Ibon Usandizaga, Gazte Abertzaleak-en idazkari nagusiari, Berrian egindako elkarrizketa
Gazte Abertzaleetako idazkari nagusi izendatu dute Usandizaga. EAren lan ildoa eredutzat izanik, Ibarretxeren Plana sutsu aldezten du. EAJ-EA koalizioa, baina, ez du ontzat ematen. 27 urteko bilbotarra iritsi berria da GAren zuzendaritzara eta lanean hasi berria da. Ilusioz beterik eta patxadaz mintzo da, hedabide bati eskainitako lehen elkarrizketan.
Gazte Abertzaleetako idazkari nagusi izendatu berri zaituzte. Zein dira aurrean dituzun erronka nagusiak?
Gazte Abertzaleak gazte erakunde independentista eta autodeterminista izanik, Euskal Herriaren subiranotasunaren alde lan egiten jarraitzea eta justizia sozialaren eta ongizate estatuaren alde lan egitea da gure lana. Nazio eraikuntza eta eraikuntza soziala eskutik doazela uste dugu.
Zein da Gazte Abertzaleen papera EAren barruan?
Batez ere gure betebeharra da EAren gazte politika definitzea bere zeharkako arlo guztietan. Hau da, etxebizitzaren gaian, enpleguan, kulturan eta gainontzeko gaietan. Baita Eusko Alkartasunari eskatzea autodeterminazio eta independentziaren bidetik zein ongizate estatuaren bidetik joateko.
Eta, ze gaitasun dauka horretarako?
Guk daukaguna da ordezkari bat EAren nazio batzordean eta, gero, gehienok, EAren militanteak ere bagara. Beraz, Batzar Nazionaletan eta gainontzeko batzarretan gure proposamenak egiteko gaitasuna daukagu.
Orohar, zein eginkizun bete behar du gazteriak euskal politikagintzan?
Argi dagoena da gazteria herri honen etorkizuna dela eta, ondorioz, gogor lan egin behar duela egunen batean euskal errepublika sozial bat lor dezagun, eskubide sozialen bermatzean oinarritua egongo dena eta Europako Batasunean independentea izango dena.
Ze harreman mota dituzue gainerako gazte erakundeekin?
Orain arte, gainerako gazte erakunde guztiekin hitz egin da baina batzorde berria garenez, kontaktuan jarri behar dugu berriro. Ez dago arazorik guztiekin hitz egiteko.
Eta, elkarlanerako?
Hori aztertu beharko genuke. Gure nahia da mugimendu sozialekin harremanak estutzea.
Zer dute ikasteko alderdiek gazte erakundeetatik?
Normalean gazte erakundeak gehiago oinarritzen dira guztien parte hartzean, parte hartze demokratikoan. Eta, nik uste dut gauzak zintzotasun handiagoz, aurpegira, esaten direla gazteen artean. Hori ona da.
Elkarbizitza ereduei buruzko eztabaida mahai gainean dago. Zein izango litzateke zuen eredu propioa?
Gizarte justuago bat, eskubide sozialen bermatzean oinarritutakoa, herriak, hizkuntzak eta kulturak errespetatuko dituena, eta herriek hitza dutela onartuko duena. Euskal Herriko zazpi lurraldeak bilduko dituena.
Mahaigainean dauden proposamenen artean, Ibarretxe Planaren alde egiten duzue. Zein neurritan betetzen du defendatzen duzuen eredua?
Abiapuntu bezala ondo iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzaren Plana. Guk ahaztu ezin duguna da erakunde autodeterminista eta independentista garela. Baina EAk Eusko Legebiltzarrean egindako ekarpenen ondorioz, testua oso onargarria dela uste dugu. Bai lurraldetasunari dagokionez, bai arlo sozialen inguruan. Eusko Alkartasunak, zuzenketen bitartez, autodeterminazio kontzeptua sartu du testuan, eta lurraldetasunaren inguruan aurrerapausoa dela uste dut. Eta Iparraldean ere ondorioak izango ditu elkarlanaren bitartez.
