Atala: Iritzia

M-8: Emakumeen Nazioarteko Eguna

Gaur emakumeen nazioarteko egunaren aldeko oihua luzatu nahi dugu Gazte Abertzaleak erakundetik.

Oraindik ere, bada jende asko bere buruari zera galdetzen dioena: Zergatik ospatu behar dugu martxoaren 8a? Benetan beharrezkoa al da egutegian egun bat bereziki emakumeei eskaintzea? Noiz da gizonen nazioarteko eguna? Azken galdera hau da, ziurrenik, erantzun sinpleena duena, egunero baita gizonen eguna.

Lehen galderari erantzunez, martxoaren 8a ospakizunetarako eguna baino, aldarrikapenak egiteko eguna dela azpimarratu behar dugu. Bere burua gizarte garatu, aurreratu eta demokratikotzat duen honetan, oraindik ere ezin baitugu eskubide eta aukera berdintasunaz hitz egin.

Bigarren galderari eutsiz, beharrezkoa al den martxoaren 8a? Hilabetez hilabete indarkeria matxistak hiltzen dituen emakumeen kopurua beldurgarria delako, soldatak parekoak ez direlako, etxeko lanen eta pertsonen zaintzaren zama emakumeengain dagoelako eta, azken finean, bi sexuek aukera eta eskubide berdintasunean jokatzen ez dutelako guztiz beharrezkoa da emakumeen nazioarteko eguna.

Emakumeek tradizioz gizonezkoenak izan diren eremuetara egin dute jauzi. Besteak beste, lan mundura irten dira soldata bat eskuratuz, independentzia ekonomikoa lortu eta etxeko diru-iturria izateko asmoz. Gizonak, aldiz, ez dira ohituraz emakumearenak izan diren esparruetan murgildu neurri berean, hau da, etxe barneko lanen arduran. Hori dela eta, emakumeek etxeko lanari eutsi eta lan merkatura irten direnez, zama bikoitza jaso dute bizkar gainean. Martxoaren 8a dugun egun honetan, desoreka horrekin amaitzeko borrokatu behar dugu.

Etorkizuna gazteok garela eta gizarte justuago bat lortzea geure esku dagoela esan ohi dute. Hori dela eta, GAtik egunetik egunera egingo dugu lan, gizon eta emakumeek eremu publikoan zein pribatuan duten parte hartzea orekatua izan dadin eta, batez ere, erantzukizunak eta zamak bi sexuen artean bana daitezen.

GA Usurlbilgo Alkartetxearen kontrako erasoaren aurrean

Gazte Abertzaleak bat egiten du Eusko Alkartasuna-rekin eta Usurbilgo Alkartetxeak jasotako erasoa sutsuki kondenatzen du.

Alderdi abertzaleak pensatzen du biolentzia ez dela inola ere bidea. Hitzak direla gure Herria aurrera aterako dutenak.

Sozietateen Gaindiko Zergaren inguruan

Sozietateen Gaineko Zerga oso tresna baliagarria da gure ekonomia sendotzeko eta ongizate soziala indartzeko. Zerga honek mota askotako sozietateei eragiten die, baina eztabaidan zentratzeko, jarduera ekonomikoa duten sozietateetaz arituko gara.
(SGZri buruzko informazio gehiago: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.net/r51-341/eu/contenidos/informacion/6901/eu_2316/eu_12216.html)

Sozietateen Gaineko Zerga arautzen duten neurriak, berritu eta eguneratu behar izaten dira testuinguru eta behar berriei egokitzeko. Eginkizun hori egokitu zitzaien iaz Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Batzar Nagusiei. Baina arau berriak onartzeko ez da adostasun nahikorik izan. Gertatu den zatiketa oso argia izan da: batean eskuineko alderdiek indarrak batu dituzte (PNV eta PP), eta bestean ezkerreko alderdiak kokatu dira. EA izan da guztien artean, eskuinetik kritika gehien jaso duena, alderdi eskuindarren arauak blokeatu dituelako. Baina zertan datza eztabaida? Read more »

