Hegoamerika
Ezkerraren eta eskuinaren arteko debatea antzua omen da gaur egun, liberalismoaren bozgorailu funtzioa betetzen duten hainbat intelektualentzat. Ezkerra ez omen da gai liberalismoaren alternatiba izateko, eta, ondorioz, liberalismoaren proiektu ekonomiko, politiko eta soziala gailendu da definitiboki munduan zehar.
Munduan dauden errealitate desberdinetan klase zapalduek dituzten beharren lorpenerako eskaini ditzakeen baliabideen eraginean datza, nire aburuz, ezkerrak al-ternatiba izateko duen ahalmenaren funtsa, ezinbesteko duelarik gizarte bakoitzaren errealitatera egokitzea eta eztabaida dialektiko sakonetan galdu gabe botere politikoko tresna bilakatzea. Botere politikoa izatearen komenigarritasunaz ezkerraren baitan adostasunik ez badago ere, eta, era berean, botere politiko hori lortzeko modu eraginkorrenaren debate sakon eta historikoa amaigabea bada ere, Hegoamerikan gertaturiko bi adibide erakusgarri izan behar dira, zeren eta, Brasilen eta Venezuelan gertaturikoa gauza argi baten froga baino ez da: Hegoamerikako gehiengo zabal batek pairatzen duen miseria larria ezkerreko alternatiba eraikitzeko abiapuntua izango da, baldin eta estatu bakoitzaren ezkerreko mugimenduak gai badira populazioaren funtsezko beharrak aseko dituen alternatiba erreal bat eraikitzeko.
Milioika brasildarrek, Lulari sostengua emanda, politikak eskaintzen dituen tresnak ezkerreko mugimendu baten eskuetan jarri dituzte. Politikan duten fedea ez da handia izanen, baina, halere, konfiantza eman diote politika gizartearen zerbitzura jarriko duen proiektu sinesgarri bati: helburu politiko nagusitzat lau urte barru brasildar bakoitzak gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko aukera izan dezan bermatzea da PTren nahia. Eta sinesgarritasuna urteen poderioz Brasilgo sare sozialean txertatuta egonik irabazi badu ere, botere politikoaren erabilera zuzenak sinesgarritasun hori areagotuko eta ezkerrak Brasilen eskain dezakeen alternatiba indartuko du, besteak beste, kaltetuenen aldeko epe laburreko erabakiak hartuz. Adierazgarria «menino da rua» batek zioena: «Lula dagoenetik behintzat, Poliziak ez nau jipoitzen».
Venezuela da beste adibide bat. Sakonagoa litzateke chavismoa azaltzea, baina azken asteetan ikusgai izan ditugun kale istiluetan, hedabideek ezin izan dute errealitate bat ezkutatu: Chavezen aldekoek «barrio popular»-etan zuten bizilekua. Ospatzeke dagoen erreferendumak konfirmatuko du Venezuelan okerren bizi direnen hautua.
“Manifestu komunista” kaleratu eta gero, Marxek zioen mamu bat zabaltzen ari zela Europan. Mamua bizirik dago eta hedakuntza fasean gainera. Oraingoz, Hegoamerikan. -
Gaia: Globalizazioa
Egilea: Martin Aranburu
Komunikabidea: Gara
Ez dago iruzkinik
Oraindik ez dago iruzkinik.
Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. TrackBack URI


