Gaztaroa garai berezia izaten da pertsonon bizitzan, garai honetan gure etorkizuna markatuko duten hainbat aldaketa eta gertaera ematen baitira. Gazte bakoitzak bere ohiturak, pentsamoldeak eta bizimodua izango ditu eta pixkanaka garai honetatik abiatuta, bere nortasuna, balioak, harremanei buruzko ikuspegia eta jokabide ereduak finkatzen joango da.

Ezin uka dezakegu beraz, garai honek berebiziko garrantzia duela, betidanik gazteria, aldaketa, iraultza eta eraldaketarekin lotu izan baita. Gazteek badugu berezko indar bat jendarte joera eta dinamika berriak sortzeko. Euskal Herrian milaka gara bizi eredu berrien alde eta gazteei egokitzen zaigun errealitate gordinaren iraulketarako borroka lanetan, eta gaurko egunean emakumeon indarkeriaren kontrako gure konpromisoa adierazi nahi dugu.

Urgentziazko eta larritasun handiko arazo honen aurrean eta Azaroak 25, emakumearenganako indarkeriaren aurkako eguna hurbiltzen ari den honetan, gazte mugimenduko eragile ezberdinek Euskal herriko Bilgune Feministarekin elkarlanean, emakumeon indarkeria eta orokorrean sufritzen dugun diskriminazioaren kontra lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, gazteak egoera honi aurre egiteko beharrezkoak dituzten tresnak mahai gaineratzeko. Honekin batera datozen egunotan Euskal Herriko bai ikastetxe eta unibertsitateetan egingo diren mobilizazio guztietan eta mugimendu feministak egun horretarako deituak dauzkan mobilizazio guztietan parte hartzera gonbidatu nahi dugu euskal gazteria.

Prentsa aurrekoaren irudia

Gaia: Giza eskubideak

Egilea: Gazte Abertzaleak

Komunikabidea: Prentsa aurrekoa


0 Erantzunak to “Gazteak ere emakumeon indarkeriaren kontra”

  1. Ez dago iruzkinik

Utzi erantzuna