Javier Caño gogoan
Alderdi baten historia urteak pasatuta eraikitzen da, baina hori eraikitzeko pertsonak beharrezkoak dira, azken batean bakoitzaren nortasuna, lana, eraikin horren funtsezko zutabeak baitira.
Eusko Alkartasuna alderdiaren 23 urteetan, funtsezkoak izan diren pertsona asko pasatu dira, bakoitzak bere aztarna utzita, baina gutxik aberastu dute hainbeste Eusko Alkartasunak 1986an hasitako bidea. Garaikoetxea lehendakariarekin, lehen Eusko Jaurlaritzan parte hartu zuen Javier Cañok, benetan urte zailetan. EA sortu zenean, ez zuen inongo zalantzarik izan, eta Gazte Abertzaleetatik urteak pasatuta asko baloratzen dugu egin zuen konbentzimenduzko lana.
Gazteok gure bizian zehar erreferenteak behar ditugu, eta, batez ere, XXI. mende honetan, zeinetan, erreferenteen galera handia izan dugun. Eskertzekoa da oso Cañok gure formakuntzagatik izan duen kezka, jakinda gazteok garela herri honetako etorkizuna eta balio erantsia.
Caño, ordea, pertsona bera, erreferente argia zen, eta guk argi dugu hark zabaldutako bidea jarraitu behar dugula. Euskal Herriko gazteriak ez ditu inoiz ahantzi behar gu gizarte aske eta solidario batean bizitzeko lan egin duten horiek, eta gure oroimenean gelditu behar dira beraiek erakutsitako leialtasuna, zintzotasuna, argitasuna eta dedikazioa.
Izan zirelako, gara, eta, garelako, izango dira. Goian bego Javier Caño.
Maider Carrere eta Haritz Perez


