Nafarroa Oinez

Gazte Abertzaleak urtero bezala Nafarroa Oinezen parte hartu zuen, antolakuntzari bere laguntza emanez, aurten Lizarrako ikastolaren esku. Gero eta garrantzitsuagoa da Nafarroako ikastolen festa partehartze arrakastatsua izatea, horrela euskara Nafarroako hizkuntza dela erakusteko, politika linguistiko eta pairatzen dituen erasoen gainetik. Zentzu honetan, Gazte Abertzaleak eskerrak eta zorionak eman nahi dizkio antolakuntzari, etengabeko jai giro ederrean igaro baitzen aurtengo Nafarroa Oinez.

Lizarrara gerturatu ginen Gazte Abertzaleak-eko kideak, goizez ibilbidea bete eta gero, arratsaldean 1 guneko txosnan lanean aritu ginen. Han bertan ikusi ahal izan genuen Euskal Herriko lurralde guztiak Nafarroarekin erakutsitako alkartasuna, leku guztietako euskaltzaleak gerturatu baitziren.

Datorren urtean, Gazte Abertzaleak berriro Nafarroa Oinez-en egongo da.
Altsasun alkartuko gara !!!

Gaia: Politika orokorra

Hipokritak

Urriaren hasieran, Gazte Abertzaleak-ek «Euskal Unibertsitate Nazionalerantz» kanpaina aurkeztu zuen. Kanpainaren helburua Euskal Herriak, nazio gisa, unibertsitate nazional baten beharra zuela erakustea zen, inposatzen dizkiguten hezkuntza ereduei aurre egiteko, eta nazio eraikuntzaren bidean derrigorrezko pausoa delako unibertsitate bateratu bat lortzea.

Alde horretatik, joan den astean, Leioako campusera joan ginen Gazte Abertzaleak-eko zenbait kide. Kartelak jarri eta landutako kanpainaren informazio triptikoak banatu genituen. Sorpresa! Hurrengo astean, kartelen gainean, «Hipokritak: Gazte Abertzaleak, espainolen morroi» gisako leloak irakur zitezkeen. Ez dut kartelen gainean jarritakoak jarri izana salatuko, norberak pentsa dezala ekintza ondo edo gaizki dagoen, edo, hobeto, pentsa dezala kartelak jarri eta horien gainean bertan iraintzen zaituztela.

Baina, diodanez, ez da hori gutun honen xedea, mezuari berari erantzutea baizik. Argi eta garbi uste du gure kanpainak Euskal Unibertsitate Legea positibotzat hartu izana LOU espainola gelditzeko aukera eman duelako izan dela, ez gure azken helburuen isla delako. Hortaz, euskal unibertsitate nazionala lortzeko beharrezko urratsa.

Ulertzen dut, beraz, ez garela izango espainolen morroiak, haien lege bat eteteko, Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako beste baten alde bagaude. Nola lor daiteke, bestela, unibertsitate propioa, hasieratik lege horri aurre egiteko ezer ez badugu jartzen indarrean? Nire ustez, zail samarra da errealitate juridiko-politiko desberdinak dituzten lurraldeetarako lege bera sortzea, ez al da horrela? Zaila ez, zoritxarrez, ezinezkoa. Denok dugu Estatu espainolaren eta frantsesaren jokabide politikoaren berri, eta badakigu inork ez duela formula magikorik, bi egunetan, izaera nazionala duen erakunde bat sortzeko.

Bukatzeko, gustatuko litzaidake nabarmentzea, geure kanpainak dioen moduan, Euskal Unibertsitate Legea sistema espainolari aurre egiteko baliagarria izan den hasiera bat besterik ez dela. Hipokrisiarik ez dago geure hitzetan, lehenengo urratsa emanda baitago. Bidea pausoz pauso egingo dugu guztion artean, formula magikorik asmatu ezean, baina gero eta gutxiago falta da euskal unibertsitate nazionalerako

Gaia: Hezkuntza

Egilea: Urtzi Jauregibeitia

Komunikabidea: Gara

Bizkaiko Gazte Abertzaleak-ek Leioako kanpusera doan Bizkaibusen zerbitzuaren murrizketa kritikatzen du

Eusko Alkartasunaren Bizkaiko gazte erakundeak Eusebio Melero Diputatu
Foralak aurrera eraman nahi duen Bizkaibus zerbitzuaren murrizketaren
plana kritikatzen du, eta bereziki Leioako Kanpusera doan zerbitzuaren
murrizketaren aurka agertzen da, kalitatezko zerbitzu publikoen, ongizate
estatua bermatzearen eta mugikortasun iraunkorraren aurka doalako.

