Gazte Abertzaleetako arduradunek uko egin diote espainiar nortasun agiriari eta euskal naziotasuna aldarrikatu dute

Desobedientzia. Eusko Alkartasuneko gazteriako zuzendaritzako kideek NAk entregatu dituzte.

Espainiarrari uko egin eta euskal naziotasuna aldarrikatu zuten Gazte Abertzaleek (GA) atzo Bilbon. Eusko Alkartasunak hiribilduan duen egoitzan eginiko ekitaldi sinboliko batean, GAko zuzendaritzako hamabi arduradunek beren nortasun agiriak entregatu zituzten, desobedientzia ekintza gisa.

Nortasun agiriak gutunazal batean sartu zituzten, ukazio sinbolo gisa, eta etzi Ezpeletan egingo den desobedientzia zibilaren aldeko ekitaldiarekin bat egingo dutela iragarri zuen Andoni Iturzaeta GAko idazkari nagusiak. «Gure espainiar agiriak emango dizkiegu, egoki deritzotena egin dezaten», esan zuen.

Desobedientziari aldarrikapenerako eta egoerak aldatzeko tresna baketsu eta demokratikoa iritzi zion Iturzaetak. Bere hitzetan, «ETAren indarkeriak ez du inolako justifikaziorik Euskal Herriko gatazka nazionalean».

Eusko Alkartasuneko gazte erakundeko eledunak euskal naziotasuna aitortzeko askatasuna aldarrikatu zuen, «herri honetako zati handi batek euskalduntzat duelako bere burua, eta ez espainiartzat». Euskal Herrian inposatuta dagoen bakarra espainiar naziotasun agiria dela gogorarazi zuen Iturzaetak, «nahiz Savaterrek eta enparauek kontrakoa sinetsarazi nahi duten».

Irailaren 27ko proposamenean esandakoa gogoratuz, Ibarretxe lehendakariari euskal naziotasuna aitortzeko prozesua «azkartu eta gauzatu» dadin eskatu zioten EAko gazteek: «Batzuek hala nahi ez arren, hemen nazio izaera aitortu behar zaion herri bat dago».

H. Unzueta/BILBO

Gaia: Euskal Herria

Egilea: Medio/Komunikabidea

Komunikabidea: Euskaldunon Egunkaria

Ez dago iruzkinik

Oraindik ez dago iruzkinik.

Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. TrackBack URI

Iruzkina idatzi

WordPress Themes