Euskal gazteriaren eskubideak
Orain egun batzuk Segiko kide batek, Maite Ugartemendiak, egunkari honetan egindako kolaborazio baten bidez, Gazte Abertzaleak 18/01 sumarioan izan duen jarrera salatu nahi izan zuen. Zeure idatzian, Maite, beste gauza askoren artean, gure taldeak gazteon arazoei aurre egiteko borondate falta zuela esaten zenuen. Nola liteke, zure ustean, gazteon eskubideak ahotan dituen talde bat polizia etxeetan egiten diren torturen, gaztetxeen itxieren eta 18/01 bezalako bidegabekerietan geldi gelditu izana, eraso horiek merezi duten erantzun sendoa ez ematea. Gauza bera galdetuko dizut nik zuri: nola liteke gazteon eskubideak ahotan dituen pertsona bat hainbat euskal gazteren egoera dela-eta geldi gelditzea, eguneroko jazarpen politikoa jasaten dutenak edo eta eskoltarekin joan behar dutenak. Asko dira, zoritxarrez, gure artean horrela bizi behar dutenak. Hortaz, gazteon eskubideez hitz egiterakoan, mintza gaitezen gazteriaz bere osotasunean. Mesedez, ez segmentatu gazteria interesen arabera. Gazte Abertzaleak beti giza eskubideen defentsaren alde egon da. Giza eskubideak ezin direlako zatitu, ez direlako lehen mailako eskubide urraketak eta bigarren mailakoak. Bereizketarik gabeko giza esku- bideen defentsan sinetsi dugu. Bidegabekeriak izan diren tokian, han izan gara GAko kideok salaketarik sutsuena egiten, eta izango gara hemendik aurrera ere.
Zeuk zure gutunean zenion moduan, «giza eskubideen defendatzaile» moduan ikusten dut neure burua, gauza bera esango zenuke zutaz ispiluaren aurrean jarrita? Ez da hau erantzun beharreko galdera, argi daukagu biok zein den gure papera euskal gatazkan, baina ez esan gutaz jarrera pasiboa mantentzen dugula 18/01 auzian, arren. Auziaren egunean Madrilen izan ginen epaituekin, gure elkartasuna erakusteko, prentsa ohar baten bidez gure ezinegona aurkeztu genuen eta beharrezkoa den bidearen bitartez gure iritzia plazaratuko dugu, ez dudarik izan. Baina zer egin duzu zuk Eusko Alkartasunaren edo beste edozein talde politikoren kideen kontra azkenaldian Euskal Herrian izan diren erasoetan? Guk gehiago egin genezakeela pentsatuko duzu, ados nago. Zeuk ere askoz gehiago egin zenezake, dudarik gabe. Guk horretan dihardugu. Gure helburua bidegabekeriak diren giza eskubideen urraketen kontra gero eta indartsuago agertzea da, eta zuri bide horretara gonbidatzen zaitut, baina adi! Giza eskubideen urraketa guztien salaketaren bidez egingo dugun bidea izango da, hori izango da gure aberriaren normalizazioaren lehendabiziko harria, jar dezagun batera.
Gaia: Politika orokorra
Egilea: Urtzi Jauregibeitia
Komunikabidea: Gara
Ez dago iruzkinik
Oraindik ez dago iruzkinik.
Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. TrackBack URI