Neurri hauen kontra agertzen da, alde batetik erakunde publikoek ongizate
estatua bermatzen duten neurriak bultzatu behar dituztelako, eta ez
alderantziz. Sistema publikoa ez da enpresa bat. Zerbitzu publikoen
kudeaketan errentabilitate soziala da helburu bezala euki behar dana eta
ez errentabilitate ekonomikoa soilik.
Leioako Kanpusera ikasleek joateko daukaten modu bakarra kotxez edo
autobusez da.

Beste alde batetik, betidanik, erakunde publikoek mugikortasun
iraunkorraren ildoan doazen neurri zehatzak bultzatu behar dituztela
mantendu dugu, mugitu behar direnak pertsonak baitira eta ez ibilgailuak,
eta plan hori filosofia honen kontrakoa da

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Gazte Abertzaleak Hispanitatearen jaia inposatutakoa eta arrotza dela uste du

Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasunaren gazte taldeak, adierazten du hispanitatearen eguna, hego Euskal Herriko euskaldunei inposatutako jai eguna dela. GAren ustetan, Espainiako patroiaren eguna ez da Euskal Herrian ospatu beharreko eguna , euskal gizarteak behin eta berriro bere etorkizun nazionala erabakitzeko eskubidea aldarrikatu duelako eta espainiar gobernu desberdinak eskubide hau aitortu ez diotelako. Beraz, gazte erakundeak, espainola euskaldunei inposatutako nazionalitatea dela adierazten du eta behingoz euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko aukera izan dezan eskatzen dio Espainiar gobernuari.

Hispanitatearen egunean jai arrazoi desberdinak egiten dute bat, Guardia Zibilaren eguna eta arrazaren goraipamena besteak beste, frankismo garaian ematen ziren ospakizunen parametro berdinetan antolatutako eguna beraz. Bide honetan, Gazte Abertzaleak egun hau ez ospatzearen nahia adierazten du, jai hau euskaldunontzat iraingarria eta arrotza delako, euskaldunak hispanoak ez diren heinean eta behin eta berriro Guardia Zibila Euskal Herrian ez egotearen gura adierazi duelako euskal gizarteak.

Azkenik, Gazte Abertzaleak desfile militarra eredu propagandistiko nazional zaharkitu bat besterik ez dela adierazi nahi du eta desfilean erakusten diren armen benetako helburua zein den gogoratu nahi dio gizarteari , helburu errealen kontra erabiltzea, Irak-en gertatu zen moduan

Ildo honetan, Gazte Abertzaleak “EZ ESPAINIA ,EZ FRANTZIA , INDEPENDENTZIA” lelopeko pankartak jarri ditu euskal hiriburuen sedeetan.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Ikastaroa: Ongizate estatua

Ongizate estatuaren ingurukoak garrantzi handia daukate guretzat erakunde ezkerzale eta abertzalea garen heinean. Horrexegatik eta urriaren 23-tik aurrera martxan jarriko dugun kanpainaren gaia ondo ezagutzea garrantzitsua delako, urriaren 9an ikastaro bat antolatu genuen.Ikastaroa Bilboko alde zaharrean dagoen Yohn jauregian ospatu zen. Bertan, Ongizate estatuaren historian murgildu ginen, gaur egungo Europako herrialde desberdinen egoerara heltzeko. Bidean, gizarteak izan dituen aldaketa ekonomiko eta sozialei erreparatu genien , egun ongizate estatua ikusteko dauden modu desberdinak ulertu ahal izateko.Jorratutako gaien artean, kapitalismo globala eta merkatu libre globalak ongizate estatuaren gainean duten eragin kaltegarria aurkitzen da, besteak beste.

Ikastaro aberasgarria izan zen parte hartu zutenentzat eta ongizate estatuari buruz ezagutza gehiago eman dizkiena parte hartu zutenei. Hemendik, hurrengo ikastaroetan parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu.

