Ibiladia Durangon

Emon bostekoa leloarekin ospatu zen igandean, maiatzak 29an, Ibilaldia Durangon. Kurutzeaga Ikastola, Ibaizabal Ikastola kooperatiba eta Ikastolen Elkarteak antolatu zuten jaialdia, Durangoko Udalaren laguntzaz.

Gazte Abertzaleak jaialdian laguntzeko eskaini zen eta hala izan ere! 1 gunean, San Fausto gunean goizeko txanda egin genuen, zera, goizeko 9etatik eguerdiko 3ak arte edari txosnan. 15 bat lagun hurbildu ginen hara lan egitera eta ondo pasatzera, izan ere, arratsalde osoa izan genuen kontzertu, ibilbide eta beste zenbait ekitaldiez gozatzeko.

Goizeko orduetan eguraldi polita egin zuen baina eguerdi aldera euria hasi zen eta hala jarraitu zuen hurrengo egunera arte. Hala eta guztiz ere, jende ugari bildu zen atzoko egunean Durangon; haur, gazte, nerabe zein heldu. Batez ere, gazteek hartzen zuten lekuko kontzertuen guneetan. Nabarmentzekoa da gazteen adina. Gero eta gazteago joaten dira jaialdi hauetara, hots, bataz - besteko adina 14/15-17 urte izan zen.

Jarrai dezagun euskararen aldeko jaialdietan eta ekimenetan parte hartzen.

Emon bostekoa!!!

Emon bostekoa!!!

Emon bostekoa!!!

Gaia: Jaia

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Kartzelen egoeraren inguruko ikastaroa

Gazte Abertzaleak-ek pasaden larunbatean, maiatzak 28, Euskal Herriko eta espainiar estatuko presoen eta kartzelen egoeraren inguruko ikastaro interesgarria eta baliagarria ospatu zuen. Gaian behar bezala sakontzeko, Martuteneko kartzelako pastoralaren bolondres baten laguntza izan genuen, bere ezagutza eta bizipenekin, askotan gure gizartetik urrun dagoela ematen duen errealitate batera gerturatzeko aukera izan genuelarik.

Ulertu behar dugun lehendabiziko gauza, kartzela munduaren parte bat dela da, eta alde batera utzi behar dugula askotan hartzen diogun antza, aparteko mundu bat izango balitz. Hori da azken baten kartzelako bolondres baten lana, presoen egoera gizarteratzea bere eskubideak aldarrikatzen diren bitartean, askotan urratutako eskubideak baitira. Zentzu horretan, egungo kartzeletako argazkiak panorama iluna erakusten digu, non presoen %52a berrerorlea da eta 1/3 atzerritarrak diren. Datu hauek argi eta garbi erakusten digute birgizarteratze programak, askotan egoten ez direnak, lan antzua direla eta kartzela gizartearentzat deserosoak diren pertsonen isolamendurako eta zigorretarako guneak izaten jarraitzen dutela. Birgizarteratzeko zailtasuna pertsona hauentzat ikaragarri handia da, kartzelan jasan behar duten presio psikologikoa eta desgaste fisikoa dela eta, gaizki egokitutako eta zerbitzu gutxi eta zenbait kasutan osasungarriak ez diren zentroetan denbora luzea eman behar izaten dutelako.

Kartzela barruan egiten den lan garrantzitsuenetarikoa presoekin zuzeneko harremana da. Kasu askotan, presoa depresio egoeran dagoen pertsona da, itxaropen eta ilusio gabekoa eta gabezi afektiboak agerian dituena. Zentzu horretan, haiekin hitz egitea oso garrantzitsua da, batez ere lehengo graduan daudenekin bere zeldan egunean 23 ordu eman behar dituztelako eta beste presoekin harremana ia ez dutelako.

Asko eta asko izan ziren larunbateko ikastaroan ezagutu genituen anekdotak eta beldurgarriak entzun genituen datuak. Zalantza barik, hormetatik barrura zer gertatzen den ulertzeko baliagarria izan genuen esperientzia, presoen birgizarteratzerako eta kartzelen egoera hobetzeko boluntario lan egiten duen pertsona baten ahotik entzundako egoera tamalgarria eta ulergaitza.

Ikastaroaren irudia

 Ikastaroaren irudia

 Ikastaroaren irudia

Gaia: Justizia soziala

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Ikastaroa

Gazte Abertzaleak-ek EFAY-ren presidentzia izango du datozen bi urteetan

Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasunaren gazte erakundea, Rennes-en (Bretainian) izandako Batzar Orokorrean European Free Aliance Youth-en (Alianza Libre Europearen gazteak) presidentziarako aukeratua izan da. EFAY GA-k berak, JERC-ek, Galiza Nova-k, Juventudes Andalucistas-ek, Scottish National Partyren gazteriak, UDB-k eta PO-k bezalako gazte erakundeek osotzen duten erakundea da.

