Gaur emakumeen nazioarteko egunaren aldeko oihua luzatu nahi dugu Gazte Abertzaleak erakundetik.

Oraindik ere, bada jende asko bere buruari zera galdetzen dioena: Zergatik ospatu behar dugu martxoaren 8a? Benetan beharrezkoa al da egutegian egun bat bereziki emakumeei eskaintzea? Noiz da gizonen nazioarteko eguna? Azken galdera hau da, ziurrenik, erantzun sinpleena duena, egunero baita gizonen eguna.

Lehen galderari erantzunez, martxoaren 8a ospakizunetarako eguna baino, aldarrikapenak egiteko eguna dela azpimarratu behar dugu. Bere burua gizarte garatu, aurreratu eta demokratikotzat duen honetan, oraindik ere ezin baitugu eskubide eta aukera berdintasunaz hitz egin.

Bigarren galderari eutsiz, beharrezkoa al den martxoaren 8a? Hilabetez hilabete indarkeria matxistak hiltzen dituen emakumeen kopurua beldurgarria delako, soldatak parekoak ez direlako, etxeko lanen eta pertsonen zaintzaren zama emakumeengain dagoelako eta, azken finean, bi sexuek aukera eta eskubide berdintasunean jokatzen ez dutelako guztiz beharrezkoa da emakumeen nazioarteko eguna.

Emakumeek tradizioz gizonezkoenak izan diren eremuetara egin dute jauzi. Besteak beste, lan mundura irten dira soldata bat eskuratuz, independentzia ekonomikoa lortu eta etxeko diru-iturria izateko asmoz. Gizonak, aldiz, ez dira ohituraz emakumearenak izan diren esparruetan murgildu neurri berean, hau da, etxe barneko lanen arduran. Hori dela eta, emakumeek etxeko lanari eutsi eta lan merkatura irten direnez, zama bikoitza jaso dute bizkar gainean. Martxoaren 8a dugun egun honetan, desoreka horrekin amaitzeko borrokatu behar dugu.

Etorkizuna gazteok garela eta gizarte justuago bat lortzea geure esku dagoela esan ohi dute. Hori dela eta, GAtik egunetik egunera egingo dugu lan, gizon eta emakumeek eremu publikoan zein pribatuan duten parte hartzea orekatua izan dadin eta, batez ere, erantzukizunak eta zamak bi sexuen artean bana daitezen.


3 Erantzunak to “M-8: Emakumeen Nazioarteko Eguna”

  1. 1 Kristina

    Ezin dugu etsi. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna erreala izan dadin borrokan jarraitu behar dugu. Etxeko ardura, umeen zaintza, jana prestatzea… denon artean burutu beharreko lana da eta.

    Gizonek maitasuna ematen ere badakite, baina sentimenduak adierazteari dioten beldurra albo batera utzi behar dute.

  2. 2 Irene

    egia diozu. penagarria da berdintasunaren aldeko egun bat egotea, baina oraingoz halabeharrezkoa.

  3. 3 Miren

    Nafarroan gertatutakoa ikusirik, emakumearen eguna ospatzea guztiz beharrezkoa da oraindik ere. Zalantzarik gabe.

Utzi erantzuna