A-6: GA Espainiar Konstituzioaren aurrean

Egutegian gorriz margotutako eguna dugu gaurkoa, festa bezala markatua. Eta hauxe da pentsarazi egin behar gaituena: festa. Zer ospatu behar dugu euskaldunok egun honetan? Galdera sinple hau euskaldun orok egin beharko genuke. Argi dago, espainiar nazionalistek egun hau ospatu egingo dutela, baina haiek ere galdera hau egin beharko lukete. Ospatzekorik ba ahal dute egun Konstituzioaren Egun honetan? Zaila da ulertzea, analisi demokratiko baten ikuspuntutik behintzat, espainiar nazionalista den euskaldun batek nola ospa dezakeen egun hau, Euskal Herrian Konstituzioa onartua izan ez bazen.

Badakigu, Baiezkoak Ezezkoaren aurretik gelditu zela. Halere, badakigu zer zentzu izan zuen abstentzioak, batzuk ahazten saiatzen diren arren. Segur aski, garaiko abertzaleek uste izan zuten Espaniar Konstituzioa ez zela haien ardurakoa eta abstentzioaren balantza jokatu zuten. Egia esan, praktikan estatu espainiarrak izan duen defizit demokratikoa ikusita, Ezezkoaren balantza jokatua ere, gutxirako balioko zuen.

Kuriosoa da nola indar espainolak gaur bezalako egun bat ospatzen duten, edota urriaren 12ko festa, edota estatua osatzen duten autonomi erkidego ezberdinen festak, Kataluniako I-12 barru; baina ez ditugu ikusiko Pazko-egun batean, Ikurrina eskuan harturik, EAEko festa ofizialaren egunean zerbait ospatzen. Euskaldunen aurkako fobia nabaria da.

Atzerrira unibertsitate-eskolak ematera doan politikari bat parafraseatuz, babes oso pobre bat jaso zuen Konstituzio hori ez diezagutela inposatu, ezta ere haien espainiaritatea eta ez diezagutela uka nahi dugun hura izatea, ezta Euskal Herriko Konstituzioaren eguna ospatzea ere.

A-3: Euskararen Nazioarteko Eguna 2007

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Euskal Herriaren kulturaren eta euskaldunon nortasunaren erakusle den hizkuntzaren egoera aztertzerakoan, argi-ilunak ikus daitezke. Euskara ofiziala izateak esparru instituzionalean bere erabilera bermatu eta hiztunei hizkuntza-eskubideak aitortzen dizkie, baina lurraldez lurralde euskarak jasotzen duen legezko babesa oso ezberdina da. Iparraldean euskararen ofizialtasuna aitortzeko dago oraindik. Nafarroan Euskararen Legea egon badagoen arren, egoera orokorra kaskarra da, legediak lurraldea hizkuntza eskubideen arabera zatitu eta eremu erdaldunean euskararen ofizialtasuna ukatu egiten duelako.

Euskal Autonomia Erkidegoan Euskararen erabilerarako eta normalizaziorako 10/1982 Legeak (Euskararen Legea deiturikoak) arautzen du euskararen erregimen juridikoa. Carlos Garaikoetxearen gobernuak bultzatutako eta talde politiko guztien babesa jaso zuen Legea aurrerapen handia izan zen zalantzarik gabe, euskarari, gaztelaniarekin batera, ofizialtasuna aitortu eta legezko babesa eman baitzion. Hala eta guztiz ere, EAEko Euskararen Legean hutsuneak daude. Araudian eskubideak ongi formulaturik dauden arren, eskubideak ez dira praktikan ondo erabili. Hau da, gaztelaniaren eta euskararen arteko berdintasuna formala da, baina ez da berdintasun erreala izatera heldu. Legearen aplikazioan gabezia handiak egon arren, legea oraindik ere baliagarria da, hain justu, eskaintzen dituen baliabide guztiak oraindik martxan jarri ez direlako eta, beraz, helburu orokorrak betetzeko daudelako.