Nahikoa da hori?
Ez. Uste dut abiapuntua dela. Abiapuntu bezala ez dago gaizki. Gure helburuak ez ditu betetzen baina aurrerapausoa da.
Bada esaten duenik hiru herrialdetarako estatutu batek ez duela gatazkaren konponbiderik ekarriko, sufrimendua luzatzea baizik.
Nik uste dut planteamentu maximalistak alde batera utzi behar direla. Epe laburrera begiratuz Eusko Jaurlaritzaren Plana positiboa da, baina, luzera begira, hori garatzen joan beharko da eta aurrera joan beharko da independentziaren bidean.
Batasunak ere proposamena aurkeztu zuen Anoetan. Zein balorazio egiten duzu haren inguruan?
Gure ustez, desberdintasunen bat badago Batasunaren jarreran, planteamendu horrekin. Baina egoera erabat aldatuko litzateke alderdi abertzaleen artean, muturreko ezker abertzaleak ideia politikoak soilik jarraituko balitu, indarkeria guztiz gaitzetsiz. Hitzak izan beharko luke Euskal Herrian erabiltzen den arma bakarra. Horrek, besterik gabe, zeharo aldatuko luke abertzaleon arteko elkarlan aukera.
PSE-EEk ere beste proposamen bat egin du.
Proposamen hori abertzaleak Eusko Jaurlaritzatik kanporatzeko besterik ez da. Proposamen konstituzionalista da, erabat, eta duen helburu bakarra da PSE Eusko Jaurlaritzara heltzea.
Egungo proposamen eta zurrunbiloaren erdian, zein lan du egiteko Nazio Eztabaidaguneak?
Argi dago Nazio Eztabaidaguneak azken soluzioa ez duela emango, baina laguntzen duela gutxieneko puntu batzuetan akordioetara heltzen. Gatazkaren konponketan aurrerapausoa suposatzen duen elementu oro baikorra da.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azkenaldian azpimarratu du gatazkaren konponbidea emango bada beharrezkoa izango dela preso politikoen parte hartzea prozesu horretan. Zer uste duzu horri buruz?
Nik uste dut euskal herritar guztiek dutela eskubidea herritar bezala parte hartzeko. Gatazkaren konponketarako oso beharrezkoa da baita ere, beste gauza batzuen artean, sakabanaketarekin bukatzea eta presoak Euskal Herriratzea.
EAJ eta EAren arteko koalizioa sinatu berri da. Zer deritzozu?
Gazte Abertzaleak taldea koalizioaren kontra dago, guk mantentzen dugulako EAk proiektu propioa daukala Euskal Herriarentzat. Proiektu hori hobeto eramango litzateke aurrera eta gizarteak hobeto ulertuko luke bakarrik joango bagina.
Handiak txikia jan egin ohi duelako?
Gertatzen dena da handiaren proiektua beti gehiago ikusten dela, eta txikiak, nahiz eta lan handia egin, arazo gehiago dituela hori ikustarazteko.
Laister dira EAEko hauteskundeak. Zer gertatuko da ondoren?
Gobernu konstituzionalista aukeratzen bada, subiranotasunerako bidea egitea zailagoa izango da. Gobernu abertzalea izanez gero, aurrerapausoak emango dira, dudarik gabe.
Zer ekar dezake une honetan Batasuna Eusko Legebiltzarretik kanpo geratzeak?
Batasunaren legez kanporatzea eskubide askoren urraketa izan da, demokraziaren beraren urraketa izan da. Eta Euskal Herrian bizi dugun egoera honetan ez du batere lagunduko. Ezin daiteke herriaren zati bat baztertu. Denek hartu behar dute parte Euskal Herriaren etorkizunean; hori da demokrazia.
Gaia: Elkarrizketa
Egilea: Ibon Usandizaga
Komunikabidea: Berria











