Igelaren historia
Egun batez, Igelen arteko lasterketa bat antolatu zen. Helburua, dorre baten gainera ailatzea zen. Jende asko hurbildu zen lasterketa ikustera, haien oihuen bidez lasterkariak animatzea eta ikuskizun hortaz gozatzea. Lasterketa hasi zen. Bainan ikusleek ez zutenez uste igel lasterkariak dorrearen puntara ailatzen ahalko zirenik, lasterketaren inguruan gehien entzuten zena hau zen: Zoin pena! Igel horiek ezingo dira bururaino ailatu… ez dute lortuko….. Igelak etsitzen hasi ziren. Bainan haietako batek, dorrearen puntari buruz joaiten segitzen zuen. Jendeak gauza bera erraiten segitzen zuen: Zoin pena! Zuek ez duzue lortuko!. Eta igelak morala galtzen ari ziren, eta ez zuten helburua lortzea gehiago entseiatzen. Soilik aitzineko igel horrek segitzen zuen, eta geroz eta indar gehiagorekin. Lehiaketaren bukaeraruntz, denek abandonatu zuten igel horrek izan ezik. Kurioski denen pesimismoaren aitzinean, aitzina segitu zuen, eta tontorreraino iritsi ahal izan zen bere indar guziak baliatuz. Besteek, nahi izan zuten jakin nolaz erreusitu zuen. Igel bat hori bera galdetzera joan zitzaion garaileari. Eta zertaz ohartu ziren?… elkorra zela!
Gure inguruan ere, historia hortan bezala, giro ezkor batek inguratzen gaitu usu, gure ametsak bete nahi ditugularik. Giro horrek gaitu askotan gure helburua lortzea eragozten. Amets eta helburuak bururaino eraman nahi baditugu, giro hortarik bereizi behar gira, historiako igel garailea bezala. Ez dezagun sinets gure ametsak ezin direla bete. Dena eman dezagun haiek betetzeko.
Heldu den aste buruan, Baionan, ameslari anitz bilduko da Foro Sozialaren kari, mundu hobe bat egin nahian. Dudarik ez, gizartearen gehiengo bati, politak iduritzen zaizkigu ameslari hauek eraiki nahi duten mundu berri hori, bainan horrekin loturik diren hainbat helburu ezinezkoak direla errepikatzen daukute, eta azkenean, gehienek abandonatzen dugu.
Asteburu berean, beste ameslari batzu, mundu hobe batean sinesten duten gazte batzu, bilduko dira ere bai, Biarritzeko Gazteen Aterpean. Leku hortan du bai Gazte Abertzaleak erakundeak ospatuko haren VII. Kongresua, Geroa Gurea lelopean. Leloa ona da. Igel elkorrak bezala, hori egiaztatuko dela sinesten badugu, ezkortasuna baztertuz, leloak erran bezala geroa gurea izanen da, eta orduan, mundu hobe bat eraikitzen segitzen ahalko dugu eraginkortasun handiagoarekin.
Gaia: Euskal Herria
Egilea: Haritza Camblong
Komunikabidea: Le Journal du Pays Basque
Ez dago iruzkinik
Oraindik ez dago iruzkinik.
Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. TrackBack URI





