Berriztagarriak edo nuklearra?

Duela aste batzu, gure Journal maitean, etorkizunean erabili beharko liratekeen energia iturriei buruzko elkarrizketa bat agertzen zen. Frantzia mailan, gai hau aztertzeko eztabaida izan da gobernuak bultzaturik, etorkizuneko politika energetikoa erabakitzeko. Journaleko elkarrizketan agertzen zen adituak, eztabaida hau ez zela zuzena izan zioen. Aitzinetik gobernuak harturiko erabakiak justifikatzeko egina zela soilik, eta beraz ez zela egiazko eztabaida izan. Frantzian nuklearrak duen lobby-a ikusirik, baliteke hala izaitea bai.

Gure gizarteak geroz eta energia gehiago erabiltzen du, eta ez dirudi tendentzia hau bat batean aldatzeko gai izanen girenik. Bestalde, zentral nuklearrak zahartzen ari dira. Nahiz eta momentuz haien bizia luzarazi, egun batez hetsi beharko dira. Orduan, frantses gobernuak erabaki bat hartu beharko dut, zentral zahar horiek sorturiko energiari alternatiba bat hautatuz, eta badirudi alternatiba hori jadanik hautatua dutela: beste zentral nuklear batzu eraikitzea.

Egia da zentral nuklearrek ez dutela zuzenki berotegi efektuan eta euri azidoetan eragina duten gasik isurtzen, ikatzaz, petrolioz edo gasez ibiltzen diren zentral termikoak ez bezala. Zentzu hortan, nuklerrak, Tokioko protokoloa errespetatzea laguntzen du, eta Frantziak ingurumena errespetatzen duen iduria emaiten du. Bainan nuklearrak beste eragozpen batzu ditu. Hasteko, Tchernobyleko istripuak adierazi zuen gisan, oso prozesu lanjerosa da. Bestalde, ondarkin erradioaktiboak sortzen ditu. Ez dakigu oraindik nola tratatu behar diren, eta beraz egonkorki leku batean uztea da momentuz aterabide bakarra, horrek ingurumenari eragiten dion kaltearekin. Gainera prozesu zentralizatu bat da: zentral nuklearretan sortzen den energia beste lekuetara eraman behar da. Hortarako, bazterrak itsusten dituzten kable eta zutabe dorre ugari erabili behar dira, eta gainera energiaren garraio hortan galerak badira. Azkenik, etenik gabeko prozesu bat da, erran nahi du beti ibiltzen dela, horren beharrik ez delarik ere, erraite baterako gauetan.
Ingurumenarekiko sentsibleagoak diren herrialdeetan, Alemania eta Dinamarkakoen gisan, energia berriztagarriak bultzatzen dira. Hauek abantaila handiak dituzte. Berriztagarriak direnez, helduko diren belaunaldientzat oraindik erabilgarriak izanen diren iturriak dira. Gainera, gehienak ez dira kutsakorrak. Energia lokalak dira, erran nahi da ez direla garraiatu beharrik eta ekonomia lokala bultzatzen dutela. Ez dira prozesu iraunkorrak, beraz nahi delarik geldi daitezke. Desabantailak ere badituzte noski. Haien kostua energia tradizionalena baino handiagoa da eta ez dira iturri egonkorrak gehienak. Hala ere, kostuari dagokionez, iturri bakoitzak ingurumenari eragiten dion kaltea kontuan hartzen balitz, berriztagarri batzu ez lirateke horiek baino garestiago izanen. Eta ez egonkortasunari aurre egiteko, energia iturriak dibertsifikatu behar dira. Horrek, hornikuntzari bermea ekarriko bait lioke.

Nik argi dut etorkizunean energia berriztagarriak erabili behar direla eta ez nuklearra. Ala ere, erran ohi den bezala, energia berriztagarri hoberena, kontsumitzen ez den energia da. Hori izan behar da lehentasuna, energia guttiago kontsumitzea. Beraz ea denak kontzientziatuagoak eta militanteagoak bihurtzen giren, denen artean kontsumo hori jausteko!

Gaia: Justizia soziala

Egilea: Haritza Camblong

Komunikabidea: Le Journal du Pays Basque

Ez dago iruzkinik

Oraindik ez dago iruzkinik.

Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. TrackBack URI

Iruzkina idatzi

WordPress Themes