EFA edo ALE Europar Parlamentuan estaturik gabeko nazioak eta eskualdeak ordezkatzen dituen alderdi politikoa da eta bere helburua abertzaletasun eta eskualdetasun demokratikoak, ekimen zehatzak garatzea posible egiten duen, egitura politiko baten barnean kokatzea da.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Gazte Abertzaleak-ek Eusko Alkartasunaren legebiltzarkideei

Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasunaren legebiltzarkideak zoriondu nahi ditu bere laguntza eskaintzen dien bitartean, gure herriaren gerorako hain garrantzitsua izango den legealdi honi aurre egiteko. Zentzu honetan, GAk animatzen die justizia sozialaren eta Euskal Herriaren eskubide nazionalen alde lan egiteko, giza eskubideen defentsatik eta errespetutik, gure alderdiak bere sorreratik egin duen bezala.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Gazte Abertzaleak-ek Madrilgo atentatua indarrez gaitzesten du

Gazte Abertzaleak-ek, Eusko Alkartasunaren gazte erakundeak, Madrilgo atentatua idarrez gaitzesten du, ETAri euskal gizartearen ahotsa entzutea eskatzen dio, indarkeriaren erabileran bukatzeko eta zabalik dagoen momentu historikoan maila egokian egotea exigitzen dio.

GA-k indarkeriaren erabilerak bakegintza eta normalizazio politikoari inolako mesederik egiten ez diola mantentzen du. Eta berriz ere gatazkaren konponketarako elkarrizketa eta hitzaren erabileraren aldeko apustua egiten du.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

GA Conceyu Xoven-en VI. Nazio Biltzarrean

Maiatzak 21ean Conceyu Xoven-ek Leongo hirian bere VI. Nazio Biltzarra ospatu zuen. Bertan Abel Pardo berriz ere Idazkari Nagusi gisa hautatua izan zan. Bere hitzaldian, Ibon Usandizagak, Gazte Abertzaleak-en Idazkari Nagusiak, gure erakundea han izateak herrien arteko alkartasunaren islada dala eta horrela, berriz ere, abertzaleen alkartasunezaren falazia berez desegiten dala adierazi zuen. Madrilgo eta Valladolideko bulegoetatik, gaindituta dagoen estatu eredua inposatuz, herriari ezin zaiola hitza ukatu ere esan zuen. Era berean, Conceyu Xoven-en Nazio Batzordeari bere lanean zorte ona opatu zion Gazte Abertzaleak-en izenean eta Leonen autogobernuaren, Leongo Herriaren batasunaren eta bere hizkuntzaren ofizialtasunaren ildoan lanean jarraitzeko animatu zituen conceyuko kideak.

Conceyu Xove-ren biltzarra

Gaia: Internazionala

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Gazte Abertzaleak-ek tregua eskatzen dio ETAri bake prozesua eta normalizazio politikoari aurre egiteko

Gazte Abertzaleak-ek, Eusko Alkartasunaren gazte erakundeak, uste du Madrileko diputatuen ganbaran gertatutakoaren arabera, bake prozesua benetan hasteko eman beharreko urratsa ETAri dagokiola. Erakunde abertzalearentzat, alderdi politikoek erakutsitako jarrera, Alderdi Popularra izan ezik, argi eta garbi usten du, ETAk sortzen duen indarkeriarekin bukatzeko borondatea erakusten badu aro politiko berri batean sartuko garela. Gazte Abertzaleak-ek, ETAri eskatzen dio beraz, bakegintzaren inguruko elkarrizketa ahalbidetu eta klima politiko berri bat eragingo dituen mugagabeko tregua ematea, non errespetua eta akordio politikoa izan behar diren oinarri sendoak. Zentzu horretan, espainiar gobernuak ETArekin gauza teknikoetaz hitz egiteko behar beste laguntza lortu zituen kongresuan, alderdiei garrantzi politikoa duten erabakiak eta hitzarmenak egitearen ardura utziz.

