Gazte Abertzaleak espainiar konstituzioaren urtemugan
Gazte Abertzaleak, Eusko Alkartasunaren gazte erakundeak, gogorarazi nahi du abenduaren 6a, espainiar konstituzioaren hogeita seigarren urtemuga ospatzen den egun hau, ez dela Euskal Herrian ospagarria izan daitekeen eguna. Gazte erakundearentzat, iraingarria da, Euskal Herria aitortzen ez zuelako euskaldunon gehiengoa kontra izan zuen konstituzio baten urtemuga ospatzea. Zentzu honetan gogoratu behar da, euskaldunen erdia baino gehiago abstentzioaren alde agertu zela eta bozkatu zutenen artean %10a baino gehiagok ezetza eman ziotela konstituzioari. Beraz, hogeita sei urte geroago, bukatu gabeko trantzisio baten ospakizuna da gaurkoa, gainera, hego Euskal Herriaren onarpena jaso ez zuena, gure aberriaren garapen burujabea ahalbidetzen ez zuelako. Hiru hamarkada geroago, Euskal Herriak bere geroa erabakitzeko duen eskubidea saihesten jarraitzen du espainiar estatuak. Zentzu honetan, GA-k, PSOEri deia egin nahi dio, orain gobernuan dagoen aldetik, behingoz urrats ausartak eman ditzan euskal gatazkaren konponketarako, elkarrizketaren bitartez bukaera izango duen prozesu demokratiko baten aldeko urratsak eman ditzan eta Euskal Herriaren gaineko ezetzen eta erasoen bidetik aterako den prozesu baten aldeko bidea hartu dezan. Irteera bat non euskal gizarteak demokratikoki bere geroa erabakitzeko eskubidea izango duen, autodeterminazio eskubidearen aitorpena beraz.
Hortaz, Gazte Abertzaleak gogorarazten du espainiar konstituzioaren eguna ospatuko ez duela, inposatutako jai eguna delako, euskal gizarteak berretsi ez zuen egun batean oinarria duelako eta espainiar estatuak behin eta berriro Euskal Herriaren nazio eskubideak ez aitortzeko erabiltzen duen aitzakia delako. Zentzu honetan, Gazte Abertzaleak, erakunde independentista bezala, konstituzio propio baten alde egiten du, Europan euskal errepublika independientea ahalbidetuko duena. Berdintasuna eta elkartasuna oinarri, garapen nazional, sozial eta kultural baten bermatzailea izango den konstituzioa.
Gaur bezalako egun batetan, Gazte Abertzaleak, bide batez, erakutsi nahi du konstituzio Europarren inguruko otsaileko erreferendumaren aurrean mantenduko duen ezetza. Espainiar konstituzioari egindako kritiken argumentu berdinak erabilita, gazte erakundeak, Europako konstituzioari ezetza eman beharra erakusten du. GA-rentzat kontraesana litzateke gaurko ospakizunen aurka agertzea, Euskal Herria aitortzen ez duen konstituzio baten aurrean gaudelako, eta otsailean baietza ematea. Beraz, GA-k, herritar abertzaleei ezetzaren alde egiteko eskatzen die otsaileko erreferendumean, konstituzio honek mugen mugiezintasunaren printzipioa ezartzen duelako, eskubide osoko Euskal Herria independientea ahalbidetzen ez duen printzipioa .

Gaia: Politika orokorra
Egilea: Gazte Abertzaleak
Komunikabidea: Prentsa Oharra/Nota de prensa
Ez dago iruzkinik
Oraindik ez dago iruzkinik.
Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. TrackBack URI


