Manifestua:
2004ko ekainaren 28ko adierazpena.
Bilbo
Gaur ekainaren hogeita zortzia da eta gaur, plaza honetan, gure orientazioagatik, gure desioengatik edo gure jardueragatik baztertuta gauden guztiok bat egin nahi izan dugu. Gaur, gure garrasiak bildu nahi izan ditugu aniztasunezko ortzadar bat sortzeko. Gaur, elkarrekin, gure ikusgarritasunaren pankarta hartu dugu gizarte berri eta aske baten eraikuntzaren alde.
Askotarikoak gara eta aniztasunean agertzen gara. Ez dago isiltasuna inposatzeko arrazoirik, ezta ere, beldurra edo gezurra justifikatuko duenik ere. Gure bizimodua arau estuei lotzea, gure eskubideak lasaitasunaren truke merke saltzea eta gure desio sotilak aurreiritziz mozorrotzea mesprezatzen dugula aldarrikatu nahi dugu.
Gure ikurrek ilunpean dagoena argitara ekarri nahi dute, itzalpeko eta ilunpeko oro argitara atera. Gizarte hipokrita honek bere baitan dagoena ezkutatu nahi du, bere burua zuri, seronegatibo, patriarkal, kapitalista, heterosexista eta konbentzional bezala azaldu. Baina gu ez gaude maskarada hori onartzeko prest.
Gure ikurrak hemen bildutakoak bezain askotariko dira. Aho biko aizkora bikoitzak, hiruki arrosak eta beltzak, hartzen oinatzak,… Ez gara soilik lesbianak, gayak, transexualak eta bisexualak, beste gauza asko ere bagara: emakume feministak, txaperoak eta prostitutak, agiririk gabeko etorkinak, HIESak jotakoak, familia homoparentalak, eskubide osodun internazionalistak, ezinduak, larruzaleak, ilezaleak, lodizaleak,… laburbilduz, askatasuntzale eta plazertzaleak.
Gure begiak, urtero bezala gaurkoan ere, hurkoa kalean, ohean, tabernan naiz kale-kantoian errespetatzearen aldeko defentsa sutsu eta gordinaren isla izango dira. Urtero bezala Stonewall Inn-en gure askatasunaren sua piztu zela ospatuko dugu, barrutik daramagun sua askatu zuen sua. Baina arranguratuta gogoratuko dugu, oraindik ere, torturaren eta heriotzaren hatzaparretan harrapatuta jarraitzen duten gizonak eta emakumeak ere badaudela; beraien izate soilagatik, izan direlako eta izaten bizi nahi dutelako; desiratzeagatik eta desiratzen bizi nahi dutelako; sentitzeagatik eta sentitzen bizi nahi dutelako. Gure justizia nahietan zaudete.
Ereserki honekin ikusgarri bihurtu nahi izan dugu begiratze soilarekin ikus daitekeena: alegia, askotarikoak garela, aniztasunean erditzen garela eta geure buruaren mugak gainditzeko prest gaudela. Jakin dezatela denek.
ANITZAK GARA!!!
Gaia: Giza eskubideak
0 Erantzunak to “SEXU ASKAPENAREN NAZIOARTEKO EGUNA”
Itxaron mesedez
Utzi erantzuna