Gazte Abertzaleak-ek uste du, ETAk hemendik gutxira tregua ematen badu autodeterminazio eskubidetik gertuago eta gizartearen borondatean oinarritutako estatuarekiko marko berri batean bidean egongo ginakela.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Gazte Abertzaleak-ek alderdien mahaia eskatzen du Euskal Herriaren normalizazio politikoa eta bakea lortzeko

Gazte Abertzaleak-ek, Eusko Alkartasunaren gazte erakundeak, alderdi politikoek Gasteizko Legebiltzarrean ausardiaz eta bere jarrera Euskal Herriaren eta espainiar estatuaren azkeneko baketzerako lagungarria izan daitekeela jakinda hartu erabakiak har ditzaten eskatzen du. Hala ere, gazte erakundeak gogoratu nahi du, espainiar gobernuaren bozeramaile den Fernandez de la Vega-k, ETA-rekin bere jarduera uzten ez duen bitartean elkarrizketa egongo ez dela zioten adierazpenen harira, ETArekin gai teknikoen inguruan elkarrizketa beharrezkoa dela bakegintza prozesuan, ETA baita indarkeriaren sortzailea. Ez da posiblea, beraz, ETA alde batera utziko duen bake prozesua hastea. Bide horretan, Gazte Abertzaleak-ek azpimarratu nahi du elkarrizketa eta akordio politikoak alderdien esku gelditu behar direla bakarrik eta beraz alderdi guztiek osatutako elkarrizketa mahaia sortzea eskatzen du, non ideia guztiak ordezkatuak egon behar diren.

Beraz, Gazte Abertzaleak-ek borondatea eskatzen du Euskal Herriaren bakea eta normalizazio politikoa bilatzeko, azken honi dagokionez autodeterminazio eskubidearen onarpena beharrezkotzat ikusten dugularik, horrela gatazkaren konponbidean aurrerapausuak emateko.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

Gazte Abertzaleak-ek ausardia politikoa eskatzen dio PSOE-ri

Gazte Abertzaleak-ek, Eusko Alkartasunaren gazte erakundeak, uste du Euskal Herrian bakea lortzeko zabaldu diren itxaropenak ezin direla beste askotan bezala ezer ezean gelditu eta zentzu horretan, José Luis Rodríguez Zapatero-ri, PSOE-ren burua den aldetik, elkar ulertze eta normalizazioaren ateak zabalduko dituen jarrera hartzea eskatzen dio. Gazte erakundearentzat, espainiar estatuko presidenteak, gaur aukera paregabea dauka Euskal Herriaren bakegintzarako eta normalizaziorako bere jarrera zein izango den argitara emateko. Horregatik, Gazte Abertzaleak-en ustez, nazioaren egoeraren inguruko debatea inflexio puntu bat izan behar da, non alderdi sozialista eskuin espainolaren jarraipen politikoa egiteari utzi behar dion eta jarrera demokratikoagoa hartu behar duen.

Beraz, bada gaurkoa gure herriaren gerorako jauzi kualitatibo bat izan daitekeen data. Beti ere, PSOE Alderdi Popularrarekin paktu antiterrorista bezalako itunak bukatutzat ematen baditu. Izan ere, itun honen idatzian argi eta garbi gelditzen zen Eusko Alkartasuna, ETA bera baino arduratuagoa zituela. Horregatik, GA-k ausardia politikoa eskatzen dio PSOEri, herriak eskatzen duen elkarrizketa bidezko irteera aurrera eraman ahal izateko.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

M 9: Beste Europa bat posible da!

Azken egunotan zenbait urteurren ospatzen ari gara Europan eta Munduan. Horien artean maiatzaren 9an, egun berean 1950. urtean Schuman Deklarazioa aurkeztua izan zala eta, Europaren eguna ospatu da. Ospakizun honek gogoeta egitera garamatza, europazale abertzale eta ezkertiarrok beste Europa baten aldeko apustua egiten jarraitzen baitugu.
Autodeterminazio eskubidea onartzen duen Europa, erabakietan nazioen parte-hartze zuzena posible egiten duen Europa, bere barnean hizkuntza eta kultur guztiek behar bezalako onarpena eta babesa duten Europa, ongizate estatua eta justizia soziala bermatzen duen Europa, emakumeen eta gizonen arteko parekotasuna bultzatu eta diskriminazio mota guztien aurka borrokatzen duen Europa. Europaren etorkizuna hildo honetan eraikitzea da gure ametsa eta, hortan oinarrituz, lanean jarraituko dugu.
Maiatzaren 29an Ipar Euskal Herrian Europar Konstituzio Itunaren inguruko erreferenduma daukagu, zalantzarik gabe, beste Europa bat posible dala adierazteko aukera paregabea.

Gaia: Politika orokorra

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa

WordPress Themes