Baionako Croisés-en 90. urtemuga
argitaratua. Zaharra-n. Etiketak: Euskal-Herria, Haritza-Camblong, Le-Journal-du-Pays-BasqueCroisés de Saint-Andrés taldeak 90 urte ospatuko ditu larunbatean zortzi. Futbolean luzaz aritu naiz talde hortan eta urtemuga hunen kari antolaturiko ekitaldia dela eta, oroitzapen anitz jin zaizkit gogora.
Orroitzen naiz nola Angeluko Oihana ikastolan nintzela, Croisés-an ari ziren ikaskide batzuk talde horretara sartzea konbentzitu gintuzten. Hasieratik biziki ongi integratu ginen eta hamabost urte baino gehiagoz, hor, futbolean jostatuz, gure haurtzaro osoa Croisés-an pasa dugu askok. Ikastolako anitzentzat, gure lehen kontaktua zen euskaraz mintzatzen ez ziren haurrekin. Ikastolakoak ez ziren haurrek, oso ongi onartu gintuzten eta ikastolakoak ginelako gurekiko errespetu handia zutela erranen nuke. Haientzat, ikastolakoentzat bezala, gure arteko harremana oso aberasgarria izan zen.
Bestalde, pentsa daiteken bezala, anekdota politak bizi izan ginituen; errealeko jokalariekin eginiko bazkarian, lehen txapelketetan edo autobusean egiten ginituen bidaietan erraite baterako. Orroitzen naiz nola behin, Baionako Cherubinots-en kontra aritu ginen, jendarmeen zelaian, eta Txomin Iturbe bere semeen ikustera joanik, jendarmeekin batera ikusle izan zen han. Beste kirolekin pasatzen den bezala, futbolarekin ere, ezinezkoak iduritzen diren gauza batzuk pasa daitezke.
Berantago, pittin bat handitzean, partiduetako bi denborez gain hirugarren denborak egiten hasi ginen. Egiazki bikainak! Duela gutti, Suitzan tesia egiten ari den nere anaiak, hango bere futbol talde berriari buruz hau erraiten zidan:Untsa jostatzen gira bainan ez da talde girorik. Hortxe ohartu nintzen Croisés-an ginenak abantailatuak ginela zentzu hortan.
Beraz milesker Croisés-an lanean ibili diren bolondres guzieri eta beste 90 urtez hola segi dezatela!
Croisés-a talde eredugarria da, bainan dituen ezaugarriez gain, beste ezaugarri bat izanen lukeen taldeak falta dira Iparraldean: haurrak euskaraz mintzatuz jostatzen eta entrenatzen ahalko liratekeen talde bat. Uda Leku, Ikas-Pilota eta Hendaiako herriak antolaturiko ekintzetaz aparte, eskolatik kanpo euskarazko aktibitateak egiteko aukerak biziki urriak dira. Noiz sortuko dugu bere funtzionamenduan euskara erabiliko duen haurren lehen futbol taldea?
Gaia: Euskal Herria
Egilea: Haritza Camblong
Komunikabidea: Le Journal du Pays Basque
0 Erantzunak to “Baionako Croisés-en 90. urtemuga”
Itxaron mesedez
Utzi erantzuna