Eusko Alkartasunako gazte-taldeak gaur jakitera eman duen prentsa-ohar baten bidez zera adierazi du: “pozik dagoela bai EA-PNV/PNV-EA koalizioak, bai eta bakarrik aurkeztu garen udaletan Eusko Alkartasunak lortutako emaitzak ikusita”.

Erakunde independentistarentzat “Euskal Herriaren eskubide eta askatasunen aurka jasaten ari garen eraso-giro honetan, azken urteotan jasandakoa gaindituz gainera, Gazte Abertzaleak eta Eusko Alkartasunako ordezkari publikoak Batzar Nagusietan eta udaletan egoteak gure herriaren eskubideak defendatzeko lan zintzoa eta koherentea egingo dela ziurtatzen du”

Gazte Abertzaleak taldeak zera gehitu du: “pozgarria da nahiz eta hedabideetan errealitatearen desitxuratze-kanpaina izugarrizkoa egiten ari diren, euskal gizarteak itzelezko erantzuna eman du herriaren eskubideak eta askatasunak babestu dituzten, babesten dituzten eta babestuko dituzten aukera bakezale eta demokratikoen alde”.

Eusko Alkartasunako gazteek adierazi dutenez: “gogorarazi nahi dugu hauteskunde hauek demokraziarik gabeko egoeran egin direla; alde batetik bizitza normala bizi ezin duten eta askatasun osoz euren adierazpenak ezin egin dituzten herritar ugari dago gure herrian, ETAren indarkeriaren mehatxupean, eta bestetik joan zen igandean gure herrian dauden aukera politiko guztiei botoa emateko aukerarik izan ez duten herritarrak daude. Baina zailtasun-une eta demokraziarik gabeko garai hauetan demokraziaren garapenean sakontzeko ahalegina egin behar dugu, gure herriarentzako konponbideak aurkitzeko atsedenik hartu gabe lan eginez.”

Amaitzeko, prentsa-oharrak adierazten du: “Gazte Abertzaleak taldeak, erakunde errepublikarra, independentista, ezkertiarra eta ejertzito eta indarkeria mota guztien aurkakoa denez, bere esku dauden metodo eta tresna guztiak erabiliko ditu, baldin eta metodo eta tresna horiek bakezkoak eta guztiz demokratikoak badira, pertsona guztien giza eskubide guztiak errespetatzea lortzeko, inolako salbuespenik gabe, eta eskubide guztietan lehena abiapuntu izanik: bizitzeko eskubidea”.

Gaia: Euskal Herria


0 Erantzunak to “Gazte Abertzaleak-ek bere poza adierazten du, Maiatzaren 25eko hauteskundeetako emaitzak direla eta”

  1. Ez dago iruzkinik

Utzi erantzuna