“www.gazteoneuropa.org” Web-a martxan

Europar hauteskundetarako egin dugun weba martxan dago jadanik. JERC, GA eta Chobenalla Aragonesista erakundeon artean egindako web-an, beste gauzen artean, kanpainako ekitaldiak, “Herrien europa” koalizioan parte hartzen duten beste erakunde eta alderdiekin loturak eta hiru erakundeon artean adoztutako manifestua aurkitu daiteke.
Lau hizkuntzetan zintzilikatuko da interneten: katalanez, aragonesez, euskaraz eta gaztelaniaz.

Gaia: Internazionala

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Ibilaldia 04 “alkarregaz heldu”

Aurton ere Gazte Abertzaleak-ek Bizkaiko Ikastolen aldeko jaian parte hartu du. Atzo, maiatzaren 30ean, Leioan ospatu zen jai-egun berezi honetan 130.000 euskaltzale bildu ziren Leioako Betiko Ikastola eta Sopelako Ander Deuna Ikastolaren aldeko apostuan. Goizeko eguraldia nahiz eta kaskarra izan eguerdi alderantz hobetzen hasi zen, honek lagundu zuen arratsaldeko giroa erabat berotuta egotea.

Aurtongo Ibilaldiak 7 kilometroko ibilbidea izan zuen, 7 gunetan banatua. Gazte Abertzaleak-ek 6. gunean izan zuen arratsaldeko txanda edarien txosnan, hots, eguerdiko 14:30etatik iluntzeko 19:30ak arte. Hainbat gaztekide bildu ginen han euskeraren aldeko konpromezuan lan egiteko eta zer esanik ez, gure hizkuntza eguneroko bizitzan erabili eta bermatzeko. Arlo hau bere muinetik jorratzen duen Gazte Abertzaleak-eko Euskara Talde-ko kideak ere han bildu ziren, beraien helburuak (euskera egin eta eragin) sustatuz. Oso giro aproposa izan zen beste taldeekin harremanak egiteko eta bultzatzeko.

Ezin dugu ahaztu, Betiko Ikastolako zuzendari ohia eta egungo irakasle izan zen kepa Butron gernikarra gogoan izan zutela egunean zehar, bihotzekoak jota hil zen, gauean. Ibilaldia euskeraren alde lan tinkoa egindako Eusko Alkartasuna-ko kide eta Gernikako zinegotzia-rentzat omenaldia bilakatu zen. Horrela zuzendu zuten ekitaldiko sarrera han bildutako guztiek.

Jarrai dezagun euskerarekin eta euskal kulturarekin dugun konpromezua sustatzen. Horrela bada, animatzen zaituztet Ekainaren 6an Irunean egingo den Euskal Eskola Publikoaren jaian eta ekainaren 20an Bastidan ospatuko den Araba Euskaraz-en gauza bera egiten, zera, PARTE HARTZEN.

Gaia: Euskal Herria

Demoak

Euskal Herria >
Demoek euskaraz egin zuten, baina epaileek ez zieten ulertu. Trenbidea ixteagatik jasotako zigorraren helegitea aztertu zuten.

Luze jo zuen atzo Paueko Auzitegian 63 demori urtarrilean jarritako
zigorraren aurka ezarri zuten helegitea aztertzeak. Epaileek banan-banan entzun zituzten Hego Euskal Herrikoek euskaraz egin adierazpenak
frantsesera itzulita eta Ipar Euskal Herriko zenbaitenak itzuli gabe.
Fiskalak guztiei zigor bera jartzeko eskatu zuen. Epaia, irailaren 16an.

PAU

Epaileek errespetuzko jarrera agertuz eta euskaraz egindako adierazpenak eten gabe deklaratu zuten atzo, Paueko Auzitegian, trenbidea ixteaz akusaturiko 63 demoek. Joan den urtarrilaren 15ean jasotako zigorraren aurka demoek jarritako helegitea atzo aztertu zuten.
Ohiko elastiko horiak soinean eta giro lasaian sartu ziren epaitegiko aretoan. Epaileek bakoitzaren nortasuna egiaztatu ondoren, banan-banan deitu zituzten deklaratzera.

Hego Euskal Herriko herritarrek euskaraz egin zituzten adierazpenak frantsesera itzuli zituzten. Ipar Euskal Herrikoei, joan den urtarrilean Baionan izandako epaiketan ez bezala, oraingoan epaileek ez zieten debekatu euskaraz hitz egitea. Demoek euskaldun batzuei uzten dietena besteei debekatzearen paradoxa salatu zuten epaileen aitzinean. Beste auzipetu batzuek frantsesez egin zuten deklarazioa.

Guztiek ekintzaren zergatiak azaldu zizkioten epaitegiari; euskararen egoera larria izanik, zerbitzu publikoetan eta, bereziki, SNCFn daramaten kanpainaren helburuak agertu zituzten.

Epaileek arrazoi horiek ulertzen zituztela adierazi zuten, baina argi utzi zieten, hala eta guztiz ere, «arauak aldatzen ez diren bitartean, legea bete» egin behar dela.

Urtarrilaren 8an, Baionan egin lehen epaiketan, istilu larriak jazo ziren. Epaileen nahiaren kontra, demoek euskaraz hitz egiteari eutsi zioten eta epaiketa ordubetez eten zuten. Azkenean, poliziakideek indarrez atera zituzten aretotik, eta hainbat zauritu eragin.

Atzo, auzipetu guztientzat isun berbera eskatu zuen herri salatariak, eta, urtarrilean, isunez gainera, hiru demori hiru hilabetez gidabaimena kentzeko ezarri zieten zigorra ezabatzeko eskatu zuen. Datorren irailaren 16a arte ez dute ezagutaraziko epaia.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Gara

Demoak eta Demokrazia

Atzo berriz ere GAko 4 kide epaituak izan ziren euskera defendatzeagatik.
Urtarrilaren 8an, Baionan lehen epaiketa euki zuten eta golpeka atera zituzten. Hartan 63 Demoei zigor ekonomikoa ezarri zieten eta hizkuntza eskubideak urratu zizkietela salatu zuten.
Atzo, ekainaren 1ean,orduan aurkeztutako zigorraren aurkako helegitea aztertu eta gero egin beharreko epaiketa ospatu zen.
Berriz ere, bai Iparraldeko zein Hegoaldeko Demoek euskaraz egin zuten; baina Baionan gertatu ez zen bezala, Epaileak euskaraz egindako deklarazio guztiak onartu zituen.
Azkenean, Fiskalak guztiei zigor bera jartzeko eskatu zuen eta sententzia jasotzeko irailaren 16a arte itxaron behar izango dute.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

WordPress Themes