Bizkaiko Gazte Abertzaleek Sorgintxulo Gaztetxeari bere alkartasuna adierazten dio
Bilboko udalak Sorgintxulo Gaztetxearen husterako emandako ultimatuma bete dala eta, Bizkaiko Eusko Alkartasunaren gazte erakundeak Sorgintxulori bere alkartasuna adierazten dio eta udalari gazteentzat ordutegien malgutasuna eta autogestioa ardatz bezala duten gaztetxeek gazteentzat duten utilitateari buruz gogoeta egitea eskatzen dio, betiere auzokoenganako begirunez funtzionatzen badute, kasu honetan gertatzen dan bezala. Gaztetxea auzoko gazteek euren ekimenak askatasunez aurrera eroateko modua da, askatasun horrek inguruko bilbotarren askatasun eta lasaitasunerako inolako arazorik suposatzen ez duten bitartean, eta hau orain arte beti bete da.
Hustea burutzea erabakiko balitz, zibilizatua eta baketsua izatea espero dugu, indarkeria ez baita inoiz beharrezkoa.
Sorgintxulo Gaztetxeak 5 urte daramatza Santutxuko auzoan lan egiten autogestio eta auzo bileretan. Ikastaroak eta kultur ekimenak antolatzeaz gain, oinarrian, gazteek beren ekintzak aurrera eramateko toki bat eskeintzen du Sorgintxulok, kalea eta tabernekiko alternatiba bat suposatuz. Santutxuko gazte batzuek Karmelo eliza ondoko eraikinean sartu zirenetik, bizitza eman diote urteetan hutsik egon diren lokal hauei.
Azken bost urteotan, antolatzaileen gaztetasun, bizitasun, eta ordutegien aldakortasunari esker, Txurdinagako gizarte etxearen ahalmenetatik kanpo dauden ekintzak egin dira. Hitzaldiak, mahai borobilak, ikastaroak (txalaparta, linux…), kontzertuak, lehiaketak, txangoak, kale piztura ekimenak, haurrentzako jokoak, antzerkia, eta abar luze bat antolatu da.
Gaia: Politika orokorra
Egilea: Gazte Abertzaleak
Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa
Ez dago iruzkinik
Oraindik ez dago iruzkinik.
Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. TrackBack URI





