Giza eskubideen aldeko borrokak bi aspektu osagarri eta desberdin izaten ditu: giza eskubideen lorpena bera eta eskubideen errespetuaren lorpena. Hainbeste bidegabekeriako mundu honetan asko dira aspektu batean zein bestean lanean dihardutenak. Beraien lana isila izaten da, eta, gehienetan, gutxi batzuen errekonozimendua jaso ohi dute. Asko dira gehiengoaren ezagutzatik kanpo mundu bidezkoagoa lortzeko borrokan ari direnak. Horren adibide dira Amerikako indiarren eskubideen alde urteetan aritu direnak. Hain zuzen, Amerikako indiarrek historikoki pairatu duten zapalketa egoerari amaiera eman nahi dion gizataldea bildu da Arranoa proiektua delakoaren inguruan.

Arranoa proiektua Kalifornian sortu zen 1992. urtean, eta Alaskatik Su Lurralderainoko amerikar indigenak biltzen ditu. Europan 1997. urtean kokatu zen Herri Katalanetako Bartzelona hirian. Herri indigena desberdinen eskakizunari jarraiki, Arranoa proiektuak Nazioarteko Zuzenbiderako eta Defentsarako Foro Iraunkorra sortu zuen Amerika osoko indiarrek Estatu desberdinen aldetik pairatzen duten zapalketa sistematikoaren aurka laguntza legala izan zezaten. Hortaz gain, Amerika osoko indiarrak biltzen dituen indiarren topaketak antolatzen ditu urtero: otabaloak, kollak, tobak, maputxeak, aimarak, zapotekak, inkak eta maiak besteak beste. Topaketez gain, Arranoa proiektuan lanean dihardutenek hispanitate eguna erabili ohi dute beraien aldarrikapenak gizarteratzeko. Iazkoan, adibidez, aldarrikapen desberdinak biltzen zituen eskakizuna egin zuten: arraza bakarra gizateria da, beraz arraza hispanoaren eguna den hispanitate festa bertan behera geratu behar da; indiar herriek autodeterminatzeko duten eskubidea onartu behar dute estatuek; Amerikako eta Europako estatuekin erlazio zuzena izateko eskubidea, inolako bitartekaritzarik gabekoak; NBEn indiarrek dituzten ordezkarien hautaketa demokratikoa eskatu, ez ordea Estatuen izendapen zuzena; estatuek historian zehar indiar herri desberdinekin itaundutako hitzarmenen betetzea; estatuek herri indiarrei historian zehar sistematikoki lapurtutako ondare desberdinen itzulketa; estatuetako Gobernu desberdinek historian zehar lapurtutako lurraldeen itzulketa; estatuek indiarren erailketarako, errepresiorako eta bazterketarako duten zigorgabetasunaren salaketa; nazioarteko enpresa ugariek gaur egun egiten duten indiar lurren bigarren inbasioaren salatzea; ume indiarren lapurketa sistematikoaren salatzea.

Europan lau urte daramatzate. Amerikan jada hamar. Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren berri izanik, euskal gizarteari beraien egoera aurkezteko desioa dute, beraien aldarrikapenen zilegitasuna erabat ulertuko dugula ziur baitaude. Denbora gutxi barru izango dugu EEBBak nagusi diren Amerikan ematen den giza eskubideen errespetuari buruz beraiek duten iritzia entzuteko parada. Ziur naiz Euskal Herriak horrelakoetan ohi den bezala jokatuko duela: begirunez, elkartasunez eta laguntzaz.

Gaia: Giza eskubideak

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara


0 Erantzunak to “Arrano proiektua”

  1. Ez dago iruzkinik

Utzi erantzuna