Aberri eguna, Euskal Herri eguna!

Datorren igandean, martxoaren 31n, Aberriaren eguna ospatuko dugu. Parada ezin hobea, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako pertsonen topagunea izan dadin.

Iaztik aurtengora bitartean gauza asko eta asko jazo da gurean. Iragan urtean gogoratzen genuenez, gure herriko giro politikoa erabat gogortua zegoen. Aurten ere, ez dira gauzak gehiegi aldatu.

ETAren ekintza gaitzesgarriek, herriaren eraikuntza ez baino herriaren suntsipena dakarten bortizkeriako ekintzek, orduan bezala gaur ere, bere hartan jarraitzen dute, eta orduan bezala gaur ere, giza ikuspegitik dakarten aberrazioaz gain, estrategia politiko aldetik, gure herriaren arerio politiko direnei aitzakia ezin hobea ematen diete abertzaletasunaren aurkako kanpainan. Iaztik hona, gizarteak berriro ere hamaika aldiz exijitu du bakean eta era normalizatu batean bizitzeko bere nahia, baina ETAk entzungor egiten dio gizartearen borondateari. ETAk gure Aberriari erasotzen jarraitzen du.

Iaztik hona bada, bestalde, data esanguratsu bat: Maiatzaren 13a. Alderdi popularrak eta ondo-ondotik jarraitu izan dion alderdi sozialistak, komunikabideen tresna guztiak bozgorailuen boltajea maila altuenean jarririk, abertzaletasun kutsua zuen ororen aurka ekin zioten. PPSOE ententeak argi erakutsi zuen abertzaletasun demokratikoari dion ezinikusia. Hala, hauteskunde horiek Espainia-Euskadi arteko lehia baten gisa aurkeztu zen. Erreferendum gisa, alegia.

Ez zen aukerarik galdu, printzipio demokratiko eta baketsuetatik Herria bere osotasuneraino garatu nahi dugunon aurka jotzeko. Horretarako, bitarteko guztiak zituzten zilegizko, irainetatik gezurreraino, guztiak zuen balio. Hala ere, hautestontziek era argi eta gardenean azaldu zuten Euskal Herriaren zati bateko gizartearen nahia. Baiezkoa eman zitzaion bizitzari; hala, giza eskubideen urraketa orori ezezko biribila eman zitzaion. Ezezkoa erailketari, mehatxuari, torturari, jazarpenei. Baiezkoa bizitzari, bizitza duin bati, bizi garapenerako berme guztiei, horretarako ezinbesteko den justizia sozialean oinarrituriko gizarte batean.

Baiezkoa eman zitzaion elkarrizketari. Elkarrizketa, ezinbesteko tresna dugu politika jorratzeko. Herri honetan partaide garen guztion ikuspegiak ulertzeko eta, hortik abiatuta, ideia guztiak uztartu eta dugun gatazkari irtenbide bat bilatzeko, elkarrizketa da balio duen tresna bakarra. Bazterketarik gabeko elkarrizketa. Ikuspuntu guztiek tokia izango duteneko elkarrizketa.

Baiezkoa eman zitzaion autodeterminazio eskubideari. Herri bezala, sistema demokratiko bat omen den gizarte batean, dagokigun oinarrizko eskubidea. Gizarteak, bere kabuz, etorkizunean herria zer-nola antolatu nahi duen adierazteko eta errespetatua izateko eskubidea. Finean, Eusko Alkartasunak behin eta berriz esan duen bezala, azken borondate hau da alderdi eta pertsona demokratikook errespetatu beharrekoa.

Bestalde, irailaren 11n Dorre Bikien aurkako eraso lazgarriaren ondorioetako bat terrorismoaren inguruko nazioarteko gogoeta zabaltzea ere izan zen. Gertatutakoaren ondoren «mundu ordena berri» bati hasera eman ei zitzaion. Eztabaida horren haritik, Aznarren gobernuak, aurrekoetan ohituta gaituen legez, giro eta eztabaida horren erabilera interesatua egin zuen Euskal Herriko gatazkarekiko estrapolazioa eginez. Nazioarte mailan ezarri den «Segurtasun-Askatasun» binomio hori Euskal Herrira pasaz. Ez dirudi demokrazian segurtasuna eskubide indibidualekin konfrontazioan egon behar duenik. Hala ere, eta giro nahasia izaki, «badaezpadako» neurriak hartu izan dira, segurtasun kontzeptua lehenetsiz, eta aitzakia horretan, pentsatzeko, manifestatzeko, iritzi ezberdinak aldarrikatzeko pertsona guztiok dugun eskubidea mugatuz. Hala, berriro ere, besteak beste, EAtik bide baketsuak erabiliz irmo defendatzen eta defendituko ditugun zilegizko helburuak, bortxakeriazko estrategiak erabiltzen dituztenen balizko helburuekin nahastu nahian ibili da. Inondik inora demokrazia batean onartezina den estrategia.

Beraz, aurtengo Aberri Eguna beti izaten den bezala berezia izango bada ere, are eta bereziago sentituko dugu urte honetako gertaerak kontuan hartuta.

Iparraldetik, Nafarroatik, erdidegotik edo beste edozein tokitatik gure Aberriaren eguna ospatzera bilduko garenok, ozenki aldarrikatuko dugu Aberri bat badugula, Europan eta mundu osoan leku duen aberri bat. Europan eta munduan ordezkatuta egon behar duen herri bat. Herri independente bat Europan eta munduan. Herri solidario bat. Guztion eta guztiontzako herri bat. Gernikan ikusiko dugu elkar. Gora Euskadi askatuta!

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Onintza Lasa

Komunikabidea: Euskaldunon Egunkaria

Ez dago iruzkinik

Oraindik ez dago iruzkinik.

Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. TrackBack URI

Iruzkina idatzi

WordPress Themes