Gaia: Jardunaldiak

Gazte Abertzaleak espainiar gobernuari alderdien legea bertan behera uztea eskatzen dio

Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasunaren gazte taldeak, espainiar gobernuari alderdien legea bertan behera uztea eskatzen dio, arbitrarioki euskal gizartearen ahotsaren alde bat isiltzeko eginda dagoelako. Ildo honetan, Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasunak espainiar parlamentuan egindako proposamenarekin bat datorrela adierazi nahi du eta alderdi sozialistari talante demokratikoa behingoz erakusteko eskatzen dio, euskal gizarteari askatasun osoz bere aukera politikoa erabakitzeko bermea itzuliz.

Kanpaina elektoral aurreko egoera honetan, Gazte Abertzaleak-ek ulertzen du espainiar gobernuak bere erantzukizunak denboran hartu behar dituela eta lehenbailehen orain ilegalak diren aukera politikoak hurrengo hauteskundetan aurkezteko aukera izango duten edo ez esan behar duela.GAren ustetan, garrantzitsua da euskal legebiltzarrak ideia politiko guztien islada izatea, gizartearen nahia errespetatua izan behar delako gizarte demokratiko batean. Zentzu horretan, alderdien legea ideologia batzuk ordezkapen gabe uzteko giltza besterik ez dela azpimarratu behar da, gatazkaren konponketarako ezer ekartzen ez duen neurria. Gazte erakundeak gogoratzen du elkarrizketa eta politika instituzionala direla gatazkaren konponketarako klabeak eta lege honek arazoaren alde bat joko instituzionaletik kanpo uztera datorrela, horrela arazoaren konponketarako bideak itxiz.

Beraz, Gazte Abertzaleak exekutibo espainolari alderdien legea bertan behar uztea eskatzen dio , euskal gizarteari nahi duen ordezkapen politikoa izateko eskubidea urratzen diolako.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Adiorik inoiz Martin

Astelehen beltza igaro berri duguna. Hego haizeak epeldu ezin izan duen
astelehen hotza. Eguzki izpiek argitu ezin izan duten egun goibel eta iluna.
Martin, udazkeneko txoriek bezala hegoak astindu eta pixkana pixkana goraka
eginez, zeruaren urdinean galdu zaitugu.

Baina zure kantua dirau eta iraungo du nahiz eta udaberrian gure artera ez
zaren bueltatuko. Eta zure kantuaren doinuak lau haizeetara zabalduz, zure
ametsak, euskal herrirako eta euskaldunontzako ametsak, gure bihurtuko
ditu.

Bidailagun eta eredu zarelako, adiorik inoiz.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Andoni Iturzaeta

Komunikabidea: Gutuna

Kanpaina aurkezpena: Euskal Unibertsitate Nazionaleruntz

Gazte Abertzaleak-ek, prentsaurrekoan aurkeztu du bere euskal unibertsitate nazionalaren eraikuntzarako proposamena. Euskal Unibertsitate Nazionaleruntz lelopean, GA-k kanpaina honetan islatu nahi izan du euskal unibertsitate nazionalaren beharra, Euskal Herritik eraikia eta Euskal Herriarentzako egina izan behar duen unibertsitate modeloa. Kanpaina hau, inposatutako hezkuntza sistema zentralistei Gazte Abertzaleak beti egin dien erantzun sendoaren barnean kokatu behar da. Honen adibide dira LOUa eta PSOEk euskal unibertsitate legeari aurkeztutako inkonstituzionalitate errekurtsoa , ondo erakutsi digutenak Euskal Herriak unibertsitate propioa behar duela izan, Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemetatik independientea.

Ildo honetan, Gazte Abertzaleak-ek unibertsitatea, euskal gizartearen ardatz bezala ulertzen du; plurala, herrikoia, integratzailea eta irekia izan behar dena. Euskal kulturarekin konprometitua egon behar den unibertsitatea, euskalduna eta gizartearen behar ekonomiko eta sozialei bizkarra emango ez diena. Beraz, Gazte Abertzaleak defenditzen duen eraikuntza nazionalarekin bat datorren unibertsitatea, hezkuntza nazionala, publikoa eta kalitatezkoa bermatuko dituena.

Gaia: Hezkuntza

WordPress Themes