Aste huntan, Irakeko gerlaren hiru erantzule gerlaren beharra justifikatzen aritu dira. Hain zuzen Aznar, Bush eta Blair-ek gezur berriak erran dituzte, haien gezur zaharrak estali nahian.
Iparraldeko gaiei buruz ere ohituak gira politikari batzuen gezurrak entzuteaz. Boterera heltzean, Euskal Herria Departamendua sortuko zutela erran zutenena erraiterako. Ez da harritzekoa gero hainbeste jende politikarekin nazkaturik izaitea.
Laster hauteskunde berri batzu izanen dira. Ea aldi huntan hautagai guziek soilik egiak erraiten dituzten kanpainan zehar. Bestenaz, E.J.Malinowski-k dioen bezala, ea gezurrak erran dituenaren kaltetarako diren. Horra hor zer dioen Malinowski-k:
Batzuetan
hobe da isiltzea jende ergelaren urrikalmenduz.
Baina mintzatu behar duzula uste baduzu
beti egia erran;
zeren eta hasiera batean, kondenatzen zaituzten haiek berek
geroago errespetatuko zaituzte,
haien burua apalduz bukatuko dute,
ez bakarrik zure aitzinean baita beren jukutria pisuaren aitzinean.
Zu zuhaurrekin fidela izan zaitez
eta ez emaitzengatik kezkatu.
Ez gailurrera heltzen saiatu
urrats bakoitzaren tinkotasuna ahantziz.
Zure ibileraren erritmo goxoak
ukan dezala egiaren betiereko sendotasuna
zeren eta orduan, ez ekaitzek ez tximistek
ezingo baitute ezabatu.
Aldiz faltsukeriaren gainean eraikitzen baduzu,
laster zure obra lurreratzen ikusiko duzu.
Beldurrak eta errazkeriak ez dezatela
zure sentimena ito
ezaxolakeria ez dadila ergeltasunaren erredola izan.
Zeren eta heroismorik gabe, zer balio du bizitzak ?
Zure diskurtsoa luzea eta jakintsua izan arren,
zintzotasunik ez bada, amildegira eroriko dela jakin ezazu.
Dena ezer erran ez bazenu bezala izanen da.
Denborak errukirik gabe lurperatuko du
eta berezko zerbait duen hura bakarrik
dirdiratsu geldituko da betiereko ilunpean, itzal ilunen artean.
Egia beti zure gainetik ezar ezazu
Zeren, zuk hutsak badituzu, baina bera hobezina da.
Eta batez ere
egia oihukatzeko kuraia izan ezazu
zu kaltetua izan arren;
ikusiko duzu nola beti irabazle izanen ziren.
Gaia: Internazionala
Egilea: Haritza Camblong
Komunikabidea: Le Journal du Pays Basque
0 Erantzunak to “Egia”
Itxaron mesedez
Utzi erantzuna