Hasteko, nola ez, Demoak aipatu behar. Treinek poliki poliki treinbidea higatzen duten bezala, SNCFaren errepresioak Demoak higatuko zituela pentsatu zitekeen. Dirudienez lege fisiko horrek ez du balio Demoen kasuan, errepresioarekin indartzen baitira. Joan den larunbatean, inoiz baino jende gehiagok parte hartu dugu, SNCFak, euskaradunekin duen jarrera intolerantearen kontrako Demoen ekintza batean. Frantses kasketadun batzuek haien egoitzara “gomitatu” gaituzte: hainbeste jende musean euri azpian aritzen ikusteaz erruki ote ziren? Errukirik ez dutenak SNCFeko agintariak dira. Jende xuhur horiek Gorka Torre-ren etxera sartu dira, hor zituen puxka guziak lapurtzera. Gorka biziki gizon aberatsa da, baina tamalez haientzat, bere aberastasuna ez da materiala, ez da haiei interesatzen zaien motakoa.

Esquerra Republicana de Catalunya alderdiak ere giza aberastasun handia du. Dirudienez, heldu den igandean Katalunian izanen diren hauteskundeen ondoren, Generalitat-eko giltza izanen du EAren alderdi anai honek. Joan diren udal hauteskundeetan, izugarriko boz gorakada izan zuen Esquerrak. Katalan jende abertzale progresistek alderdi honen lan ona saritu zuten manera horretan. Espero dezagun inkestek diotena beteko dela, eta gobernuan sartuz, Esquerrak gizarte katalan aurrerakoiago eta espainiar estatutik independenteagoa dena gauzatuko duela. Dudarik gabe, horko hauteskundeen emaitzek Euskal Herriko egoera politikoan ondorioak izanen dituzte. Esquerraren emaitza onek ondorio baikorrak eragingo lituzke euskal abertzaleentzat.

Erran bezala, Esquerra Republicana de Catalunya Eusko Alkartasunaren katalan alderdi anaia da. Azaroaren 22 eta 23an, EAk, lau urtero egiten duen moduan, kongresu berri bat izanen du, Bilbon. Hor, 2000 bat EAkidek (alderdikideen %20 ak gutti gora bera) heldu den urteetan gure alderdiak segiko duen ildo politikoa erabaki beharko dugu bereziki. Gaur egungo egoera ikusirik, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako estatutu berri baterako planak (“Ibarratxeren plana” izenarekin ezagutua dena) asko baldintzatuko du gure alderdiaren estrategia politikoa, normala den bezala. Plan hori egiaztatu ondoren (lortuko dugu!), egoera normalizatuago batetan, beste alderdiekiko estrategia askoz ere independeanteagoa eramaiten ahalko du EAk. Orduan, azken urte hauetan Esquerrak izan duen jarduera eredu bezala erabiltzen ahalko dugu, pertsona batek anai handiaren jarduera egokia eredutzat hartzen duen moduan.

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Haritza Camblong

Komunikabidea: Le Journal du Pays Basque


0 Erantzunak to “Berripopurri!”

  1. Ez dago iruzkinik

Utzi erantzuna