Atala: Euskara

Euskararen egunean

Abenduaren 3an GA eta Elkarlanean-etik beharrezkotzat ikusten dugu Hezkuntza sailburutik ematen ari diren pausoekin bat egitera  hezkuntza euskaldun integral bateranzko bidean. Euskararen habea ez da folklorismoan  oinarritu behar eta praktikotasunean pauso sendoak ematea animatzen die euskal alderdi guztiei, beldur eta tabu guztiak bazterturik eta etorkizuneko interes paktistak alde batera utzirik.

Duela 25 urte hasi zen bideari jarraitzeko, trabak eta dudak alde batera utzi behar ditugu, eta euskarak egunerokotasunean leku preferentziala izan dezan euskaldundu behar dugu erabat Hezkuntza mundua, beste ereduak desagertaraziz.

Behar bezelako euskalduntzearekin kalitatezko hezkuntza euskalduna lortuko genuke, normaltasun egoera batera iritsiz eta behingoz, gaur egun Euskal Herriko toki askotan bizi dugun egoera diglosikoari buelta emanez.

GA, Araba Euskaraz-en murgilduta

Ekainak 15ean Gazte Abertzaleak-ek, urtero legez, Araba Euskarazeko ekitaldian parte hartu zuen, aurten Bastidan egin zena.

Hogei ta zortzi urte eta gero ametsa dirauela erakutsi nahi izan ziguten Bastidako ikastolatik, eta lortu zuten ere. Jakin badakigu oraindik ere Errioxa arabarran gauza asko egiteke daudela, baina pausoz- pauso, bertan dauden euskaltzale orok egiten duten lanarekin, ziur gaude gutxi barru herrialde horien euskalduntzea ez dela esperantzan oinarrituko, baizik eta guztiok biziko dugun errealitatea izango dela.

Hau dela eta, Gazte Abertzaleak berresten du euskararekiko duen konpromezua, beti ere lehentasuna emanik gure kultura eta euskal nortasuna berreskuratzeko lan handia egin behar den tokietan.

GA Ibilaldian

Gazte Abertzaleak-ek laguntzaile moduan parte hartu du gaur Amorebietan ospatutako Ibilaldian. Laugarren guneko txosna ingurura gerturatutako GA-ko lagunek, arratsaldeko taldean lan ibili dira edariak saltzeko prestatutako txokoan. Erakundetik, eskerrak eta zorionak eman nahi diegu aurtengo edizioaren antolatzaile guztiei.

A-3: Euskararen Nazioarteko Eguna 2007

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Euskal Herriaren kulturaren eta euskaldunon nortasunaren erakusle den hizkuntzaren egoera aztertzerakoan, argi-ilunak ikus daitezke. Euskara ofiziala izateak esparru instituzionalean bere erabilera bermatu eta hiztunei hizkuntza-eskubideak aitortzen dizkie, baina lurraldez lurralde euskarak jasotzen duen legezko babesa oso ezberdina da. Iparraldean euskararen ofizialtasuna aitortzeko dago oraindik. Nafarroan Euskararen Legea egon badagoen arren, egoera orokorra kaskarra da, legediak lurraldea hizkuntza eskubideen arabera zatitu eta eremu erdaldunean euskararen ofizialtasuna ukatu egiten duelako.

Euskal Autonomia Erkidegoan Euskararen erabilerarako eta normalizaziorako 10/1982 Legeak (Euskararen Legea deiturikoak) arautzen du euskararen erregimen juridikoa. Carlos Garaikoetxearen gobernuak bultzatutako eta talde politiko guztien babesa jaso zuen Legea aurrerapen handia izan zen zalantzarik gabe, euskarari, gaztelaniarekin batera, ofizialtasuna aitortu eta legezko babesa eman baitzion. Hala eta guztiz ere, EAEko Euskararen Legean hutsuneak daude. Araudian eskubideak ongi formulaturik dauden arren, eskubideak ez dira praktikan ondo erabili. Hau da, gaztelaniaren eta euskararen arteko berdintasuna formala da, baina ez da berdintasun erreala izatera heldu. Legearen aplikazioan gabezia handiak egon arren, legea oraindik ere baliagarria da, hain justu, eskaintzen dituen baliabide guztiak oraindik martxan jarri ez direlako eta, beraz, helburu orokorrak betetzeko daudelako.

Argi izan behar da arauek ezin dutela besterik gabe errealitatea aldatu eta, horregatik, lege-testuetan idatziz ezartzen diren xedeak ez direla beti berehalakoan gauzatzen. Legediak helburuak lortzeko tresna besterik ez dira, euskararen normalizaziorako bidean lagungarri diren bitartekoak.

EAEko Euskararen Legeak 25 urte bete berri ditu eta iaz Nafarroako Euskararen Legearen 20. urteurrena izan zen. Iparraldean, berriz, ezin urteurrenik ospatu.

Euskal Herriko eremu batzuetan euskarari ofizialtasuna aitortzearen ondorioz, herritarrei hizkuntza eskubideak onartu eta erakunde publikoei haien zaintzarako betebeharra eman zaie. Baina, edozein hizkuntzaren etorkizunaren bermea ez da lege bat, haren erabilera baizik. Hizkuntza bat dakienak erabiltzen ez duelako galtzen da.

Euskarazko Zinema

Donostiako Zinema Festibalean egin zuten bezala,  Gazte Abertzaleak-eko kideek, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVIII. Astea aprobetxatuz, berriro ekin zioten euskarazko zinemaren aldeko kanpainiari. “Kutxidazu bidea euskaraz” lelopean, euskararen aldeko orori egiten diote dei, bakaoitzak ahal duten heinean, gure hizkuntzan egindako zinemaren alde lan egiteko. Batzuk ekoizpena bultza dezakete; besteek, aldiz, bikoizketarengatik apostu gogorra egin dezakete, eta gelditzen den gizartearen eskuetan dago egindako filmak ikustera joatera. Euskarazko zinema euskararen normalizaioan aurrera egiteko ezinbesteko lanabesa da; halera bai ekoizpena zein bikoizketa ere oso baxua da.

021120071241.jpg

Kutxidazu bidea euskaraz

Donostiako Gazte Abertzaleak-ek, aurten ere, euskarazko zinemaren aldeko kanpaina martxan jarri du, Donostiako Zinemaldiaren 55. edizioa aprobetxatuz. Euskarazko zinema euskal kulturaren garapenerako ezinbesteko lanabesa dela ukaezina da baina, zoritxarrez, errealitatean euskaraz ekoiztutako zein euskarara bikoiztutako film eskaintza urria da. Read more »

WordPress Themes