Zorionak UPV-EHU

Erakundeen funtzionamendua ez da beti nahi genukeen bezalakoa. Administrazioek, erritmo geldoan lan egiteaz gain, askotan bidegabekeria asko egiten dituzte, funtzionamendu desegokiaren ondorioz maiz, eta bestelako aldagaiak kontuan hartzen direlako beste askotan. EHUn antzerako kasu bat izan da Francisco Letamendia eta Edurne Uriarte irakasleen arteko lehia dela eta.

Unibertsitateko irakasle ororen zilegizko helburua da katedra lortzea; azken finean, urteetan zehar egindako azterketa, ikerketa eta irakaskuntza lana saritzeko modu bat baita. Helburu horrekin, Edurne Uriartek eta Francisco Letamendiak beren burua aurkeztu zuten Unibertsitatearen hauta probetara. Horrelako kasuetan erabili ohi den prozedimenduari jarraiki, irakasle bakoitzaren merituak aztertuko zituen epaimahai bat eratu zen; beronen bi kide Unibertsitateak zuzenean hautatuta eta beste bi kideak zozketa bidez. Epaimahai honen aburuz, Letamendia irakasleak ez zituen biltzen bigarren probara pasatzeko behar adina meritu. Hala eta guztiz ere, Letamendiaren eskubidea zen epaimahai horrekin bat ez etortzea eta ondorioz zegokion erakundeari, erreklamazio batzordeari alegia, helegitea aurkeztea. Batzorde horren iritziz, Letamendia jaunak aurkeztutako hamabost alegazioetatik bakarra zen kontuan hartzekoa, bertan esaten zena zuzena baitzen: hain zuzen, epaitegiak emandako erantzunaren arrazoiak garatu gabeak zirela eta bertan emandako azalpenetan sakontasun gehiago behar zela. Horren ondorioz, epaitegiaren epaia baliogabetu egin zuten eta Letamendia jaunak katedra eskuratzeko aukera izaten jarraitzen du.

Erraklamazio batzordearen erabakia publiko egin zenetik, sektore politiko zehatz batzuen kritikak plazaratu dira eta Unibetsitatearen eta bere ordezkari gorena den erre- ktorearen aurkako erasoak barra-barra izan ditugu. Ukaezina da kritikek ez dutela curriculumean edo irakaskuntza proiektuan oinarrituriko motibazio akademikorik, erabateko motibazio politikoak izan baitira. Hori dela eta, egokitzat jotzen dut Unibertsitatearen eta bere ordezkarien aldeko postura hartzea. Hain zuzen ere, erreklamazio batzordeko kide bakoitza gai izan zen norberaren iritzi politikoak eta Letamendiari arrazoia emango liokeen epai batek sortuko zituzkeen kritika piloaren beldurra alde batera uzteko, objektibotasunezko arrazoi akademikoetan oinarrituz batzordekide denek aho batez epai berdina hartu baitzuten: Letamendia jaunari arrazoia eman zioten. Batzordearen objektibotasunaz gain, Unibertsitate ordezkariak ere txalotu nahi nituzke batzordearen alde agertu izanagatik.

Denen helburua izan beharko luke kalitatezko Unibertsitate despolitizatu bat lortzeak. Norabide horretan aurrerapausoa izan da, nire ustez, batzordearen erabakia. Zorionak.

Gaia: Hezkuntza

Egilea: Martin Aranburu

Komunikabidea: Gara

Ez dago iruzkinik

Oraindik ez dago iruzkinik.

Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. TrackBack URI

Iruzkina idatzi

WordPress Themes