Maider Carrere “Giza eskubide guztiak errespetatuz, Gazte Abertzaleak independentziarako bidea indartzen ari da”
Duela sei hilabete, Maider Carrere donostiarrak Gazte Abertzaleakeko Idazkaritza Nagusia bere gain hartu zuen; hilabete hauetan ez du lasai egoteko momentu bat izan. Gaur, Donostiako egoitzan zegoelarik, galderatxo hauei erantzun dizkigu.
Dagoeneko sei hilabete igaro dira Gazte Abertzaleakeko Idazkaritza Nagusia hartu zenuenetik, nola ikusten duzu Gazte Abertzaleak sei hilabete hauen ostean?
Hasieratik argi genuen ez zela lan erraza izango “Gazte Abertzaleak” koordinatzeko lana gugan hartzea. Ilusioak, lan egiteko grinarekin bat eginik, egunero- egunero zerbait berria dugu ikasteko. Nire ikuspegitik, Gazte Abertzaleaketik azkeneko sei hilabete hauetan egin dugun lana ona izan da, nahiz eta esparru batzuetan oraindik hobetu behar dugun. Bi bide jorratu behar genituela argi izan genuen, kanpo ekintza eta barne ekintzan sailkatu genituenak.
Barne ekintza sustatzeko, eta batez ere, hain zaila dugun afiliatze maila handitzearren, sortuta zeuden edo sortu berri diren mugimenduetan pertsona bana jartzeko arriskua hartu genuen hasieratik, eta horrek bere fruituak eman zituen lehenengo momentutik, hauetan eragile aktibo bezala egonik jende gazte gehiago gure jarduerak ikusteko beta izan baitute, honenbestez, gure gazte erakundea beraien nahi politikoa aurrera eramateko bide bezala hartu dute.
Bestalde kanpo ekintzaren aldetik, gure batzordeak hasieratik iragarri zuen nazioarteko apustua aurrera atera dugu. Sei hilabete hauetan nazioarteko eragileekin elkarlana bultzatu dugu, batez ere Estatu mailako beste alderdietako gazte taldeekin. Argi dugu, eta behin eta berriz esan dut foro desberdinetan, Euskal Herri mailan dugun gatazka ez dugula geure herrian besterik konponduko, baina bai oso baliagarria zaigula kanpo harremanekin kontaktu zuzena izatea, jasaten ditugun eskubideen urraketak salatzeko eta haiek jakiteko zertan ari garen, zeintzuk dira gure aburuak eta helburuak. Hortaz, esan behar dugu, EFAYko presidentzia lortu izanak geure helburuak lortzeko gako garrantzitsua dela, eta han dauden gaztekideek, Irati Aizpurua presidenta bezala, eta Aitziber Salazar babeskide legez, lan fina egingo dute Gazte Abertzaleaken papera iragankorra izan ez dadin Europan.
Hamaika gauza gehiago egin ditugu, baina nire iritzi apalean, lehenengo sei hilabeteetan hauetan azpimarragarriena bi atal hauetan aurki ditzakegun jarduera hauek izan dira.
Eusko Alkartasunak apustu finko bat egin du mugimendu baketsu eta subiranista bat bultzatzekoa, zein ikuspuntu du Gazte Abertzaleakek mugimendu honi buruz eta zein pausu ematen ari da Gazte Abertzaleakeko Nazio Batzordek zentzu honetan?
Gazte Abertzaleakeko Nazio Batzordean argi dugu Euskal Herriko askatasuna lortzeko bidean biltzen ditugun indar guztiak ezinbestekoak izango direla, beraz, Eusko Alkartasunako Nazio Batzordeko kide garenez geroztik, alderdiak azaroaren 21ean aurkeztu zuen txostenaren aldeko apustu garbia egiten dugu. Hau dela eta, sei hilabete hauetan ahalegin guztiak egin ditugu gazte arlotik mugimendu hau babestu eta bultzatzearren, gure alderdiak proposatzen zituen ekimenetara joanez, nazioartean Euskal Herrian burutzen ari garen lana azalduz, sortutako mugimenduetan parte hartuz edo eta, azaleratzen ari den prozesu honi bultzada handiagoa emateko balio dezaketen mugimendu berriak sortuz eta sustatuz.
Beraz, mugimendu berri horien sustatzearen helburuarekin GaztEHerrian parte hartu zenuten pasadan Aberri Egunean.
