Mende hasieratik Palestinako lur eremuan arabiarrek eta juduek pairatzen duten gatazka politikoak une gozo eta gaziak bizi izan ditu beti. Gaziak gehienetan; une gozo batzuetara ginen ohituak 1993an Oslon izandako elkarrizketak zirela medio. 1987ko lehenengo Intifada errepikatu egin zen iaz, eta alde baten zein bestearen erasoak bistan ditugu berriz ere egunero. Desinformazioa nagusi denez, esfortzu bat egin nahi dut irakurleari azterketa elementu gehiago eskaintzeko.

Aberastasun politikoaz hitz eginez, bi judu egonik hiru iritzi daudela dioen topikoa egi bihurtzen da. Izugarrizko aberastasun politikoa dago bertan. Debatea ez da Estatu palestinarraren ingurukoa soilik. Horretaz gain bi dira eguneroko errealitate politikoaren ardatzak: estatuaren parte-hartzea edo liberalizazioa eta es- tatuaren erlijioarekiko lotura.

Palestinan bi talde marxista-leninista daude (FPLP eta FDLP), Palestinar Nazional Osasuneko Fronteak FPLPren bi eszisio, Abou Nibal, Saika eta Fatheko kide batzuk biltzen ditu, inspirazio komunistako beste alderdi bat ere bada, Fath (Arafaten alderdia) eta azkenik Hamas. Alde juduan anitzagoa da eskaintza: alderdi ezkertiarren artean koka genitzake Alderdi Laborista, Erdiko Alderdia, sindikalistak biltzen dituen Herri alderdia, rabinoen eraginaren aurkako Shinoui (aldaketa) alderdia, Alderdi Komunista (juduak eta arabiarrak biltzen dituen alderdi bakarra), Balad alderdi arabiarra, Mugimendu Islamista, eta soldadu bakezaleak biltzen dituen Bakearen aldeko mugimendua azkenik. Eskuinean Sharonen Likoud, bi alderdi errusiar eta arabiar guztien kanporatzea defendatzen duten Tehiya (berriz jaiotzea) eta Moledet (aberria) alderdiak daude.

Azkenik, alderdi erlijiosoak daude: Shas (Israelgo hirugarrena, ekialdeko ultra-ortodoxoak biltzen ditu), Yahdout Hatorah (Torahko judu batuak) eskuin anexionistarekin bat egiten ohi du, Deguel Hatorah (Shasen ez dauden rabinoek osatzen dute), Mafdal (Osloko akordioen aurkako alderdi sionista) eta Fedearen Blokea (kolonoen ordezkaria).

Aberastasun hau kontuan hartuta, bake prozesu onuragarri baterako beharrezkoa den alde-bikotasuna lortzeko zailtasunez jabetzea erraza da. Hortaz, Sharonek zein Arafatek oso zail dute juduen edo arabiarren iritzia ordezkatzea edo aldaketekiko kontsensu minimoa lortzea. Europako hedabide gehienek esplikatzen diguten ikuspuntua ez da guztiz zuzena, beraz: akordio eza ez da Sharon eta Arafaten artekoa bakarrik, eta ondorioz konponbidea ez datza bi gizon horien elkar ulertzean. Kontzeptu erratu asko esplikatzen dizkigute, ezinbestekoetako bat hori izanik.

Bigarren artikulu baterako utzi dut aberastasun politiko horrek gizartean duen isla. Ezezaguna baina miresgarria baita.

Gaia: Internazionala

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara


0 Erantzunak to “Palestina (I)”

  1. Ez dago iruzkinik

Utzi erantzuna