Egitasmo berriak
argitaratua. Zaharra-n. Etiketak: Euskal-Herria, Haritza-Camblong, Le-Journal-du-Pays-BasqueDuela gutti gora behera urte bat, zutabe huntan bertan, egitasmo berri bat aipatzen nuen. Elkartetxeko Kultur Taldea aspalditik bizi bazen ere, Pannecau karrikako egoitza berriarekin garai berri bat hasten zuen. Kideek hameka ideia eta proiektu berri ginituen buruan eta oso iritzi baikorra ginuen elkartearen etorkizunari buruz.
Urte bat geroago, bilana egiteko tenorea heldu da, baita heldu den urteko egitasmoak planifikatzeko ere bai. Hori heldu den larunbat goizean eginen dugu, goizeko 10etatik aitzina Elkartetxean.
Bilan gehienetan bezala, alde baikor eta ezkorrak agertzen dira. Ez ditugu hasieran aurreikusi ginituen ekintza guziak gauzatu. Bainan denbora berean, perspektiba pixkatekin, gauza asko eginak izan direla ohartzen gira, eta haien artean, aurreikusiak ez ziren batzu ere bai.
Erakusketen lan-taldea karraskan aritu da lanean. Hala, Euskal Herri osotik jiniko artistek, pintura, eskultura eta beste mota batzuetako arte lanak erakusteko parada izan dute Baiona erdi erdian. Gure herriari edo beste hainbat herri guttitueri buruzko hitzaldiak ere ez dira gutti izan. Lehen hitzaldia Noel Elorga jaunak egin zuen, Euskaldunak munduan duten bizia aipatuz. Gero, Kortzikari, Bretainiari edo marea beltzei buruzkoak izan dira besteak beste. Indiar kulturak ere bere tokia izan zuen ihauterietan, Elkartetxea kolore bizietan apainduz. Bitartean, gure herria hobeki ezagutzeko bidaiak antolatuak izan dira, eta baita hegoalde eta iparraldeko jendeen arteko harremanak sortu eta sakontzeko ere. Lokala une berezietan, ostatu modura irekirik egon da, ihauterietan, Baionako bestetan, urtezaharrean edo Batera-ren bigarren manifestazio handiaren landan. Berriki, Maiatz-ek jardunaldi batzu antolatu zituen, kulturaren topagunea izaitera nahi dugun leku hortan. Bestalde, lokala ireki zelarik pentsatu ez bazen ere, antzerki bat ikusteko parada izanen da laster, Ostiral gau huntan hain zuzen!
Elkartetxeko egitaraua oparoa izan dela ezin uka beraz. Hasierako helburu batzu bete ditugu: Euskal Herriko eta herri ez ezagunetako kultura (bereziki herri guttituetakoa) ezagutaraztea, ongi kokatua den lokalaren faltan, haien egitasmoak aitzina eramaiteko zailtasunak dituztenekiko elkartasuna; Euskal Herriko hego eta iparraldeko jendeen arteko harremanak bultzatzea…
Heldu den urtera begira, egitasmo berriak ere agertzen dira: euskal dantza klaseak emaitea, herri ttipietako beste elkarte kultural batzueri lokala uztea edo Euskal Herriko egoera politikoari buruzko hitzaldi batzu antolatzea besteak beste. Elkarte irekia izaiten segitu nahi du EKTk, beraz zuk ere egitasmo bat baldin baduzu, joan zaitez lasai larunbat goizeko bilkurara eta han proposatu ezazu. Segur naiz beste kide batzuen laguntza izanen duzula!
Gaia: Euskal Herria
Egilea: Haritza Camblong
Komunikabidea: Le Journal du Pays Basque
0 Erantzunak to “Egitasmo berriak”
Itxaron mesedez
Utzi erantzuna