Palestina (eta II)

Gaur hamabost konplexutasun politikoaz idatzi nuenez, gaurkoan egoera ekonomikoaz eta konplexutasun sozialaz aritu nahi dut.

Egoera ekonomikoa desberdina da oso palestinarren eta israeldarren artean. Lehendabizikoek nazioarteko laguntzaren premia larria dute, Israelek lurralde autonomoen garapen ekonomikorako oztopo asko jartzen baititu. Hala nola, nekazaritza lurren konfiskazioa, ur iturrien gaineko kontrola, barne merkataritza oztopatzen duen lurren sakabanaketa, esportaziorako muga administratiboak edo lehengaien eta jarduera industrialerako makinariaren inportazioaren gainkostua ez dira edozein ekonomia garatzeko baldintza onenak. Halere, Sharon-en gobernuak palestinar Estatuaren bideragarritasun ekonomikoa ukatzen badu ere, Israelgo herriak bestelako jarrera hartzen du, izan ere, palestinarrek egiten dituzten merkataritza trukeen % 80 juduekin egiten baitituzte.

Israelgo estatua jaio zenetik kooperatibismoa izan da ekonomiaren ezaugarri garrantzitsuena. Ezer ez zuten milaka etorkinen bizi baldintza gutxienekoak ziurtatzea izan da urte askotan Israelgo gobernuaren helburu garrantzitsuenetarikoa, helburu horren lorpenerako diseinatu zutelarik laguntza soziala bermatuko zuen planifikazio ekonomikoa. Horretarako adibidez egitura sozialista zuten baserri kolektiboak eratu zituzten (Kibboutz-ak) eta historikoki langileen gehiengoa bildu duen sindikatu erraldoia: Histadrout. 1977az geroztik eskuineko Likoud alderdia izan da maiz boterean, eskuineko politika ekonomikoak martxan jarriz. Halere, gaur egun lurren % 90 estatuarena da oraindik, eta hiru israeldarretik batek egiten du lan sektore publikoan.

Egoera sozialak badu zer azpimarratua. Juduak erabat zatituta daude, eta arerio komuna arabiarra izatea da biltzen dituen elementu bakarra. Lur haietan jatorria duten juduen ondorengoak, sefaradeak, diskriminatuak daude erabat eta judutarren hierarkia sozialean maila baxuena betetzen dute. Sefarade eta askenaze-en arteko banaketa sozial honi, etorkin komunitateen arteko liskarrak gehitu behar zaizkio. Desberdintasun sozial handiak daude gaur egun, ez soilik arabiar eta juduen artean, baita populazio juduaren baitan ere. Ezin da gizarte bateratuaz hitz egin, komunitate judua eta arabiarra zeharo banatuta baitaude, baina askoz ere nabarmenagoa da juduen arteko desberdintasun soziala.

Artikulu honekin eta gaur hamabost argitaratutakoarekin, Israel eta Palestinako gatazka politikoaren beste ikuspegi bat eskaini nahi izan dut, izan ere, ez dut uste komenigarria denik bertan gertatzen ari denaren inguruko iritzia hedabideek eskainitako dogmetan oinarritzea.

Gaia: Internazionala

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

Ez dago iruzkinik

Oraindik ez dago iruzkinik.

Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. TrackBack URI

Iruzkina idatzi

WordPress Themes