Nortzuk Gara?

Gazte Abertzaleak (GA) Euskal Herriaren askapen nazionalaren eta justizia sozialaren lorpenerako lan egiten duen gazte talde eraldatzailea da.

Zer nahi dugu?

7 lurraldeetan hedaturik gure iharduera eta zeregina gure osotasun ideologikoa funtsatzen duten bi proiektu osagarriak gorpuztea izanen da; hots, proiektu nazionala zein proiektu soziala. Izan ere jakin badakigu hauen egikaritza izango dela aipaturiko jomugetara gerturatuko gaituzten elementuak.

Gure abertzaletasunak eta ondorioz gure proiektu nazionalak, funtsezko hiru zutabe edo oinarri ditu:


Subirotasuna
: “Inor ez zapaltzeko gogoa, zapalduak ez izatekoa”; gainontzeko herriekin berdintasun maila batetan garatuko den Zuzenbidezko Euskal Errepublika Soziala gauzatzea dugu helburu. Euskal Herriko gizon emakume guztien nahia eta erabakia izan behar da Aturri eta Ebroren arteko, Pirineoen magaleko lurralde honek izango duen etorkizuna definituko duena.

Lurraldetasuna: gaur egungo zatiketa latz eta artifizialak herri zahar honen hedapen historiko eta kulturala zapuztea du helburu. Euskal Herria, hots, zazpi lurraldeetan zabalduriko herri euskalduna birbateratzea dugu helburu gure nazio zahar honi zor zaion errespetu eta aitorpena bideratuz.

Euskara / Kultura: gure hedapena eta izatea hobekien erakusten duten elementu hauek pairatzen dituzten eraso jarraiei aurre egin behar diegu. Elkarbizitza bermatzeko nahita nahiezkoa da gizartea eta marko politikoa justizia printzipioak aintzat harturik eraikitzea; horrek gaur eta hemen zera essan nahi du: elebitasuna bermatuko duen ofizialtasuna eta derrigortasuna ezartzea lurralde osoan.

Baina esan bezala eraikuntza nazionala eraikuntza sozialaren eskutik helduta joan behar duela pentsatzen dugu eta horretarako gureak egiten ditugu “ezker gaztea” bezela definitzen dugunaren printzipioak, Justizia Soziala gauzatzen lagunduko gaituzten printzipioak alegia: gizakien arteko berdintasuna, ingurugiroa eta garapen sustengarria, adierazpen eta pentsamendu askatasuna, lanpostu duina, etxebizitza eskuragarriak, antimilitarismo sendo eta sakona, sexu aukera askatasuna, drogekiko hezkuntza, informazio eta legalizazioa, herrien arteko elkartasuna, demokrazia erreala…eta antiglobalizazioa. Izan ere ezin onar dezakegu sistema kapitalista gordinenaren globalizatze prozesua. Ipar eta hegoaren arteko zatiketa, eskubide sozialen urraketa, printzipio demokratikoen murriztea… guzti honen salaketa eta proposamen berrien jorratzea da gazte abertzale eta ezkertiarrak biltzen dituen talde honen beste ardura garrantzitsuetako bat.

Zer proposatzen dugu?

Dinamika suntsigarrietatik eta bortsa estrategietatik urrun ideien gizarteratzea dugu helburu euskal gizartearen gehiengoa gurekin bat egin bitartean. Izan ere bortsak, etikoki onartezina izateaz gain, ezin irabazi dezakegun bi Estatu boteretsuen kontrako gerra dinamika batetara baino ez garamatza.

Desobedientzia zibila aldarrikatzen dugu askapen nazional zein sozialerako zilegizko bide bezala.

Tamalez ez da lan erraza; astintzen gaituen gatazkak indiferentzia eta pasibitatea eragiten du gazte askorengan.

Gazte abertzale eta ezkertiarrei dei egin nahi diegu, herri zahar honen eraikuntza sozial eta nazionalari eutsi nahi dioten gazteei, alternatiba erreal bat jorratu nahi badugu indarrak batzea beharrezkoa zaigulako.

WordPress Themes