Puntualizazio txiki bat egin nahiko nuke. Gazte Abertzaleakek ez du parte hartu bakarrik, baizik eta sortzaileetariko bat izan da beste eragile batzuekin batera. Zati hau oso ondo esplikatu behar da jendeak jakin dezan ze puntutaraino baliogarria den esparru desberdinetan beste eragileekin elkarlanean jardutea. GaztEHerria Euskal Herriko gazte independentista eta ezkertiarren gune zabala da, harriz harri eraikitzen hasi garena eragile eta norbanako batzuen artean. Helburua, gazte independentista eta ezkertiarren diferentziak alde batera utzita, bil diezagukeena sustatzea da, giza eskubide guztiak errespetatuz, independentziarako bidea indartzearren. Lehenengo ekitaldia, apirilaren 2an Durangon egindakoa izan zen, GaztEHerriak bere abiapuntua Aberri Eguna asteburuan kokatzea erabaki baikenuen; proiekzio handia eman nahi genion eta lortu ere.
Eta balorazioa?
Oso ona. Durangora bertaratu zen jende kopurua izugarria izan zen, 10.000 gazte bildu egin ginen eta giroa, itzela. Jai giroan, gazteen eskubide zibil eta politikoen aldeko ekitaldia egin genuen; han bertaratu ziren askok, ez zekiten oso garbi GaztEHerria zer zen, baina arratsaldeko ekitaldiaren ostean, gelditu ezina den olatuaren sortzaileak izan zirela jakin izan zuten: independentziaren aldeko olatua, Euskal Herriak behar dituen eskubideak aldarrikatzeko lanabesa, giza eskubideak oinarri izango dituen mugimendua, guztiok egindako lanarekin indartuko duguna.
Aberri Eguna oso ondo atera zela esan diguzu, baina hemendik aurrera zein da mugimendu honek dituen etorkizuneko erronkak? Zein paper jokatuko du Gazte Abertzaleakek etorkizunean?
Etorkizuneko erronkak? Lehenik hasitako dinamika bateratuarekin jarraitzea. Bakoitzak bere esparrutik, baina jakinda bide zabala dugula eta guztiok batera egindako urratsek balioko digutela aurrera jarraitzeko. Esan dudan bezala, eragile desberdinak buru-belarri gaude egunerokotasunean lan egiten, biltzen, antolatzen… Eta urrats hauekin jarraitzeko hurrengo ekimena maiatzaren 29an Bruselasen Euskal Herriko gazteen eskubide zibil eta politikoen martxaren prestaketa izango da eta Gazte Abertzaleakek asko izango du esateko, besteak beste, EFAYen buru belarri ditugun bi kideak antolakuntzan baitaude martxa hau ondo ateratzeko. Irati Aizpuruak, EFAYko presidenta, zorrotz darama dinamika eta guk ezin eskertuagoak egon, egiten ari den lan garrantzitsuagatik. Argi dago errazagoa dela Bruselasen dagoen pertsona batek bertan antolatuko den gauza batean lanean jardutea, Euskal Herrian gaudenok egitea baino.
Hau gertuen dugun erronka da, baina argi dago ez dela azkena, eta hurrengo hilabeteetan GaztEHerriaren ahalmena eta indarra handituko dituzten beste jarduerak egingo ditugu, gazteen parte hartzearen sustatzea zuzenduta egongo direnak.
Luze joko genuke horrelako elkarrizketa batean, baina amaitzen joan beharko gara. Hurrengo hilabeteetan Gazte Abertzaleaken jardunaren nondik- norakoak zeintzuk izango dira?
Motzean esanda, orain arte, sei hilabete hauetan jorratu dugun bideari eutsi egingo diogu. Barne eta kanpo ekintza esparruak zaintzen, argi dago Eusko Alkartasunak daraman bide berdina eramango dugula. Epe laburrean udara dator, eta honekin batera, zazpi lurraldeetan zabalduko dugun afiliatze kanpaina antolatuko dugu eta honekin, GaztEHerriko gizarteratze prozesua bultzatuko dugu. Jarraitu nahi gaituenak www.gazteabertzaleak.org orrian aurkitu dezake informazioa edo eta inoiz duda edo ezer esateko izan ez gero, egunero Donostiako egoitzan izaten gara. Gazteok ere, herritik aberria eraikitzen gaude, eta horretan Gazte Abertzaleak abertzale guztion zerbitzuetara dagoen erakundea da, beraz, nahi duenak gurekin kontaktuan jartzeko bidea du.