Argi izan behar da arauek ezin dutela besterik gabe errealitatea aldatu eta, horregatik, lege-testuetan idatziz ezartzen diren xedeak ez direla beti berehalakoan gauzatzen. Legediak helburuak lortzeko tresna besterik ez dira, euskararen normalizaziorako bidean lagungarri diren bitartekoak.

EAEko Euskararen Legeak 25 urte bete berri ditu eta iaz Nafarroako Euskararen Legearen 20. urteurrena izan zen. Iparraldean, berriz, ezin urteurrenik ospatu.

Euskal Herriko eremu batzuetan euskarari ofizialtasuna aitortzearen ondorioz, herritarrei hizkuntza eskubideak onartu eta erakunde publikoei haien zaintzarako betebeharra eman zaie. Baina, edozein hizkuntzaren etorkizunaren bermea ez da lege bat, haren erabilera baizik. Hizkuntza bat dakienak erabiltzen ez duelako galtzen da.

“Blogak Zerotik” urte bat bete du. ZORIONAK!

Igande honetan, abenduak 2, urtemuga bat ospatu behar dugu. Blogak Zerotik ikastaroak urte bat bete du.

2006ko abenduan Galder Segurola-k, modu desinteresatuan, blogarien mundurako hastapenezko ikastaro bat egin zuen; Aberrigintzan Kultur Elkarteak, aldiz, ikastaroa eta web orrialdeen hosting-a subentzionatu zituen. Gerora, Galderrek, azalpenak bere blogean eskegi zituen. (Ikastaroa ikusteko sakatu hemen).

Web orrialde hau egiteko Blogak Zerotik “eskuliburua” erabili izan dugu, eta oso baliagarria suertatu zaigu, horregatik zoriondu nahi dugu ikastaroa. Bihotzez, MILA ESKER.

Bestalde, aipatu nahi dugu ikastaroa euskarara itzultzen ari garela eta laster euskarako bertsioaz baliatu ahalko zaretela zuen bloga egiteko. Gazte Abertzaleak-etik blog bat egitera animatzen zaituztegu –Softaware askean, noski–.

blogs_desde_cero.jpg

A-25: Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna

1999. urtean Nazio Batuen Batzar Orokorrak azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna izatea erabaki zuten. Zortzi urte pasa dira egun hartatik, eta urte honetan, 2007an ikuskizun desatsegin bat ikusten dugu. Ez ditugu datuak aipatu nahi, emakume bakar baten kontra izandako bortizkeria nahikoa delako errealitate desegoki hau salatzeko.

Egunetik egunera tratu txarrak –ez bakarrik fisikoak, hitzezkoak, sexualak, psikologikoak eta lanekoak ere– pairatzen dituztenen kantitatea handitu egiten da. Tratu txar hauek, noski, ez dira emakume helduetan bakarrik gertatzen, bizitzaren edozein momentutan jasan daitezke. Eta isiltasunak ez du, inola ere, laguntzen.

Erakundeek egoera hau konpontzeko erabaki eraginkorragoak hartu beharko lituzkete. Halere, azpimarratu behar da, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako neurriak ez dituela bakarrik Estatuak ezarri behar. Guztion betebeharra da besteen osotasun fisiko eta mentala bermatzea. Beraz, Estatua osatzen duten maila ezberdinetan neurriak hartu behar dira –Erakunde, gizarte, ONG, etab.-

Gizaki guztien eskubide ezinbestekoari buruz jardun gara, bakean bizitzeko eskubideaz, hain zuzen ere. Horregatik, emakumeen aurkako erasoak gogor zigortu behar dira –aurretik aipaturiko printzipio edo eskubidea zuzenki urratuko litzatekeelako–. Are gehiago, Hezkuntza arazoaren konponbidearen zati izan behar da. Hezkuntza egokia, baloreei buruzko hezkuntza egokia arazo grabe hau konpontzeko giltzarri da.

Gizartea, hezkuntza bezala, ezin liteke arazoaren aurrean elementu pasibo bat izan. Alderantziz, konponbide izan behar da. Gizarte-isiltasun hori delako, hain zuzen, arazoa areagotzen duena.

Ez gaitezen isildu! Sala dezagun injustizia!

WordPress Themes