikak dio elkarlana bideratzerakoan ideologikoki gertutasun handiagoa dugun alderdiekin bideratu behar dugula. Batez ere, herri honetako eskuin autonomistari alternatiba bat eskaintzeko. Askotan ematen du EAJren alternatiba bakarra Eusko Jaurlaritzan PSE edo PP dela. Baina zergatik ezin daiteke alternatiba izan abertzaletasunetik abiatuta eta justizia sozialaren printzipioetatik sortzen dena?
EAren proiektuak autonomoagoa behar duela uste duzu?
Nik uste abagune desberdinek bultzatu dutela koalizioak egitera, eta ezin uka horrek oso ondorio positiboak izan dituela.Gaur egun mundu guztiak hitzegiten du autodeterminazioaz, eta hori garaipen bezala onartu behar dugu. EAJk duela urte batzuk zituen jarrera autonomista eta paktistengandik apur bat urruntzea lortu dugu, eta gaur egun EAJk ere autodeterminazioaren eztabaida normaltasun osoz hartzen duela dirudi. Hala ere, EAJ herri honetako alderdi hegemonikoa izanik, orain beste aurrerapauso bat eman behar da, euskal ezkerraren esparrua sendotze aldera.
Aralar, Batzarre, Abertzaleen Batasuna eta Zutikekin aliantzak egitearen aldekoak zarete. Eta legez kanporatutako ezker abertzalearekin?
Aipatu alderdi horiek eta guk hiru printzipio argi eta garbi ditugu: independentismoa edo abertzaletasuna, ezkerra edo justizia soziala eta giza eskubideekiko errespetu zurrunena. Zentzu horretan, muturreko ezker abertzalea barne eztabaida fase batean dago eta estrategia aldatzen ez duen bitartean, zaila izango da gainontzekoekin lan egitea. Hala ere, hori gaindituz gero elkarlana bideragarria izan liteke, guztiz. Hor dugu Lizarra-Garaziko akordioa.
Jaurlaritzaren Estatutu berrirako proposamena ez duzue begi onez ikusten. Labur esanda, zein da egitasmoari egiten diozuen funtsezko kritika?
Proposamenari hanka batzuk falta zaizkio guk nahiko genukeen bezain integrala edo sakona izateko. Esaterako, ez dugu gustuko Ipar Euskal Herria edo Nafarroako egoera sakontasun gehiagorekin ez aztertzea, herri-galdeketa egiteko ETA erakunde armatuaren etenaldia aurrebaldintza gisa jartzea, lurraldetasunaren gaia jorratzeko modua… Hala ere, alde positiboagoak ikusten dizkiogu ezkorrak baino. Izan ere, EAJ behingoagatik 25 urte eta gero prest dago autodeterminazioa bezalako kontzeptuaz, markoaren aldaketaz, bigarren transizioaz, Europan ordezkaritza izateaz… eztabaidatzeko. Hainbeste urte eta gero klabe horietan urratsak emateko prest egotea ez da gutxi. EAJ herri honetako alderdi hegemonikoa da eta aldaketak nahi baditugu, gustatu ala ez, bera aintzat hartu behar dugu. Hori bai, ez gaude prest onartzeko PSErekin zenbait akordioetara ailegatu nahi izateagatik, berez gure nahiak asetzen ez dituen egitasmo horretan beherapenak egotea.
Planaren edukietan beherapenak egonez gero, Eusko Alkartasunak gobernutik irten beharko lukeela diozue txosten politikoan.
Alderdi sozialistari entzunda arrisku hori ikusten dugu. Izan ere, PSErekin samur izango litzateke Europan ordezkaritza izatea edo Gernikako Estatutuak dituen eskuduntza guztiak bereganatzea. Baina, gure ustez, eztabaida beste maila batean dago: eztabaida maila ez da Estatutua bai ala ez, Estatutua menpekotasun egoera bat delako beti. Klabea beste bat da eta egungoa ez da eskuduntzen inguruko eztabaida, autodeterminazioaren eztabaida baizik. Eta horretan ez dugu beherapenik onartuko.
Zer nolako harremana duzue EAren zuzendaritza berriarekin?
Gu erabat ados gaude alderdiaren ildoarekin, eta uste dugu zuzendaritza gure ildoarekin bat datorrela. Lehen esan dudan bezala, Gazte Erakunde gisa dugun zereginetako bat da Eusko Alkartasuna proiektu autonomo bezala defendatzea, ezker nazionalaren ildoan sakontzea eta orain arteko dinamika koalizionistarekin eta herri honetako eskuin autonomistarekin apurtzea.
Gaia: Elkarrizketa
Egilea: Medio/Komunikabidea
Komunikabidea: Berria